Eusko Legebiltzarrak eta Nafarroako Parlamentuak Israel Gazan egiten ari den «genozidioa» salatu dute

Gasteizen Sumarrek aurkeztu du mozioa, eta EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk babestu dute. Iruñean ere gaitzespen mezua onartu dute, Zurekin taldearen proposamena aintzat hartuta.

Eusko Legebiltzarra eratzeko osoko bilkura, joan den maiatzean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Eusko Legebiltzarraren saio bat, artxiboko argazki batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
aitor biain
2025eko ekainaren 5a
21:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Eusko Legebiltzarrak eta Nafarroako Parlamentuak mozio bana onartu dute gaur Israel Gazan egiten ari den «genozidioa» gaitzesteko. Bi ganberen gehiengoak «modu irmoan eta ñabardurarik gabe» salatu dute palestinarren aurkako erasoa, eta berehalako su etena eta giza laguntza sartzen uztea exijitu dute. Horrekin batera, erakunde guztiei, baina bereziki Europako Batasunari, dei egin diote berrikusi ditzatela Israelekin dituzten merkataritza eta politika alorreko akordioak.

Gasteizko ganberan, Jon Hernandez Sumar taldeko legebiltzarkideak aurkeztu du proposamena. Hamalau puntuko testuak EAJren, EH Bilduren eta PSE-EEren babesa jaso du; aurka bozkatu dute, berriz, PPk eta Voxek. Berehalako eta behin betiko su etena eskatzeaz gain, legebiltzarrak exijitu du laguntza humanitarioa sartzeko «bide seguruak» bermatzeko, eta «blokeoa» eta «okupazioa» behingoz amaitzeko.

«Garrantzitsua da ekimen hau gehiengo osoz onartu izana, hauxe baita mezua: nahikoa da», adierazi du Hernandezek, proposamena aurkezteko garaian. Sumar pozik azaldu da lortutako akordioarekin, baina urrunago joan eta Israelekin harreman oro eteteko eskaera onartzea galdegin du. PPk, ordea, ez ditu testuko puntu guztiak ontzat eman; izan ere, ez dago ados genozidio hitza erabiltzearekin, eta Hamasen aurkako gaitzespenaren falta sumatu du.

Nafarroako Parlamentuak ere urrats bera egin du, aintzat hartu baitu Zurekin taldeak aurkeztutako proposamena. Israel Palestinako herriaren aurka egiten ari den genozidioa gaitzetsi du Iruñeko ganberak, eta EBri eskatu dio eten ditzala Israelekin duen merkataritza akordioa. Zurekin taldearekin batera, bi mezu horiek babestu dituzte EH Bilduk, Geroa Baik, PSNk eta UPNk. Aurka bozkatu dute, berriz, PPk eta Voxek.

Berehalako su eten iraunkorra eskatu ez ezik, Nafarroako Parlamentuak elkartasuna adierazi dio Palestinako herriari, eta aitortu du palestinarrek eskubidea dutela «autodeterminaziorako, bakerako eta estatu propio eta subirano batean bizitza duina izateko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.