«Ez epaitu, lagundu»

Duintasunez hiltzeko eskubidearen aldeko elkarteko kide Iñaki Alegriak plazara atera nahi izan du eutanasia eskaria bi aldiz ukatu ostean bere buruaz beste egin duen emakume baten kasua.

BERRIA
BERRIA
arantxa iraola
2026ko apirilaren 11
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ororen buruan, I.C. nor izan zen azaltzeko ahalegina egin nahi du heriotza duinaren aldeko EAEko DMD-DHE elkarteko kide Iñaki Alegriak. 40 urte pasatxoko emakumezkoa zen, komunikazioaren arloan lanean jarduna, eta komunikatzeko irrikan jarraitu zuena beti: sare sozialetan-eta, adibidez, jori ibiltzen zen. Maite-maitea zuen txakurrarekin irudikatzeko pasarteak kontatu ditu Alegriak, eta haren ideien tinkotasuna erakusteko xehetasunak. Gaixo zegoen aspaldi I.C.. Eritasunak ardaztu zion, hein handi batean, helduaroa: pairamenduak. Agian horrexegatik eztitzen zailak dira haren zenbait portaera. Bakarrik zegoen, familiarekin eta adiskideekin harremanak hautsita zeuzkan, eta medikuekin zuen harremana ia «mendekoa» ere bazen zenbaitetan: korapiloz betetakoa. DHE-DMD elkartera joan zen laguntza eske, eta bi aldiz eskatu zuen eutanasia, legeak horretarako ematen dituen bideak erabilita. Bietan ukatu zioten, eta bere buruaz beste eginda hil zen, otsailaren hasieran: «Berak nahi ez zuen moduan, bakar-bakarrik». Bi eskabideak egiten lagundu zion Alegriak, eta orain, haren suizidioaren ondoren, argi du zein den eman nahi duen mezuaren muina: «Ez epaitu, lagundu».

«Ez familia medikuak, eta ez tratatzen zuten bi medikuek —psikiatrak eta neurologoak— ez zioten lagundu eutanasia eskaerekin; bizirik mantendu nahi zuten: itxaropenari lotuta», gogoratu du Alegriak. I.C. elkartean nola ezagutu zuten azaldu du: «Eutanasiaren Legea dela eta, gurekin jarri zen harremanetan. Gaixotasunaren berri eman zigun —psikiatria eta neurologia artean dagoen nahasmendu neurofuntzional bat zuen—, tratatzen zaila, botika asko errefusatu egiten baitzituen haren gorputzak». Bere buruaz beste egiten saiatua zen ordurako, behin baino gehiagotan.

«Ez familia medikuak, eta ez tratatzen zuten bi medikuek ez zioten lagundu eutanasia eskariekin; bizirik mantendu nahi zuten: itxaropenari lotuta»

IÑAKI ALEGRIA Eutanasia eskatzaile bati laguntzen jardun zuen

Nahasmendu neurologiko funtzionala: horixe zen, zehazki, I.C.-ren diagnostikoa. Nerbio sistemako afekzio bat da, kausa jakinik gabea, eta askotariko sintomak eragin ditzake: mina, nekea, ahulezia edo paralisia, espasmoak, ibiltzeko zailtasuna, oreka galtzea, irensteko zailtasuna, konbultsioak... Larriak ziren I.C.rentzat, eta «ohetik jaiki ezinik» uzten zuten askotan. Egoeraren ondorioz, depresioak ere izaten zituen. Eta hainbat ospitaleratze psikiatriko izan zituen. Hori guztia zegoen, besteak beste, I.C.-ren «bakardadearen» atzean.

Araututako bideak

Guztiz araututa daude eutanasia eskabideak: bi aldiz egin behar du eskea pazienteak, bi medikuk aztertu behar dute; dudaren bat bada, propio kasuok aztertzeko autonomia erkidegoek eratuta dauzkaten batzorde berezi batzuen esku egoten da beti azken oniritzia. Horietan ezezkoa jasota, auzitara jo dezakete eskatzaileek.

Alegriak berak lagunduta egin zuen lehen eutanasia eskaria I.C.-k. Trabak segituan azaldu ziren. Tratatzen zuten bi espezialistek zentro pribatu batean artatzen zuten, eta esan zioten ez zutela bideratuko eskabidea: Osakidetzara jotzeko. Osasun sistema publikoan zuen I.C.-k familia medikua, eta bazuen harekin tratua, baina zituen arazo guztien ondorioz, hartu-eman hori ere gaiztotuta zegoela onartu du Alegriak. Horregatik erabaki zuen, hain zuzen, kontsultara laguntzea: «Ohi bezala, azaldu behar izan nion gure lana eskubideen aldekoa dela, eta I.C.-ri laguntza eskatzeko eskubidea ukatzen ari zitzaizkiola».

Ez zen samurra izan tratua; ez zen samurra izaten gehienetan I.C.-ren inguruko guztia. Baina hor ere tratu onerako bideak behar direla uste du Alegriak: «Mota horretako gaixoek izaera zaila duten arren, ez dut uste hori jarrera egokia denik halako egoeretarako». Lehen eskabide hura familia medikuak amaitu zuen: «Aurkako txostena egin zuen». Alegia, ebatzi zuen ez zirela baldintza guztiak bermatzen. Hortxe uztea erabaki zuen I.C.-k ere: ez zuen jo kasuak aztertzeko berme batzordera. 

Bigarren eskaria

«Bi urte gorabeheratsuren ondoren, sufrimendu tarte oso larriak izan eta gero, bigarren eskaria egitea erabaki zuen», gogorarazi du Alegriak. Aurrez eskabidea ez bideratzea erabaki zuten medikuen jarrera lehengoa izan zela esplikatu du: ondorioz, EAEko Eutanasiaren Alorreko Berme eta Jarraipen Batzordera heldu zen eskabidea. «Atzerapen handia» oroitzen du fase horretan ere Alegriak, baina aurrerabide bat izan zen: «Neurologo bat lortu zuten, eskaeraz ardura zedin». Alegria ez zen haren kontsultara sartu. Baina I.C. ez zen pozik atera. «Jarrera ez zen atsegina, bazirudien behartuta ari zela egiten». Erantzunean ere, baiezkorik ez. Hauxe izan zen: «Ez, ez dituelako betetzen baldintzak».

I.C.-k helegitea jarri zuen orduan, elkartearen laguntzaz: aurrena, berme batzordean. Ezezkoa izan zen erantzuna. Gero, auzitara jo zuen. Baina ebazpen erabateko bat izan aurretik, bere buruaz beste egitea erabaki zuen. Ordutik, Alegriak sarritan pentsatu du eutanasiarako aukera izango zuela jakite hutsak pairamendua «apalduko» ziola agian. Eta eutanasia onartu izanak emango ziola, gutxienean, heriotza abegikorrago bat. «Behintzat, ez zen bakarrik hilko».

Eutanasia kasuek, batetik, bizitzaren amaiera-amaierakoak hartzen dituzte: sendabiderik gabeko minbiziak-eta. Beste multzo batean, mendekotasunak eragiten dituzten gaixotasun degeneratiboak-eta sartzen dira. Sei baldintza eskatzen dira, oro har: gaixoak argi egitea eskaria, behin baino gehiagotan egitea, pairamendua egotea, mendekotasuna egotea, arrazoizko alternatiba teraupeutikorik ez izatea pertsona hori artatzeko, eta sistemak arta sozioekonomikoa eskaini izana. Alegriaren irudiz, mendekotasunaren aldagaian izan zuten zalantza erabakia hartu behar zutenek: izan ere, gaitza oso oldarkorra ez zen aldietan, I.C. moldatzen zen: ez zen guztiz mendekoa. «Baina gaizki zegoenean, bai. Ezin zuen lanik egin, ezin zuen lagunik egin... Hori ezintasuna da: handia».

«Zoritxarrez, inork ez zion lagundu. Nik ere ezin izan nion lagundu, legeak laguntza hori debekatzen duelako»

IÑAKI ALEGRIA Eutanasia eskatzaile bati laguntzen jardun zuen

Hausnarketak

«Zergatik ezin izan da duintasunez hil? Eutanasiaren Legeak merezi du halako kasuetan laguntzen ez badu?». Alegriak orain buruan darabiltzan galderak dira. Ezin du kendu I.C-ren irudia gogotik. «Legeak onartzen duenaren aurreko atarian aurkitu da, bakarrik, inoren laguntzarik gabe heriotzako orduan». Ez ditu ukatzen legeak ekarri dituen onurak. Baina I.C.-ren tankerako kasuek ere erantzun bat merezi dutela uste du: «8-10 urteko sufrimendua eta tratamendu guztien porrota ez da nahikoa laguntza eskuratzeko?». Arrangura ezin du ezkutatu: «Zoritxarrez, inork ez zion lagundu. Nik ere ezin izan nion lagundu, legeak laguntza hori debekatzen duelako». Horregatik aldarria: «Bada garaia beste urrats bat egiteko lege aldetik, antzekorik berriz gerta ez dadin».

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA