Marina Massaguer i Comesek (Tarragona, Herrialde Katalanak, 1982) belarriprest txapa soinean zuela erantzun zituen galderok. Udaltop udaletako euskara zerbitzuen topaketa, hain justu ere, Euskaraldi betean egin zen. Han hizlari jardun zuen, eta Euskal Herrian egiten den ariketa horri neurria hartzeko ahalegina egin nahi izan zuen. «Duen izaera masiboarengatik egiten zait, batez ere, interesgarria». Izan ere, Kataluniako egoera soziolinguistikoan eta Euskal Herrikoan badira antzak, eta jendea katalanera hurbilarazteko baldintzak sortzeko ahaleginetan ari dira han ere. «Katalana hiztunak irabazten ari da kopuru absolutuetan, baina ez dira nahikoak dinamika demografikoak konpentsatzeko; datozenak gehiago dira katalana ikasten ari direnak baino. Beraz, katalanarentzat egoera on bat nahi badugu, bide bakarra da orain katalana lehen hizkuntza ez dutenak katalanera erakartzea. Hori ez da bakarrik egiten: horretarako baldintzak sortu behar dira». Soziolinguista da, eta Normalizazio Linguistikorako Kontsortzioan ari da egun. Gizartearen barrunbeetan murgildu zen Katalunian erdaldunak: identitate sozialak, desberdintasunak eta katalana doktore tesia egiteko, eta hor ikasitakoak «praktikara» eramateko ahaleginetan ari da orain.
Migratzaileak, haien ondorengoak, hizkuntza gutxiagotuetara erakartzea: hortxe erronketako bat. Aurretik ere izan dira migrazio prozesu indartsuak Katalunian eta Euskal Herrian. Zer ikasi behar da horietatik?
XX. gizaldian ere migratzaile asko iritsi ziren, Espainiako Estatuko landa eremuko toki askotatik, eta ikerkuntza soziolinguistikoak erakutsi digu migratzaile horien ondorengo askok katalana ikasi zutela. Zergatik? Modua izan zutelako testuinguru errealetan ikasteko, hezur-haragizko jendearekin hitz eginda. Orain lortu behar duguna da horixe gertatzea nazioarteko migrazioarekin ere. Baina baldintzak ezberdinak dira. Hasteko, XX. mendean iristen ziren migratzaileek, Kataluniara heltzean, aukera asko zituzten goragoko klase sozialetarako bidea egiteko; justu antzean bizitzeari utzi eta erdiko klaseko izateko modua ikusten zuten, eta hori askotan lotuta egoten zen katalana berena egitearekin, familia proiektu gisara. Zer gertatzen da egun? Gizartean gora egiteko aukerak askoz ere urriagoak dira, bestelakoak baitira dinamika ekonomikoak. Erronka da jendeak sentitzea probetxuzkoa dela katalanean inbertitzea. Hori lortze aldera, erabiltzeko aukerak handitu egin behar dira, eta berebiziko garrantzia du katalan hiztunok ere gure hizkuntza ohiturak aldatzea, joera izaten baita janzkeraren edo fenotipoen arabera norbaiten aitona-amonak Katalunian sortu ez zirela pentsatu eta automatikoki hizkuntza aldatzea. Era horretan, katalanerako sarbidea ukatzen diegu pertsona horiei.
Segregazioaren kontrako politika zabal batzuen barruan egin behar da lan hori, baina kanpotik etorritako biztanle horiekiko bizikidetza urria da sarri.
Bai, eta hori dinamika ekonomikoen ondorio ere bada. Lehen, adibidez, Bartzelonan bertan etxeak eros zitzakeen jendeak, eta gaur egun ezin da. Horrek hautsi egiten ditu komunitateak, auzoetako sare sozialak. XX. gizaldiko migrazio prozesuak aztertzen direnean, ikusten duzu orduan harremanak ehuntzen zirela migratzaileen eta katalan hiztunen artean hainbat espaziotan: sindikatuetan, parrokietan, guraso elkarteetan... Zer gertatzen da egun? Gero eta aisialdi indibidualagoa egiten dugu: gure eskukoarekin. Bizitza komunitarioa ahultzen denean, ahuldu egiten dira hizkuntza minorizatuak ere.
«Bizitza komunitarioa ahultzen denean, ahuldu egiten dira hizkuntza minorizatuak ere»
Migrazioaz usu plazaratzen dira diskurtso oso utilitaristak. Gizartean inork egin nahi ez dituen lanak egiteko «behar» direla esaten da. Halakoak ere ez dira abiaburu ona sareak ehuntzeko, ezta?
Jakina, eta eraikitzen den gizarte ereduak ez baditu heldu berriak euskara ikastera bideratzen, edota katalana ikastera, gero eta gizarte segregatuago batera goaz, eta hori gatazkak eta mesfidantzak izateko bidea izaten da, jendeak ez baitu elkarren berri. Euskaldunik ezagutzen ez baduzu, ez duzu hitz egingo, eta, areago, seguruenera erresistentziak jarriko dituzu. Era berean, migratu duen inor ezagutzen ez baduzu, haien ezaugarrien berri ez baduzu, horrek mesfidantzak izatea ekar dezake: «Ez dute integratu nahi» esatea. Beraz, bai, diskurtso horiek ez dute laguntzen. Gainera, hona etorri den norbaitek ez badu ikusten bere bizitza egoera materialak hobetzeko modurik, ez zaio probetxuzkoa irudituko erdiko klasekoen portaerak izatea, eta, beraz, adibidez, euskara ikastea. Zuk ez baduzu esperantzarik euskaraz hitz egiten duten horiek bezalakoa izateko, pentsatuko duzu euskara «jende horrentzat» dela: ez dela zuretzat.
Hizkuntza gutxituen atzeraldiak motibo askotarikoak ditu, baina ozentzen ari dira hizkuntza gutxituen ahultzea batez ere migratzaileen etorrerarekin lotzen duten mezuak. Nola egin aurre halakoei?
Toki batera heltzen zarenean, bertan ikusten dituzun dinamiketara egokitzeko ahalegina egiten duzu. Hemen ez bada, adibidez, euskararen alde argiro egiten duen hizkuntza politikarik egiten, ba, nekez egin ditzakegu errudun heldu berriak inertziei segika dinamika soziolinguistiko jakin batzuetan murgiltzeagatik.
«Nekez egin ditzakegu errudun heldu berriak inertziei segika dinamika soziolinguistiko jakin batzuetan murgiltzeagatik»
Hiztunen ahalduntzeaz hitz egitera etorri zara propio Euskal Herrira. Nola ahaldundu, adibidez, hizkuntza gutxituetan maiz jarduten duten horiek?
Lehenik, baliabide psikologikoak eman, hizkuntza erabiltzera bultzatzeko diskurtsoak, pentsamenduak. Aurrean duen pertsonak igual zapi bat eramango du buruan, edo arbasoak hemengoak ez zituela erakusten duen azal kolorea izango du, baina, hala ere, euskaraz egin dezan...
Aurrejuzgurik gabe.
Hori da. Jakina, ohitura bat da hori; praktikatu egin behar da.
Eta nola ahalduntzen lagundu hizkuntza gutxituan gaitasun urria duten horiei? Gero eta gehiago dira halako hiztunak.
Askotan, haiekin ari garenean, egokitu egin beharko dugu gure hiztegia, abiadura... Espazio seguruak sortu behar dira ikasten ari diren horiek lasai praktikatzeko modua izateko. Garrantzitsua da halako espazioak eraikitzea, zeren eta gaur egungo dinamika soziolinguistikoekin halakoak espontaneoki sortzea ez da erraza.
«Espazio seguruak sortu behar dira ikasten ari diren horiek lasai praktikatzeko modua izateko»
Eta hizkuntza ikasteko urratsa oraindik egin ez duten horiei?
Hizkuntza hitz egitearen abantailak erakutsi behar zaizkie: ekonomikoak, adibidez, lanerako aukerak-eta. Baina, batez ere, abantaila sozialak erakutsi behar zaizkie; sentitu behar dute gaztelaniarekin bizi ezin dituzten gauzak bizi ahal izango dituztela hizkuntza hori jakinda. Hori ulertarazi behar da, eta baliabideak eman behar dira.
Hizkuntzari guztiz bizkar emanda daudenengana nola iritsi?
Legeria hor dago. Hizkuntza gutxituen hizkuntza eskubideak bermatu beharrak betebehar batzuk dakartza hizkuntza nagusietan ari diren hiztunentzat. Hori arautu egin behar da, eta eskatu.
Kezka handia dago euskararen kontrako oldarraldiaren inguruan. Inboluzio haizea indartsu sumatzen duzue katalanaren alde ari zaretenek ere?
Bai; urteak dira, gainera. Frankismoaren osteko urteetan errepresioa oso esplizitua zen, eta oso zaila zen esatea euskara, galegoa eta katalana ez zirela erreprimituta egon. Beraz, erreparazioaren aldeko kontzientzia kolektibo bat zegoen. Orain, ez da hain argia. Eta genero politiketan gertatzen den moduan, alde zanpatua ahalduntzen hasten denean, orduan egin nahi izaten da atzera.