Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesek asteon hasiko du alderdi politikoekin egingo duen bilera sorta, eta batzar horien harira esan du estatutu berri baten inguruan akordio bat erdiesteko zer aukera dauden aztertuko dutela. Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean, Pradalesek kontatu du «eten bat» egon dela PSOErekin estatus berriaren inguruan izan dituzten elkarrizketetan. Gobernuburuak berretsi du Santos Cerdan zela PSOEren ordezkaria negoziazio horretan, eta hura atxilotu eta espetxeratu ondoren, prozesua ez atzera ez aurrera geratu dela tarte batez. Dagoeneko, ordea, Gernikako Estatutua gaindituko duen akordio berri bati buruzko «elkarrizketak martxan dira berriro» PSOErekin, lehendakariak ziurtatu duenez.
Pradalesek uste du «albiste ona» litzatekeela itun berri bat adosteko bidea zabalik egotea 2025. urte bukaerarako. «Ikusiko da lortzen den ala ez». Edonola ere, helarazi du Gernikako Estatutua ez dela «gutxietsi» behar, «Euskadiren garapen maila ahalbidetu» baitu hark. Eskatu du, halaber, akordio berria edozein dela ere, komeni dela jasotzen dituen edukiak «ondo pentsatzea» garapen horrekin jarraitu ahal izateko, «eta bermeak jasotzea» eskuduntzak beteko direla ziurtatzeko. «Orain arte egin dugun bidean ikasi dugu», erantsi du, aditzera emanez Espainiako botere judizialak nola kamustu duen Gernikako Estatutua.
Ikusi gehiago
Hain zuzen, iraila funtsezkotzat jo du jakiteko Espainiako Gobernuak zer borondate politiko duen Gernikako Estatutua osorik betetzeko konpromisoari begira. Esan du «Euskadik etxeko lanak» egingo dituela eta falta diren transferentzia guztien agiriak igorriko dizkiola Madrili. Errepikatu du Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak hitzartu zuela 2025a bukatzerako falta diren eskuduntza guztiek eskualdatuta egon behar zutela. «Hitza emanda dago; egutegia betetzea baino ez da falta».
Eta falta den sorta horren barruan dago Gizarte Segurantzaren eskumena, eduki horren zati baten transferentzia bakarrik egin baitu orain arte Madrilek. Pradalesek berriro eskatu dio Sanchezi «ordena jartzeko» bere gobernuan, haren arabera «Sumar baita oztopoa» eskumen garrantzitsu hori osorik eskualdatu ez dadin.
Israel eta CAF
Nazioartera begira ere jarri da Jaurlaritzako lehendakaria, Euskadi Irratiak egindako galderei erantzuteko. Pradalesek esan du ulertzen dituela euskal herritarren protestak Espainiako Vueltan Israel-Premier Tech taldeak parte hartu duela eta, baina lehendakariak «errespetuz» aritzeko eskatu du, «protestak errespetuz egiten dituen herri gisa» azaltzeko.
«Kirolariak daude hor, eta edozein arazo gerta daiteke protesta horietan», azaldu du. Errespeturik ez badago protesta horietan eta arazoak baldin badaude, «onurarik ez du ekarriko bide horrek», Pradalesen ustez. Izan ere, lehendakariak uste du indarra nazioarteko foroetan egin behar dela «eraginkor izateko» eta Gazako herriaren «sarraskia» bukarazteko. «Europako Batasunak ahots bakarrarekin aritu behar du».
Eta Israel Palestinan egiten ari den genozidioarekin loturik, CAF euskal enpresaren inguruko galdera bati ere erantzun behar izan dio Pradalesek. Beasaingo trengileak Jerusalemgo tranbia egiteko kontratua dauka, eta gero eta estuago hartzen ari dira Gipuzkoako industria enpresa handiena proiektu hori utz dezan. Bada, lehendakariak esan du CAFek hartzen duen «edozein erabaki errespetatu» egingo duela Eusko Jaurlaritzak, nahiz eta uste duen «agian» enpresa horrek «hausnarketa etikoa» egin beharko lukeela kontratu horren inguruan.
«Orain basakeria bat gertatzen ari da, eta horrek giro jakin bat ekarri du. Ulertuko nuke hori ere kontuan hartzea CAFek»
IMANOL PRADALES Eusko Jaurlaritzako lehendakaria
Asteon bertan, EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik ziurtatu du CAFek ez duela behar Israelekin lotzen duen proiektu hori, enpresa horren «kontuen» berri baduela, eta hobe lukeela bazterrean uztea Jerusalemgo proiektua, bere izen onari eutsi nahi badio nazioarteko «beste adjudikazioei begira». Eta CAFek Belgikan lortzeko bidean duen proiektu erraldoiari erreparatu dio. 3.500 milioi euroko eskaera itzela da, eta lehiakideak CAFek Israelekin duen harremana baliatzen ari dira, haren alde egiten ari diren adjudikazio prozesua burura iritsi ez dadin.
Jaurlaritzako lehendakariak ez dio eskatu CAF enpresari Israelekin duen harreman komertzial hori eteteko, baina «beharbada harreman hori berraztertu» beharko lukeela esan du. Edonola ere, gogoratu du 2019an lortu zuela kontratu hori euskal trengileak, israeldarrak «baina baita palestinarrak ere» mugitzeko proiektua zela, Jerusalemen egitekoa, eta «Nazio Batuen araudia errespetatuz» egin zela ere erantsi du. Pradalesek uste du komeni dela «informazio guztia» edukitzea auzi horri buruz. «Orain basakeria bat gertatzen ari da, eta horrek giro jakin bat ekarri du. Ulertuko nuke hori ere kontuan hartzea CAFek». Eusko Jaurlaritza enpresa horren akzioduna da.