Eusko Jaurlaritzak salatu du bart gauean 11 polizia zauritu dituztela

Segurtasun Sailaren arabera, Gasteizen, Eibarren eta Arrasaten egindako esku hartze batzuetan zauritu dituzte ertzainak eta udaltzainak. Horien ondorioz, hamalau lagun atxilotu eta beste hainbat identifikatu dituzte.

Ertzain talde bat Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Ertzain talde bat Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Paulo Ostolaza.
2026ko abuztuaren 9a
19:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Jaurlaritzak «Ertzaintzaren aurkako erasoak» salatu ditu beste behin ere: Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, bart gauean bederatzi ertzain eta bi udaltzain zauritu dituzte Gasteizen, Eibarren eta Arrasaten (Gipuzkoa) egindako esku hartze batzuetan. Horien ondorioz hamalau lagun atxilotu dituzte, eta beste hainbat identifikatu. Jaurlaritzak gertakariok gaitzetsi ditu, eta kezka agertu du «gutxiengo batentzat» jai giroa «errespetu falta izateko, bizikidetza aldatzeko eta indarkeria erabiltzeko aitzakia bihurtzen delako, hain zuzen ere, segurtasuna eta bizikidetza bermatzen saiatzen direnen aurka».

Segurtasun Sailak gertakarien inguruko xehetasunak eman ditu, banan-banan. Lehen gertakaria, zauritu eta atxilotu gehien eragin dituena, Eibarrekoa izan da. 02:00ak aldera, Udaltzaingoak Ertzaintzaren laguntza eskatu du, taberna batean eraso bat gertatzen ari zelako, eta, itxuraz, inplikatuek arma zuriak edo objektu zorrotzak zituztelako. 

«Euskal Poliziaren, Ertzaintzaren eta udaltzaingoen zeregina defendatzen jarraituko dugu»

EUSKO JAURLARITZAKO SEGURTASUN SAILA

Bi lagun atxilotu dituzte lesio delitua egotzita, baina haiek Poliziaren auto batean sartzen ari zirela, atxilotuen lagunak eta senideak ertzainen aurka oldartu dira, eta, Jaurlaritzaren arabera, «agenteek eskura zituzten baliabideak erabili behar izan dituzte egoera kontrolpean hartzeko».

Azkenean, bi ez, bederatzi pertsona atxiki dituzte, autoritatearen aurkako atentatu delitua egotzita, 23 eta 41 urte arteko bost emakume eta lau gizon. Segurtasun Sailak gehitu duenez, atxilotu gehienek aurrekariak dituzte. Gertakari horietan zauritu dituzte bederatzi agente, zazpi ertzain eta bi udaltzain; «kolpe arinak jaso dituzte», eta ospitalean artatu dituzte.

Zauritu bana

Arrasateko gertakaria 02:45ean gertatu da Arrasateko taberna batean. Han, zerbitzutik kanpo zegoen ertzain bat bitartekari lanak egiten ahalegindu bi emakumeren arteko borroka batean, eta, ertzaina dela esan ostean, pertsona talde batek eraso egin dio, Eusko Jaurlaritzaren kontakizunaren arabera. Osasun zentro batean artatu behar izan dute hura ere.

Gasteizen, goizaldean, 08:00etan, 30 urteko emakume bat eta 24ko gizon bat atxilotu dituzte desobedientzia eta autoritatearen aurkako atentatua egotzita. Ertzaintzak ustez lapurretan ari ziren bi lagun identifikatu ditu, eta, jarraian, «pertsona talde handi batek» agenteen aurka jo du, «botilak, kristalezko edalontziak eta aulkiak jaurtiz». 

Horren ondorioz, poliziak lehen aipatutako bi pertsonak atxilotu ditu, eta beste 11 identifikatu. Gizon bati espediente bat ere ireki diote Mozal legea baliatuta, «patruilari errespetu falta egiteagatik». Gertakari horietan agente bat zauritu da.

«Onartezina»

Atxiloketen eta zaurituen berri ematearekin batera, Segurtasun Sailak irmo gaitzetsi ditu «agenteen aurkako erasoak», eta adierazi du onartezina dela «edozein pertsonaren aurkako edozein eraso edo indarkeria ekintza, bereziki segurtasuna eta bizikidetza arauak bermatzeko lan egiten dutenen aurkakoak».

Hortaz gain, Jaurlaritzari kezka eragiten dio «gutxiengo batentzat» jai giroa «errespetu falta izateko, bizikidetza aldatzeko eta indarkeria erabiltzeko aitzakia bihurtzea, hain zuzen ere, segurtasuna eta bizikidetza bermatzen saiatzen direnen aurka», eta ziurtatu du ez duela onartuko delitu horiek normaltzat hartzea.

«Euskal Poliziaren, Ertzaintzaren eta udaltzaingoen zeregina defendatzen jarraituko dugu. Euskal gizarteak, herrialde honetan bizi garen gehienok, errespetu handia diegu bizikidetza arauei, eta gure Polizia beti egongo da horiek bermatzeko», amaitu du oharra Segurtasun Sailak. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA