Berrikuntza gutxi izan ditu Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuaren aurkezpenak. Sailaren aurrekontua handia da: 5.724,28 milioi euro, iaz baino %7,45 gehiago. Osakidetzaren aurrekontua 4.612,5 milioi eurokoa izango da, Osasun Sailaren esanetan iaz baino %7,9 handiagoa. Osakidetzaren aurrekontuan, hiru eurotik bi langileetan gastatuko dute.
Osasun itunak «gidatutako» aurrekontuak direla esan du. Helburua: prebentzioa indartzea. «Gure lehentasuna da gaixotasunei aurrea hartzea, osasun publikoa prebentiboagoa izatea», laburbildu du Martinezek aurrekontuen asmoa. Nola? «Txertoa hartzeko aukera erraztuz; baheketen eta diagnostiko goiztiarraren bidez lehenago diagnostikatuta; eta, gaixotasuna agertzen denean, ahalik eta berrikuntza terapeutiko handienarekin tratatuz». Kopuruek eragin ditzaketen zalantzei aurrea hartzeko asmoz, Martinezek batzordeko ordezkariei esan die lehentasuna ez dela gehiago gastatzea, «hobeto erantzutea baizik».
Langileei eskainitako aurrekontua handitu egingo da, Martinezen esanetan, «Osakidetza indartzeko»; baina baita Osakidetzako langileekin lan itun berria negoziatzeko eta ituna berritzeak eragingo lukeen gastuari aurre egiteko ere. «Negoziazio horri heldu nahi diogu, akordioa lortzeko borondatearekin», Osasun sailburuaren esanetan. Osasun Saila sindikatuekin negoziatzen ari da, baina sindikatuek jada greba egun bat egin dute eta, aurrerapenik edo akordiorik lortzen ez badute, beste lau egingo dituzte abenduan.
Berrikuntza bat izango da 2027an: Osasungintza, Osasun Publikoaren Euskal Institutua. 400 langile baino gehiago izango ditu. Ehun milioi eurotik gorako aurrekontua. Osasun publikoko profesionalak eta «beharrezko» langileak izango ditu. Oraindik haren estatutuak ez daude dekretu bidez onartuta, eta ez du diru sail propiorik aurrekontuetan. Zer egingo du? Gaixotasunen zaintza eta kontrola; elikagaien eta ingurumenaren segurtasuna; osasuna sustatzea; txertoak; baheketak; eta osasun larrialdien erantzuna indartzea. Droga mendekotasunen prebentzioa eta kontrola bultzatuko ditu. Hondakin urak eta drogen kontsumoaren joerak aztertuko ditu.
Martinezek gaurko lehen agerraldian ez ditu aipatu itxaron-zerrendak eta grebak, ez medikuenak, ez gainerako sindikatuek egindakoak. Aurrekontuen memorian itxaron-zerrendak ez aipatzea egotzi dio Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak Martinezi: «Non dago lehen arretan 48 orduan txanda hartu ahal izateko helburua? Orain ez al da helburua itxaron-zerrendak murriztea?».
Bigarren agerraldian Martinezek azaldu dio 2027an lortu nahi dutela 2025eko itxaron-zerrendetara bueltatzea, hau da, medikuen grebek itxaronaldiak luzatu aurreko kopuruetara. Hori lortzeko, aipatu du asistentzia gaitasuna indartuko dutela eta jarduera, teknologia, ekipamendu eta azpiegitura gehiago izango dituztela. Ez du xehetasun gehiago eman. 2025eko azaroko datuen arabera, pazienteek, batez beste, 54,19 egun itxaron behar zituzten operatzeko; epe hori 77,40koa zen aurtengo maiatzean. Operazioaren zain zeuden herritarren kopurua 24.103tik 28.672ra handitu zen epe horretan. Azken datuak duela ia sei hilabetekoak dira.
Uberarentzat, Osasun Sailaren aurrekontuek «ondo» erakusten dute saila zertan ari den: «Egitura aldatzen, errelatoa eraikitzen eta osasun sistema publikoaren krisia itzulerarik gabeko puntu batera eramaten». Zalantzan jarri ditu Martinezek emandako kopuruak, aurrekontuetan kopuru batzuk aurkeztuta ere azken urteetan urtean zehar gutxiago gastatu delako. Estimazio bat eginda, benetako igoera %1 ingurukoa izango dela esan du. «Izan ere», jarraitu du Uberak, «urtean zehar ikusten dugu langileen eta funtzionamenduaren diru sailak erabiltzen direla dirua aurrezteko, langileak ez ordezkatuz eta jarduera murriztuta».
Uberak Osasun Sailari egotzi dio gero eta zerbitzu gehiago pribatizatzen dituela. Aritz Uriarte Administrazio eta Finantzaketa Sanitarioko sailburuordeak erantzun dio baietz, diru gehiago gastatzen ari direla sektore pribatuan, baina aurrekontuen igoera apalagoa dela, eta, beraz, sektore pribatuan gastatutakoaren proportzioa txikiagoa dela. 2027ko aurrekontuaren arabera, Osasun Sailak 316 milioi euro gastatuko ditu sektore pribatuan, aurten baino hamasei milioi euro gehiago. Osakidetzaren aurrekontuaren ehun eurotik ia zazpi dira.
Alokairu babestuko etxeak lehentasun
Etxebizitza Sailak 504,1 milioi euroko aurrekontua izango du. Denis Itxaso sailburuak nabarmendu du hurrengo urterako ez dituztela izango Next Generation EU funtsak —60,1 milioi euro izan dira aurten—, eta, hala ere, sailaren aurrekontua %4,5 igo dutela, «baliabide propioekin».
Alokairu babestuko etxebizitzak izango dira Etxebizitza Sailaren helburu nagusia. Aurrekontuaren hamar eurotik zortzi baino gehiago (%83,3) jarriko dituzte horretarako. 1.840 etxe babestu eraikitzen hasi nahi dute 2027an: 970 Gipuzkoan, 683 Araban eta 187 Bizkaian. Etxebizitza Sailak sustatuko ditu 279; gainerako 1.561 etxeak, berriz, Visesa alokairuko etxebizitza babestua sustatzeko sozietate publikoak.
Etxebizitza Sailak Etxebizitza Legea aldatu nahi du aurrekontuen bidez. Aldaketetako baten bitartez tentsio handiko eremuetan luzatu egin nahi dute 2003 aurretik eraikitako babes ofizialeko etxeen babes publikoa, 2027tik aurrera babes hori galtzeko aukera baldin badute. «Etxebizitza politika ez da etxeak gehitzea bakarrik, baita etxeak ez galtzea ere», Itxasoren esanetan.
Beste aldaketa baten helburua da babes ofizialeko etxeen salerosketa kontrolatzea, eta, horrela, saltzen den etxea nork jaso behar duen zehaztea, Etxebideko zerrendetan oinarrituta. Aintzat hartuko dituzte eskatzailearen premiak, eskaeraren antzinatasuna eta errenta.
Etxe agentzia publiko baten bitartez egin nahi dute hori. Itxasok emandako datuen arabera, urtean babes ofizialeko mila etxe inguru saltzen dira EAEn. Hirugarren aldaketak modua eman nahi du lurzorua zuzenean Etxebizitzaren Gizarte Funtsera esleitzeko.
«Etxebizitza eremu zaila da», esan die Itxasok legebiltzarkideei. «Ez du neurri bakar batek konpontzen eta aurrekontu honek ez du arazoa ukatuko. Ez gatoz esatera etxebizitzaren krisia konponduta dagoela».
Jon Hernandez Sumarreko legebiltzarkidearen iritziz, Etxebizitza Sailaren aurrekontuek erakusten dute Eusko Jaurlaritzarentzat etxebizitza ez dela lehentasuna: «Praktikan, aurrekontuak izoztuta daude».
EH Bildurentzat ere, aurrekontu hori ez da egokia etxebizitzaren arazoari aurre egiteko, aintzat hartuta etxebizitza «gizartea zatitzen ari den arazo bat» dela, Xabier Astigarraga legebiltzarkidearen esanetan.
Laguntzak, 8 urtera arte
Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko Sailak 344,2 milioi euroko aurrekontua izango du. Horietatik 160,97 milioi euro izango dira seme-alabengatik laguntzak emateko eta kontziliazio neurrietarako. Seme-alabengatik jaso daitezkeen laguntzak haurrak 8 urte bete arte luzatuko dira bi kasutan: guraso bakarreko familietan eta gainerako familietan hirugarren seme-alabatik aurrera.
65 milioi euro inguru izango dira egoera zaurgarrienean daudenentzat, horietatik gehienak —41 milioi euro— gizarte larrialdietarako laguntzetarako.