«Ez da bermatzen Lanbide Heziketa euskaraz izatea»

Lanbide Heziketan euskara sustatzeko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zentroetako zenbait hizkuntza-normalizazio arduradunek; gaur egun, hamar ikasletik hiruk ikasten dute D ereduan.

Lanbide Heziketa euskaraz izan dadila eskatzeko prentsaurrekoa, gaur, Gasteizen. BERRIA
Lanbide Heziketa euskaraz izan dadila eskatzeko prentsaurrekoa, gaur, Gasteizen. BERRIA
Irati Urdalleta Lete.
2025eko ekainaren 26a
15:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Ikasle bat. Bi urterekin hasi da eskolan, eta euskaraz egin du ibilbide osoa: Haur Hezkuntza; Lehen Hezkuntza; Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza; eta, agian, baita Batxilergoa ere. Lanbide Heziketa aukeratu du; hori, baina, gazteleraz egingo du. Askotan, halabeharrez, murritza baita euskarazko eskaintza.

Egoera hori salatzeko eta euskaraz ikasi ahal izatea aldarrikatzeko, prentsaurrekoa egin dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Lanbide Heziketako zenbait normalizazio arduradunek. Arloko hainbat eta hainbat pertsonaren babesa ere jaso dute: Lanbide Heziketa euskaraz! lelopean, sinadura bilketa egin dute, baita Txirrindulanbidea bizikleta martxa ere; atzo abiatu ziren, Gasteiztik, eta bihar amaituko dute, Bilbon.

Ekinaldi horren arduradunak dira, besteak beste, Lander Labajo eta Josu Gurtubai. Biak ala biak Barakaldoko Lanbide Heziketako Ikastetxeko (Bizkaia) irakasleak dira, baita normalizazio batzordeko kideak ere. Hitz gutxitan egin dute egoeraren argazkia: «Lanbide Heziketan, ez da bermatzen eskaintza euskaraz izatea». Barakaldoko kasua jarri dute adibidetzat: «Lehen Hezkuntzako, DBHko eta Batxilergoko matrikulazioaren % 90 baino gehiago D ereduan da, euskaraz da. Zer pasatzen da gero salto egiten dutenean Lanbide Heziketara? Barakaldon, %30era jaisten da euskarazko zikloen eskaintza». Irakasleen irudiko, horrek erakusten du egin dela ahalegin bat hasierako hezkuntza euskalduntzeko, egon dela bide orri bat; baina horren falta sumatzen dute Lanbide Heziketan: «Lanbide Heziketan, badago diskurtso politiko bat, baina ez dago bide orri bat euskaratuz joateko, benetan euskara ezartzeko».

(ID_15086382) (Oskar Matxin Edesa/@FOKU) 2025-06-24, Barakaldo. Lander Labajo eta Josu Gurtubai, Lanbide heziketako irakasleak
Lander Labajo eta Josu Gurtubai. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Ikasturte honetako datuek argi erakusten dute horren ondorioa: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, hamar ikasletik seik Lanbide Heziketa A ereduan ikasten dute, gaztelera hutsean; hiruk euskaraz, D ereduan; eta batek B ereduan, euskaraz eta gazteleraz. Eskualdez eskualde eta herriz herri badago alderik: «Badaude zentro batzuk euskaraz daukatena den-dena, baina herriko errealitatea ere oso euskalduna da. Bestela, nahiko orokortua da eskaintza erdaraz izatea, Bizkaian eta Araban gehienbat». Zer esanik ez Nafarroan: «Nafarroa beste egoera batean dago, zeren, hasteko, ez daukate normalizazio ardurarik eta ordurik; orduan, militantzian oinarritzen da zentro bat euskaldundu ahal izatea».

Beraz, salatu dutenez, euskarazko eskaintza txikia da, eta, horrenbestez, nahi duen orok ezin du euskaraz ikasi. Gainera, gaur egungo ikasle diren horiek langile izango dira etorkizunean, eta prestakuntza gazteleraz jaso izanak edukiko du islarik, «inondik inora» ez baitira egongo euskaraz lan egiteko prestatuta: «A ereduan dagoen jendeak —D eredukoek ere bai— ingelesa daukate irakasgai moduan, baina euskarak, adibidez, ez dauka inolako tokirik A ereduan, eta ezer gabe irteten dira, Madrilen ikasiko balute bezala, baina Euskal Herrian ikasita».

Bost eskaera

Irakasleak ez daude konforme, eta bata bestearen atzetik zerrendatu dituzte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarentzako eskaerak. Bat: plan estrategiko bat ontzea Lanbide Heziketa euskalduntzeko. Bi: irakasle guztiek euskara gaitasuna izatea. Hiru: D ereduaren aldeko «ganorazko» matrikulazio kanpainak egitea, euskaraz ikastearen «onurak» ikasleei helaraztea. Lau: A ereduko ikasleei ere «euskararen ezagutza minimo bat» bermatzea. Eta bost: euskaraz ikasi nahi duen ikasle orori aukera hori bermatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.