Eusko Legebiltzarrak babesa azaldu dio Gazara bidean den flotillari

Legebiltzarrak aintzat hartu ditu genozidioa «amaitzen laguntzen duten ekimen guztiak». EAJko, EH Bilduko eta PSE-EEko eledunek genozidioari aurre egin behar zaiola adierazi dute elkarrizketa banatan.

Eusko Legebiltzarra, artxiboko irudi batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Eusko Legebiltzarra, artxiboko irudi batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Iosu Alberdi.
2025eko irailaren 9a
13:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Legebiltzarrak babesa azaldu dio Gazarako bidea hartu duen Global Sumud flotillari, Tunisian pairatutako erasoaren harira, eta gertutik aztertuko du haren bidea. Palestina eta Ekialde Hurbila babesteko legebiltzarreko taldeartekoaren oharrean, «genozidio» gisa kalifikatu dute Israel Gazan egiten ari dena, eta hitz bera erabili dute legebiltzarreko hiru alderdi nagusietako bozeramaileek ere, elkarrizketa banatan. Irmo erantzun beharra dagoela adierazi dute EAJko Joseba Diez Antxustegik, EH Bilduko Pello Otxandianok eta PSE-EEko Eneko Anduezak. Azken biek, gainera, ontzat jo dituzte Espainiako Gobernuak atzo iragarritako neurriak.

Eusko Legebiltzarrak argitaratutako oharrean, taldeartekoak elkartasuna adierazi dio Gazarako bidea egiten ari diren ekintzaileei eta Palestinako herriari, eta aintzat hartu dituzte erasoa «amaitzen laguntzen duten ekimen guztiak».

Hain zuzen, ekimen horietako batek ―Bilbon egindako Vueltako etapan izandako protestak― toki nabarmena hartu du eztabaida politikoan azken egunetan. Badirudi, ordea, baretu egin dela. Izan ere, Diez Antxustegik «garrantzia kendu» nahi izan dio, argudiatuta alderdi gehienek bat egiten dutela Palestinan jazotzen ari denari dagokionez, baita EAJk eta EH Bilduk ere. «Genozidio hori salatu eta deitoratu egin behar da», esan du Diez Antxustegik.

Hala, jeltzaleen bozeramaileak esan du «alderdikeriak» baztertu egin behar direla Palestinan gertatzen ari denari heltzeko eta «babes eta elkartasun mezu bateratuak» bideratzeko. Haren esanetan, gaur egun nazioartean ez dago Gazari elkartasuna adieraztea baino legitimitate handiagoa duen aldarrikapenik: «Giza eskubideez ari garenean, alderdikeriak baztertu egin behar ditugu, eta babes eta elkartasun mezu bateratuak bidaltzeko gai izan».

Diez Antxustegik esanak entzun ditu Otxandianok, eta, ETB2n azaldu duenez, iruditzen zaio hark esandakoak eta EH Bilduk etaparen ostean esandakoak nahiko antzekoak direla. Hala, hark ere «eztabaida antzuak» baztertzearen alde egin du, begirada Gazara zuzendu behar dela esanez. «Ahal duguna egin behar dugu genozidioa geldiarazteko», adierazi du, eta horrekin lotu ditu hala Gazara bidea hartu duen flotilla nola Vueltako protestak. Baita Espainiako gobernuburu Pedro Sanchezek iragarritako «Gazako genozidioaren kontrako» neurri sorta ere; besteak beste, errege dekretu bat onartzea Israelen kontrako arma blokeoa juridikoki finkatzeko.

EH Bilduko eledunaren esanetan, erantzuna ez da Bruselatik iritsiko, Europako Batasunak bere proiektu politikoa AEBei «saldu» dielako, eta, era berean, Washington Tel Aviven aliatu nagusia delako. Hala, gizarte mailan eta instituzioetan «neurri sendoak» hartzearen alde egin du.

Anduezari ere egokiak iruditu zaizkio Moncloak iragarritako neurriak, «genozidioa gelditzen» lagundu dezaketelakoan. Are gehiago, esan du ondo ikusiko lukeela Eusko Jaurlaritzak ere bide bera jorratzea. Mugimendu sozialei dagokionez ere, «ahotsa altxatzea» beharrezkoa dela esan du, baina kexu azaldu da txirrindularien eta segurtasun indarren «osotasun fisikoa arriskuan jarri» zutela eta.

Deia CAFi

Aurreko astean EH Bilduko idazkari nagusi Arnaldo Otegik eta Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesek hizpide izan zituzten CAFek Israelen dituen kontratuak. Lehenak esan zuen Gipuzkoako enpresak kontratu hori eten lezakeela. Bigarrenak, leunago, «hausnarketa etiko bat» egiteko gonbita egin zion.

Azken esamolde hori gustuko du Anduezak ere, eta lehendakariaren eskaera berretsi du, uste baitu «ekonomia eta merkatu auzien gainetik» dagoela gertatzen ari dena: «Arduratsuak izan behar dugu, eta uste dut lezio etiko handi bat eman litekeela norbaitek bere etekin ekonomikoaren zati bati muzin egingo balio Gazan gertatzen ari dena bezain larria den zerbait geldiarazten saiatzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.