Eutanasia legezkoa izanen da Ipar Euskal Herrian ere

Heriotza lagundurako legea onartu dute Frantziako Asanbleako diputatuek, baina orain Konstituzio Kontseiluak aztertu beharko du, eta atzera bota dezake.

Eutanasia kasu bateko irudia. BIEL ALIÑO / EFE
Eutanasia kasu bateko irudia. BIEL ALIÑO / EFE
Isabel Jaurena.
2026ko uztailaren 15a
21:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Heriotza lagundurako legea onartu du Frantziako Asanbleak; bertzeak bertze, arau horrek erregulatu egiten du eritasun larriak dituztenak hiltzen laguntzeko prozedura. 291 diputatuk bozkatu dute arauaren alde, eta 241ek kontra. Hala baieztatu du Emmanuel Macron Frantziako presidenteak sare sozialen bidez: «Bizitza, sufrimendua eta duintasuna ukitzen dituen gai estu bezain larri honi aurre egiteko modu bakarra zegoen: entzuteko, hitz egiteko eta eztabaidatzeko denbora hartzea». Hala, eutanasia legezkoa izanen da Euskal Herri osoan.

Eutanasia arautzen duen lege proiektuak 2024an hasi zuen bidea, Macronek sustatuta; baina prozesua behin eta berriz gibelatu dute, bertzeak bertze, Senatuan bi aldiz bertan behera utzi zutelako iaz. Dena den, araua Frantziako Konstituzio Kontseiluak aztertu beharko du orain, Sebastien Lecornu lehen ministroak zalantzak dituelako atal batzuekin. Kontseiluak, gehienez ere, hilabeteko epea izanen du testua berrikusteko, eta atzera bota dezake. 

Arau horren bidez, hainbat baldintza betez gero, hiltzeko produktu bat ematen ahalko dio medikuak hala nahi duen pazienteari; baina, arauak ezarritako irizpideen arabera, adinez heldua izan beharko du, eta eritasun larri bat eta frantziar herritartasuna izan beharko du. Eritasun larri edo sendagaitz baten fase terminalean egon beharko du, sendabiderik gabekoa edo sufrimendu jasanezina duela. Azkenik, bere nahia adierazteko gai izan beharko du.

Behin nahi hori adierazita, medikuari eskaera egin beharko dio pazienteak, eta hark psikologo, psikiatra edo zainketa aringarri batzuekin laguntzeko proposamena eginen dio; bitartean, pazientearen eskaera aztertuko dute elkargo batean. Medikuak eskaera ontzat ematen badu, gutxienez bi eguneko gogoeta tartea izanen du pazienteak. Ondoren, hiltzeko produktua emanen diote, eta hura hartzeko eguna finkatu, eta hor izanen diren medikua edo erizaina izendatuko dituzte. Printzipioz, pazienteak hartuko du hiltzeko produktua, baina fisikoki horretarako desgaitasunik izanen balu, izendatutako osasun profesionalak emanen dio. 

Heriotzaren ondotik, prozedura behar bezala pasatu dela kontrolatuko du horretarako prestatutako prozedura batek. Medikuak pertsona horren heriotza eskaera onartuko ez balu, helegitea jartzeko aukera izanen du pazienteak.

Errekurtsoa Konstituzio Kontseiluan

Pazientearen gogoeta tarte hori da, hain justu, zalantza gehien sortzen dituen puntuetako bat, eta Lecornuren gobernuak Konstituzio Kontseilurat eramanen duena. Bertze bi kontsulta ere eginen ditu. Batetik, babes judizialean dauden helduei aplikatu beharreko xedapenei buruz galdetuko du; zehazki, horiek adostasun aske eta informatua adierazteari dagokionez, baita pertsona horien babesaz arduratzen diren pertsonen zereginari buruz ere. Bertzetik, osasun arloan lan egiten dutenen kontzientzia klausularen eta osasun zentroen arteko artikulazioaz galdetuko diete.

Gobernuak espero du Konstituzio Kontseiluaren esku hartzeak «behar diren argibideak» emanen dituela ziurtatzeko eutanasiaren aplikazioak printzipio konstituzionalak errespetatzen dituela. 

Gerard Larcher Frantziako Senatuko presidenteak ere iragarri du errekurtsoa aurkeztuko duela Konstituzio Kontseiluan. 

Araututa Euskal Herri osoan

Hego Euskal Herrian 2021eko ekainean arautu zuten eutanasia. Hain justu, 2020ko abenduaren 17an Eutanasia Arautzeko Lege Organikoaren proposamena onartu zuten Espainiako Kongresuan. Ordea, bi urteren buruan Voxek helegitea jarri zuen legearen kontra, baina Espainiako Auzitegi Konstituzionalak atzera bota zuen. Auzitegiaren ebazpenaren arabera, legeak «pertsonaren autodeterminazio eskubidea» babesten du, modua ematen diolako «hiltzeko momentua libreki eta kontzienteki hautatzeko, medikuek egiaztatutako gaixotasun sendaezin bat dagoenean».

Hegoaldean ere eutanasia eskabidea egin daiteke «atzean» pairamendua badago. Hala zehazten du legeak: «Pertsonak ezin onartuzkotzat daukan eritasun edo pairamendu sendaezin bat nozitzen duelako, ezin izan dena baretu beste bide batzuen bidez». Eta «era informatuan, argian eta denboran errepikatuan» egin behar dira eskeak, legeak zehaztutako prozedurari jarraituta. Azken datuen arabera, Hegoaldean orain arte 271 eutanasia egin dira guztira; hain zuzen, Osasunbideak 58 pazienteri eman die hiltzeko laguntza urteotan eta Osakidetzak 213 laguni.

Europako herrialdeen artean, Frantzia kenduta, lau herrialdetan bertzerik ez dago onartua eutanasia aktiboa: Espainian, Portugalen, Belgikan eta Herbehereetan. Bertze zenbait herrialdek, baina, eutanasia pasiboa onartzen dute: erraterako, pazienteak uko egin diezaioke bizirik irautea ahalbidetzen dion tratamendua edo tresna erabiltzeari. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA