Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak uztailaren 12rako deituko ditu Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Lehendakariak deituta, Jaurlaritzak ezohiko gobernu kontseilu bat egin du eguerdian, eta Urkulluk jakinarazi du data.
Osasun arloari, segurtasunari eta lege arloari buruzko argudioak azaldu ditu Urkulluk hauteskundeen beharra azaltzeko. Azken asteetan kasu positiboek eta heriotzek behera egin dutela nabarmendu du: «Osasun larrialdia gainditzea lortu dugu». Gaineratu du «funtsezko eskubide bat betetzeko» modua emango dutela bozek: «Legez, bi aukera baino ez ditugu: hauteskundeak uztailean egitea edo udazkenera atzeratzea». Uztailean egitea lehenetsi du, «beste aukera bat» izateko udazkenean, egoerak okerrera eginez gero.
Urkulluk esan du «erabakirik arduratsuena» dela eta uztailak «berme guztiak» eskaintzen dituela, baina, izurria berriro hazkunde bidean jarriko balitz, bigarren aukera zabalik uzten duela uztaileko deialdiak. Ildo horretan, ziurtatu du neurriak hartuko dituztela botoa segurtasunez eman ahal izateko, eta erantsi du ez dela beharrezkoa Espainiako Gobernuak alarma egoera kentzea bozetara deitu ahal izateko. Era berean, beharrezkotzat jo du legebiltzarra lehenbailehen martxan jartzea.
Kanpaina, ekainaren 26tik uztailaren 10era
Urkulluk sinatutako dekretuaren arabera, hauteskunde kanpaina ekainaren 26an hasiko da. Halere, alderdien esku utzi du adostea nolakoa izango den kanpaina hori, baliteke-eta laburtzea. Abstentzioa hazteko aukerak kezkarik eragiten dion galdetuta, berriz, erantzun du ezetz: «Gure erantzukizuna da hauteskunde eguna ahalik eta berme gehienekin egin ahal izatea; horretan ari gara lanean. Herritar orok jakin behar du berme guztiak izango dituela botoa emateko».
Hauteskundeen deialdiaren dekretua sinatu aurretik, EAEko osasun larrialdia indargabetu beharra du Urkulluk. Hala adostu zuten Urkulluk berak eta alderdiek martxoaren 16an, apirilaren 5eko bozak atzeratzeko bileran. Hori horrela, Euskal Autonomia Erkidegoa osasun larrialditik irtengo da bihar, eta «kontrol eta ikuskatze» egoeran sartuko da. Hori Babes Zibilerako Aholku Batzordeak gaur arratsaldean egingo duten bileran gauzatuko dute; bilera horretan, Urkulluk batzordearen buruzagitza utziko du normalean izan ohi duen karguaren esku; alegia, Segurtasun sailburuaren esku.
Egun bizimodu normala egiteko mugak indarrean daudela deitu du bozetara, eta, horretaz galdetuta, lehendakariak nabarmendu du 54 egun geratzen direla: «Lehen fasean gaude orain, baina ia bi hilabete falta dira. Koka dezagun gure burua bi hilabeteren buruan».
Alderdiekin bildu eta lau egunera
Urkullu joan den astean elkartu zen indar politikoetako ordezkariekin, hauteskundeak noiz egin zehazteko. Bozetara deitzeko prozedurak dio Urkulluk gobernu kontseiluari eman behar diola aurrena erabaki horren berri, eta ondoren sinatu behar duela hauteskundeetara deitzeko dekretua.
Legealdia urriaren 25ean amaituko da beranduenera, eta hauteskundeak apirilaren 5ean egitekoak ziren. Koronabirusaren izurriak, ordea, hauteskunde deialdia atzeratzera behartu zuen, baina, harrezkero, lan nekeza izan da beste data bat jartzea. Joan den ostegunean, Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak azaldu zuen datozen hilabeteetarako aurreikuspena dela pandemia urritzea, eta osasun bermeak egon daitezkeela hauteskundeak uztailean egiteko: «Osasun datuen bilakaera positiboa da, eta aukera ematen du jarduera guztien berreskurapena planifikatzeko».
«Arrazoizkoa da orain aztertzea hauteskundeak egiteko aukera, pandemiak okerrera eginez gero eperik gabe geratuko baikinateke bozak egiteko», erantsi zuen Erkorekak.
Oposizioa, ordea, kexu da bozak uztailean egiteko aukerarekin; uste dute ez dela lehentasuna. Ostegunean, EH Bilduko koordinatzaile Arnaldo Otegik kritikatu zuen bilera «eszenifikazio hutsa» izan zela: «Iragarritako hauteskunde batzuen kronika izan da». Gogoratu zuen bozak uztailean egitearen aurka daudela legebiltzarreko «bigarren indar politikoa eta hirugarrena», eta Jaurlaritzari aurpegiratu zion «hauteskunde interesak eta bestelako interesak» inposatzea. Erabakia aurrez «hartuta» zegoela salatu zuen Otegik. «Arduragabekeria izugarria da, jendea ez baita hauteskundeetan pentsatzen ari».
Antzera mintzatu zen Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemoseko lehendakarigaia: «Ez da hauteskundeei buruz eztabaidatzeko garaia, erabaki azkarrak hartzekoa baizik». Haren ustez, «krisi soziala, ekonomikoa eta osasun arlokoa» dugu aurrez aurre, eta ezin da eman «pauso okerrik».