Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Alderdien balorazioak

Eutsi egin die emaitzei UPDk, eta eserleku bat lortu du Araban

Maneirok adierazi du esperotako emaitzak izan dituztela, talde propioa lortzeko asmoa agertu zuen arren

Hodei Iruretagoiena.
2012ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Legebiltzarrean zuen eserlekuari eustea lortu du UPDk, eta datorren legealdian ere legebiltzarkide izaten jarraituko du Gorka Maneirok. Inkestek iragarri bezala, Araban lortu du eserlekua. Boto kopuruari dagokionez ere, ez du gorabehera handirik izan; 21.492 boto lortu ditu.Emaitzak jakinda, Maneirok adierazi zuen esperotako emaitzak izan dituztela, nahiz eta talde propioa lortzeko esperantza zutela esan zuen kanpainako azken egunean. Zehazki, esan zuen talde propioa lortzea espero zutela; hau da, hiru legebiltzarkide. Araban lortu nahi zituzten bi eserleku, eta Gipuzkoan edo Bizkaian hirugarrena. Emaitzarik onenak bertan izan zitzaketela igarrita, Araban egin zituzten kanpainako ekitaldi gehienak ere.

Dena den, Maneirok adierazi du Eusko Legebiltzarrean euren ahotsa mantentzea zela haien helburua, eta hori lortu dutela: «Beti nahi izaten da gehiago, baina bagenekien zaila zela talde propioa lortzea». Euren ahotsa mantenduta, Maneirok esan du beti izan dituzten ideia eta printzipioei eutsiko dietela, «beldurrik gabe, konplexurik gabe». Alderdiko bozeramaile Diezek, berriz, adierazi du izan zitzaketen emaitzarik onenak izan dituztela: «Inork ez zuen espero eserlekua lortuko genuenik».

Bilbon egin zituen Diezek, eta «emaitzengatik triste dauden herritarrei» zuzendu zitzaien, abertzaleek gehiengoa lortu dutelako: «Lehenago edo geroago, konstituzionalistek irabaziko dugu bataila».Pozik agertu zen Diez, bosgarren indarra izatea lortu dutelako, «bai Euskadin eta baita Galizian ere».

2009ko Legebiltzarreko hauteskundeetan aurkeztu zen lehen aldiz Euskal Autonomia Erkidegoan, eta 22. 233 boto lortu zituen.Iazko azaroan egin ziren Espainiako Kongresurako hauteskundeetan, aldiz, 21. 282 botora iritsi ziren.

Kanpainan zehar, konstituzionalismoa «irmoki» defendatzen duen alderdi bakar gisa aukerztu du bere burua UPDk. Azken ekitaldian, alderdiko bozeramaileRosa Diezek adierazi zuen bere alderdia dela EAEn nazionalista ez direnen babeslekua. Izan ere, PSOEri eta PPri egotzi dizkiete krisi ekonomikoaren ondorioak, eta Espainia «hondoratu» dutela. Horrez gain, ezker abertzalea erakundeetan sartu izana haien errua dela ere leporatu diete: «PSOEk eta PPk kendu nahi izan ez dituztelako daude ETAren lagunak erakundeetan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.