Hizkuntza eskubideekin lotutako «kexa, zorion eta kontsultak» jasotzen ditu urtero Hizkuntz Eskubideen Behatokiak. Horretarako, Euskararen Telefonoa jartzen du herritarren esku. Kexak gailentzen dira beti, hizkuntza eskubideak ez direlako osorik bermatzen, oro har, eremu gehienetan. Gaur, iaz jasotako intzidentzien berri emateko txostena aurkeztu dute, Gasteizen. Ondorio nagusia ez da ona: hizkuntza eskubideen aitortzan oraindik ez da «aurrerapausorik», eta batzuetan, are, «atzerapausoak» daude. Horren erakusgarri dira iaz jasotako 883 kexak. Txostenean gogoratu dute horiek errealitatearen parte bat besterik ez dutela erakusten: «Azaltzen direnak lagin bat baino ez dira: zuzenean salatzen ez diren egoera asko daude».
Iazko intzidentziak sailkatuta, hauexek dira kopuruak: 886 kexa jaso zituzten, 69 zoriontze edo esker on mezu, hogei iradokizun, 11 kontsulta eta izaerarik gabeko kexa bat. Balantzan, beraz, kexak nagusitzen dira: argi eta garbi. Intzidentzia kopurua 2024an jasotakoa baino apalagoa izan da: orduan izan ziren 1.206. Hala ere, aurreko urteetan izandako eboluzioari begira, aurtengo intzidentzia kopurua ez da apala: beste hainbat urtetan jasotakoaren paretsukoa da. Behatokia 2001ean hasi zen lanean: 25. urtemuga dute aurten. Gaur txostenaren aurkezpena egin dute Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendari Agurne Gaubekak eta Garbiñe Petriati teknikariak.
Euskarak ez du estatus juridiko bera Euskal Herri osoan, batere aitortzarik ez duen herrialdeak badira, eta horrek, dudarik gabe, eragina du. Baina aurreko txostenetan argi gertatu den moduan, oraingo honetan ere ugariak izan dira euskarak ofizialtasun aitortza duen herrialdeetan gertatu diren urraketak ere. Era berean, gaurko aurkezpenean Agurne Gaubekak ohar egin du «lege betebehar falta eta lege betebehar lausoa» duten egoeren inguruan ere: «Askotan, hizkuntza eskubideekiko jarduna borondatearen araberakoa da». Legeria egonda ere, askotan hori betetzeko «bermerik» ez da. «Kale egiten da askotan oraindik gauza oinarrizkoenetan, seinaleetan-eta», ohartarazi du Petriatik.
Kexak
Sektore publikoan zein sozioekonomikoan gertatutako intzidentziak jasotzen dituzte Behatokian. Funtzio publikoak ezartzen dituen hizkuntza eskakizunen kontrako oldarraldi judizial betean, erabateko zentzua du propio eremu publikoko datuei artaz erreparatzeak. Horra datuek zer dioten. Iaz kexa gehien jaso zuen erakundea Eusko Jaurlaritza izan zen: 168 izan ziren. Atzetik, Nafarroako Gobernua: 92 . Eta sailkapenean hirugarren, Bizkaiko udalak: 59 jaso zituzten. Sekore sozioekonomikoan, merkataritza gune handiekin egon zen lotuta kexa gehien: 66 kexa jaso zituzten. Aisialdiarekin lotutako entitateek 49 jaso zituzten, eta ostalaritzakoek, 47. Gaurko aurkezpenean, nabarmendu egin dituzte estatuko administrazioen zerbitzuetan dauden hutsune nabarmenak ere.
«Euskararen ezagutza benetan zabaltzeko neurri urgenteak behar dira; nola ez, eremu publikoan, baina baita enpresen eremuan ere»
AGURNE GAUBEKA
Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendaria
Funtzio publikoan, bereziki, hizkuntza eskakizunen derrigortasun datarik gabeko lanpostuek sortzen dituzten arazoez ohartarazi dute. Erakunde publikoetan sartu orduko igartzen dituzte maiz horiek herritarrek: «Sarbidetik», ohartarazi du Petriatik. Izan ere, euskara ofiziala den eremuetan ere euskaraz jarduteko gai ez diren langileek egiten diete zenbaitetan harrera. «Euskararen ezagutza benetan zabaltzeko neurri urgenteak behar dira; nola ez, eremu publikoan, baina baita enpresen eremuan ere», nabarmendu du gaur Gaubekak.
Aldaketak
Txostenaren ondorioetan errotiko aldaketen premiaz ohartarazi dute: «Araugintzan errotiko aldaketak planteatu, baliabide material eta ekonomikoetan inbertsio nahikoa egin eta neurri bermatzaileak oinarri bezala ezarri ezean, azken hamarkadetan gertatu diren egoera berberak gertatuko dira aurrerantzean ere. Herritarrek jada gaindituak beharko lituzketen egoerak pairatzen jarraituko dute». Izan ere, egungo egoeran agerikoa da gizarteko hainbat sektoretan hizkuntza eskubideek duten «gutxiespena».
Behatokiak kexen berri ematen die urraketak egin dituzten entitateei. Heren batek-edo erantzuten dute. Gaubekak esan du entitate askoren erantzunak «ez nahikoak» izaten direla maiz, baita administrazio publikoenak ere, eta hitz onetara mugatzen direla, «neurri zuzentzailerik» gabe. Erakunde publikoetatik usu jasotzen duten erantzuna hauxe izaten da, adibidez: «Sentitzen dugu, herritarra, laidotuta sentitu izana». Erantzun eskasa iruditzen zaio Gaubekari. «Badirudi euskarazko arreta jasotzeak ez duela garrantzirik, badaudela gauza garrantzitsuago batzuk». Horiek horrela, herritarrak «ahalduntzeak» eta hizkuntza eskubideen garrantziaz jabetzeak berebiziko garrantzia duela gogoratu du, eta bat egin du Euskalgintzaren Kontseiluak ekainaren 13an Euskalgintzaren Kontseiluak euskaltzaleak batzeko egingo duen martxarekin.
zenbait ADIBIDE
Askotarikoak dira kexak. Webgunean jarri du txosten osoa Behatokiak, eta han azter daitezke guztiak. Bereziki nabarmendu ditu osasungintzan, hezkuntzan, herrizaingoan, kulturan eta eremu sozioekonomikoan egindako urraketak. Horra alor horietan jasotako zenbait intzidentzia, adibiderako:
Osasungintza: «Nik esan nion zer esan nahi zuen 'cuidados paliativos'-ek»
Zaurgarri egoten dira usu herritarrak osasun arta jaso behar dutenean, eta egoera horietan biziki eskertzen da hizkuntza hautua errespetatzea. Behatokiak osasun sistema publikoetako artarekin lotuta jasotako hainbat intzidentziak ere erakusten dute hautu hori ez kontuan hartzeak zer ondorio larri dituen. Badira bihotza erdibitzen duten bizipenak. Galdakaoko erietxean (Bizkaia) izandako esperientzia salatu du, adibidez, andre batek. «Neba ospitalera joan zen urriaren 9an, eta urriaren 10ean kantzerra zuela eta ez zegoela ezer egiterik esan zidan medikuak», azaldu du. Gaixoari heriotza hurbil zuela esateko, profesional euskaldun bat eskatu zuen sendiak. Ez zuten lortu: «Medikuak gaztelera hutsez adierazi zion zer gertatzen ari zitzaion. Nik esan nion zer esan nahi zuen cuidados paliativos-ek (zainketa aringarriak): hil egin behar zuela». Donostiako Gros auzoko osasun zentroan euskaraz egin ezinagatik jarritakoa da beste kexa hau: «Gazteleraz hitz egitera behartuta izan honek oso deseroso utzi ninduen, zapalduta eta txikituta. Gazteleraz ez dakit ondo egiten».
Osasungintzako kexa dezente dira eremu oso euskaldunetan ere osasun profesional euskaldunak falta direla salatzeko. Adibiderako, Azkoitian, Azpeitian eta Tolosan euskarazko arta jaso ezin izan dutenak dira hainbat kexa. Txostenak argi utzitako beste ondorio bat da euskarak osasungintza pribatuko zentroetan ez duela ia tokirik.
Hezkuntza: «Formazio saio bat gaztelaniaz eskaini digute»
Ipar Euskal Herrian, ikasleek baxoa azterketa euskaraz egiteko debekua da hezkuntzan gainditu behar diren traba orokorretako bat. Badira gehiago: Nafarroan D eredua zabaltzeko zailtasunak daude, eta Lanbide Heziketan, oro har, gabezia handiak daude euskaraz ikasteko. Unibertsitateetan ere badira euskarak irabazi gabeko eremuak. Hegoaldean, euskarak hezkuntzan urteotan leku handia hartu badu ere, hizkuntza eskubideen urraketak ez dira ezohikoak. Bidasoa Lanbide Heziketako zentrora jo zuen familia honek, adibidez, Irunen (Gipuzkoa), eta kexa jarri: «Deitu dugu, eta arreta eman digun pertsonak gaztelaniaz ez egiteko eskatu digu». Jakinarazpenak gaztelania hutsean jasotzeagatik jarritako kexak badira, eta baita trebakuntza euskaraz ez emateagatik jarriak ere. Horra kexa hau: «Ikastaro bat izan dugu Berritzegune Nagusiak antolatuta, eta erdaraz izan da». Haurreskolak partzuergoko langile batek jarritakoa da beste hau: «Iaz formazio saio bat gaztelaniaz eman ziguten, eta kexa ugari izan ziren. Baina aurten ere berriz eskaini digute formazio saio bat gaztelaniaz».Herrizaingoa: «'Eso mejor en castellano', erantzun dit ertzainak»
Segurtasunaren eta herrizaingoaren arloan, kexa asko agenteen euskararen ezagutzarik ezarekin lotuta daude. Ertzainen kasuan, adibidez. Durangoko ertzain etxera (Bizkaia) baimen baten eskean joandako pertsona batena da kexu hau: «Eso mejor en castellano (hori hobe gaztelaniaz), erantzun zidan ertzainak. Haren atzetik etorri den neskak ere ez du hitz bakar bat euskaraz esan». Foruzainentzako kexak ere badira, seinaleak-eta ez euskaraz jartzeagatik, batez ere. Edo oso euskara maila kaxkarra dutelako. Halaxe salatu zuen herritar batek: «Negargarria foruzainen X kontutik euskaraz zabaldu duten mezua: `Lekunberri: kotxea maletategia irekitarekin; aparkatzean, paretarekin talka egiten...'». Udaltzainen kontrako kexak ere badira. Donostiatik helarazitakoa da kexa hau: «Agente batengana zuzendu naiz: 'No entiendo, háblame en castellano' (ez dut ulertzen; hitz egin iezadazu gaztelaniaz), esan dit. Euskaraz jarraitu dut, baina ez du inolako esfortzurik egin ulertzeko». Segurtasun pribatuaren arloko kexak ere jasota daude. Besteak beste, EHEko kide batek iaz Tolosako inauterietan Renfeko geltokian zinpeko guardia baten partetik pairatu zuten erasoa dago jasota. Agenteen «oldartzea» eragin duela eta euskara erabiltzeak «ziurgabetasuna» eragiten diela horrek herritarrei.
Aisia, kultura eta kirola: «Ez dago bisita gidaturik euskaraz»
Aisian, kulturan eta kirolean kexa asko dira euskarazko eskaintza urritasunarengatik. Horra Erriberrin (Nafarroa) jasotako hau: «Gaztelua bisitatzeko ez dago bisita gidaturik euskaraz». Edo Iruñeko beste hau: «Civiboxetan egiten den jarduera eskaintzari kexa jarri nahi diot. Abenduan 46 jarduera programatu dira: 41 gaztelaniaz, bi ingelesez, eta euskaraz hiru soilik (denak haurrentzat)». Arta euskaraz ez bermatzeagatik jarritakoak ere badira: «Atzo, Donostiako Alderdi Ederreko noriarako txartelak erostera joan nintzen alabarekin. 'Ama, nik erosiko ditut', esan zidan. Baina ezin izan zuen. 'Kaixo, bi sarrera mesedez' ulertzeko (edo ulertzen saiatzeko) ere ez zen gai izan leihatilako tipoa'». Hedabide publikoen portaera gaitzesteko kexak ere badira. ETBrentzat hau: «ETB2n 'Mitoaroa' ikusten ari gara eta azalpen guztiak gaztelania hutsez ematen ari dira. Behin emango euskarazko kontzertu bat ETB2n, eta azalpen guztiak gaztelaniaz ematea ere...».
Eremu sozioekonomikoa: «Menuak eta abarrak erdara hutsean»Energia hornitzaile, telekomunikaziotako entitate eta finantza erakundeekin lotuta daude kexa asko. Hau, adibidez: «Iberdrolak hornidura elektrikoan matxuren eta intzidentzien bukaeraren berri emanez bidali dituen mezu elektronikoak gaztelania hutsean daude». Edo beste hau: «Bigarren aldiz, Kutxabankek gaztelania hutsez idatzitako gutuna bidali dit euskaraz idatzitako erreklamazio bati erantzuteko». Merkataritza gune handien kasuan, kexa asko dira salatzeko hizkuntza paisaian euskara ez dela aintzat hartzen. Ostalaritzan ere euskara bazterrean dagoela erakusten dute kexa askok. Orokorra da. Gipuzkoan, Donostian: «Tabernan ez dago karta euskaraz jarrita». Bizkaian, Iurretan: «Batzokian tabernariak aldatu dira, baina denak segitzen du berdin: erdarazko egunkariak baino ez, menuak eta abarrak erdara hutsean». Eta euskaraz egiten saiatzeagatik jasotako erantzun txarrak ere hainbat kexatan jaso dituzte herritarrek. Azpeitian jasotakoa da kexa hau: «Modu zakarrean erantzun zidan, kastillanoz egiteko». Hondarribian beste hau: «Kafetegian langile batek aurre egin zidan euskaraz jardun nintzelako».
datua
25
Behatokiaren urteak. 2001ean jarri zuten martxan Hizkuntz Eskubideen Behatokia. Aurten, beraz, 25. urtemuga du erakundeak. Euskal hiztunen eskubideen defentsa eta babesa dira haren xedeak, arlo publikoan zein pribatuan.