«Ez dugu nahi munduak negar egitea, bizitzeko eskubidea dugula gogoratzea baizik»

Gernika-Palestina herri plataformaren 'Palestinarekin bat, konpromiso bat' egitasmoarekin bat egin dute hainbat eragilek. Nur Abunamusek Gazako egoeraren lekukotza eman du.

Egitasmoarekin bat egin duten eragileak eta herritarrak, gaur goizean, Donostiako Miramar jauregian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Egitasmoarekin bat egin duten eragileak eta herritarrak, gaur goizean, Donostiako Miramar jauregian. ANDONI CANELLADA / FOKU
jakes goikoetxea
2025eko azaroaren 8a
16:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Mesedez, esaiezu oraindik hemen gaudela, eta zutik; nekatuta gaudela, baina oraindik bizitzan sinesten dugula». Amak Gazatik Nur Abunamusi emandako mezua da. «Ez dugu nahi munduak negar egitea, bizitzeko eskubidea dugula gogoratzea baizik», jarraitu du Abunamusek. Mezu bat bidali die Donostiako Miramar jauregiko aretoan bildutako erakundeetako ordezkariei, bertan egon ezin izan diren palestinarren izenean: «Horregatik gaude hemen, ez gutaz pena izan dezazuen eskatzeko, baizik boterea baldin baduzue erabiltzeko eskatzeko, hartara sufrimendu hau geratzeko».

Konpromisoa eta ekintzak eskatu ditu Abunamusik, eta horixe bera egin du Gernika-Palestina plataformak ere. Palestinarekin bat, konpromiso bat egitasmoa eta manifestua aurkeztu ditu Miramar jauregian, konpromiso horrekin bat egin duten erakundeetako ordezkariekin batera. Taldeen artean daude EH Bildu, EAEko Ahal Dugu, Ezker Anitza, Sumar, Alternatiba, Udalbiltza, LAB, Steilas, CCOO, UGT, Amnesty International, Global Sumud Euskal Herria, Gure Haurrak Ere Badira, Gure Esku, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua... Bat egin dute zenbait ordezkarik ere, hala nola Nekane Balluerka EHUko errektore ohiak eta Amagoia Mujika BERRIA egunkariko zuzendariak.

Manifestua babestu dutenek uste dute Euskal Herriko gizartearen eta eragileen gehiengoa Israel Palestinan egiten ari den genozidioaren kontra dagoela, baina gehiengo horrek ekin egin behar diola: «Palestina babesteko konpromisoa hartu behar dugu. Hau da, gure esku dagoen hori guztia egiteko konpromisoak hartu behar ditugu».

Eragileek eta herritarrek hiru konpromiso hartu dituzte: alde batetik, Palestina babesteko eta «elkartasun aktiboan urratsak egiteko», bai arlo ekonomikoan, bai humanitarioan; bestetik, «genozidekin harremanak eteteko» eta haien jardueran kode etikoa barneratzeko; eta, azkenik, nazioarteko legedia errespeta eta aplika dadin eskatzeko.

«Horregatik gaude hemen, ez gutaz pena izan dezazuen eskatzeko, baizik boterea baldin baduzue erabiltzeko eskatzeko, sufrimendu hau geratzeko»

NUR ABUNAMUS Gazako emakumea

Ekintzen helburua argi zehaztu dute: Palestina babestea eta Israel bakartzea. Arlo askotan egin daitekeela eta egiten ari dela gogoratu du Gernika-Palestinak: kulturan, lan arloan, komunikabideetan, arlo akademikoan, kiroletan, erakundeetan eta osasunaren sektorean.

Ekitaldian izan da Saif Abukexek, Global Sumud Flotillaren Europako koordinatzailea. Israelen genozidioak nazioarteko erantzuna eragin du. «Munduak bi urte hauetan lehen aldiz ikusi du Israelek nola jokatzen duen, baina palestinarrek 80 urte daramatzate hori bizitzen», azaldu du Abukeshekek. Palestinarrak oinaze izugarria jasaten ari dira mundua han gertatzen ari denaz jabetu dadin: «Palestinako herriak oso garesti ordaindu du mundua esnatzeko».

Aldaketarik ez

Nabarmendu du ez dagoela benetako su etenik, Palestinako egoera ez dela askorik aldatu, eta Israelek Zisjordaniara zabaldu duela «garbiketa etnikoa». «Ez dago aldaketarik: makillajea baino ez da».

Ohartarazpen bat egin die su etenarekin egoera aldatu dela eta mobilizazioak ez direla hain beharrezkoak pentsatzen dutenei: «[Su etenarekin] Gizarteak atseden hartzea nahi dute, baina mobilizatzen jarraitu behar dugu». Harekin bat egin du Barbara Ruiz UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoaren EAEko arduradunak: «Bake plana funtsezko garai batean agertu da, gizartea desmobilizatzeko». 

«Zergatik gizarte zibilak ezin du bat egin elkartasun mugimendu global bat sortzeko? Altxatzeko garaia da»

SAIF ABUKEXEK Global Sumud Flotillaren Europako koordinatzailea

Kamioi gehiago sartzen direla onartu du, baina huskeria direla hango katastrofea eta gosetea arintzeko. Gainera, kamioiek ez dutela eramaten gauzak konpontzeko piezarik, eraikuntza materialik, emakumeentzako higiene produkturik, kanpin dendarik... Nur Abunamusik gehitu du 600 kamioi baino gehiagok sartu beharko luketela, baina ehun baino gutxiago sartzen direla, eta «gehienak merkatari pribatuengana jotzeko, ez giza laguntza emateko». Merkatari pribatuek «oso garesti» saltzen dituzte produktuak.

UNRWAk, nazioarteko beste elkarte batzuek eta Gazakoek bertakoek lanean jarraitzen dute. UNRWAk osasun zerbitzuak eskaintzen ditu. Ospitaleak gainezka daude, eta badago lana ospitaleetatik kanpo ere. Ruizek zehaztu du soin atalen bat anputatzen dietenei berehala ematen dietela sendagiria; ebakuntza egin eta ordubetera erditzeko zesarea egiten diete emakumeei.

Lehergailuei buruzko informazioa

Gazako umeek hiru ikasturte galdu dituzte. UNRWA saiatzen ari da hango haurrekin jarduera batzuk egiten, ez akademikoak, baizik eskolako errutinara bueltatzeko asmoa dutenak. Haurrei lehergailuei buruzko informazioa ematen diete, lehergailuak baitaude hondakinen artean, eta egunero hiltzen eta zauritzen baitira haurrak haiekin jolasean. «Palestinarrak izugarriak dira», baieztatu du Ruizek. Bizi duten egoera bizita ere hezkuntzaren alde egiten duten apustuaz ari da: milaka haurrek erreparatzen diete UNRWAk Internet bidez eskaintzen dituen eskolei.

Palestinara joan zen flotillaren Europako arduraduna da Abukexek. Pozik dago, orain arteko flotilla handiena izan delako, mugimendua oso indartsua izan delako eta gauzak aldatzeko aukera ikusi dutelako. Italiako Gobernuaren jarrera aldaketa jarri du adibide gisa. «Presioa egiteko indarra dugu». Ez da azken flotilla izango. Beste bat antolatzeko asmoa dute, handiagoa eta pluralagoa, «denborak uzten digunean».

«Bake plana funtsezko garai batean agertu da, gizartea desmobilizatzeko»

BARBARA RUIZ UNRWAren EAEko arduraduna

Abukexekentzat, elkartasun mugimenduak eta protestek Palestinako genozidioaz harago joan behar dute, eta munduko zapalkuntzen eta errepresioen kontrako mugimendu global bat sortzeko garaia da. Mobilizazioetan urrats bat gehiago egitekoa, «borrokak gerturatzekoa»: «Zergatik gizarte zibilak ezin du bat egin elkartasun mugimendu global bat sortzeko? Altxatzeko garaia da». 

Abunamus Donostian bizi da, Ahmed Haddad senarrarekin (Sol Band taldeko musikaria). Irailean iritsi ziren, eta hutsetik hasi dute bizitza berri bat. Asiloa eskatu zuten, eta hurrengo urteko otsailerako eman diete ordua. «Gogorra da hutsetik hastea», onartu du Abunamusek: «Ikasketak edukita ere, ezin duzu lanik egin».

Elkarretaratzeak Iparraldean

Eskertzen dute Euskal Herriaren elkartasuna. Haddadek euskal herritarren «sendotasuna» nabarmendu du, «jendea ez baita behin bakarrik joaten mobilizazioetara, joaten jarraitzen baitu». Hala ere, hori guztia ez da nahikoa. Bi eskaera egin dituzte: Abunamusek, «liderrak direnei eta gobernuei presio egiten jarraitzeko»; Haddadek, Israeli eta bertako erakundeei, enpresei, elkarteei, produktuei... boikot egiteko.

Hain zuzen, Iparraldea Palestinarekin taldeak bost kontzentrazio egin ditu gaur goizean, Israelen «genozidioaren konplizeak» seinalatzeko eta haiei boikot egiteko eskatzeko. Burger King, McDonald's, Lauak, Carrefour eta Etche Securite enpresen aurrean egin dituzte elkarretaratzeak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.