Hegoaldeko osasun sistemetan legezkoa da eutanasiak egitea, 2021eko ekainetik. Baldintza jakin batzuen barruan aitortuta dago eskubide hori. Bizitzaren amaierarako prestazio bat da. Hain justu ere, eskea beren borondatez egiten dutenak ondo hilko direla bermatzea du helburu, baldintza jakin batzuetan, eta prozedura jakin bati jarraitzen zaiola ziurtatuta. Erabilia da. Aurki datu berriak kaleratuko dituzte, baina Osakidetzan, adibidez, orain arte argitara eman diren datuen arabera, 213 pazienteri eman zaie hiltzeko laguntza legea ezarri zenetik. Nafarroako Gobernuak azkena emandako datuen arabera, Osasunbideak 58 pazienteri eman die hiltzeko laguntza urteotan. Hegoaldean, beraz, 271 eutanasia egin dira guztira.
Eskatzen duten guztietan ez da horretarako modua ematen, ordea. Osasun Ministerioak gaiari buruz azkena atera duen txostenean 2024ko datuak biltzen dira; Hegoaldean, oro har, 98 prozedura abiarazi ziren, eta bederatzi eskatzaileri ukatu egin zieten eutanasia egiteko aukera, kasuak aztertu zituzten profesionalek kontrako txostenak egin zituztelako. Ez dira asko, baina baimentzen ez diren kasuak badira, eta horien ezaugarriei arreta jartzea garrantzitsua da, legean abarorik aurkitzen ez duten herritar horien errealitateari erreparatzen ahalegintzeko.
Legea argia da: «betekizun» batzuk ezinbestekoak dira eskabideak ontzat jotzeko. Legearen hitzaurrean laburtuta daude. Batetik, eskabideek guztiz izan behar dute eskatzaileen borondatearen emaitza: «Jarduteko eta erabakitzeko gaitasuna duen pertsona orok eska dezake eta jaso laguntza hori, badin eta era autonomoan, kontzientean eta informatuan eskatzen badu». Hori egiaztatu egin behar da eskabide bakoitzean. Halaber, beti egiaztatu behar da eskatzailea sufrimendua jasaten ari dela. Bi motatakoa izan daiteke. Lehena: «Pairamen larri, kroniko eta ezintzailea». Bigarrena: «Gaixotasun larri eta sendaezin bat eta hark ekarritako sufrikario fisiko eta psikiko jasanezina». Horiek egiaztatzen ez badira, kontrako txostenak idazten dira. Eskabideen ardura duten medikuek, kasuak aztertzen dituzten mediku aholkulariek eta autonomia erkidego guztietan eskariak aztertzeko dauden berme batzordeek idazten dituzte txostenak.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako DHE Duintasunez Hiltzeko Eskubidea elkarteko kideek ikusiak dituzte eskabideak ukatzeko idatzitako hainbat txosten, eta ondo «argudiatuta» egoten direla esan du elkarteko presidente Rafa Salek. Ondorioak, hala ere, larriak dira zenbaitetan; badute ezezko txostena jaso eta gero beren buruaz beste egin duten pertsonen berri.
«Ezin da esan buruko gaixoek ezin dutenik eutanasia eskatu; baldintzak betetzen dituztela egiaztatzeko orduan, ordea, zailtasun gehiago dituzte»
RAFA SAL DHE elkarteko presidentea
Kontua da «pairamendua» bera eta haren inguruko bizipenak eta sentimenduak erruz aldatzen direla pertsona batetik bestera. Hor ikusten dute arazoaren muinetako bat ate gehiago irekiko dituen lege baten alde ari diren eragileek. «Izan ere, pairamendua esperientzia subjektibo eta pertsonala da; zaila da kanpotik interpretatzea: ezinezkoa», argudiatu du Salek. Jokabide okerra iruditzen zaio eskabideak aztertzen dituzten adituek pairamendu hori auzitan jartzea: «Ezin da zalantzan jarri; egiaztatu egin behar da pertsona baten pairamendua».
Erabakia ez du, ordea, horrek bakarrik baldintzatzen. Legeak zedarritutako irizpideen barruan aritze aldera, eskabideak aztertzen dituzten profesionalek testuingurua jarri behar izaten diote pairamendu horri, eutanasiak baimentzeko gainerako baldintzak aintzat hartzearekin batera: pazientearen autonomia, patologia mota, tratamendu alternatiboak eta ondo artatzeko baldintzak, besteak beste. Guztiak kontuan hartuta egiten da deliberamendua. Bide horretan, buruko patologiek zaildu egiten dute dena. Hain justu ere, Salek azaldu du pertsona horiei ematen zaien arta hobetzea dela erronketako bat, horiek ere izan dezaten eskubidea bermatuta. Baina ez da erraza. «Ezin da esan buruko gaixoek ezin dutenik eutanasia eskatu; baldintzak betetzen dituztela egiaztatzeko orduan, ordea, zailtasun gehiago dituzte».
Lege esparruan
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako DHE elkartean uste dute egungo «lege esparruak» kanpo uzten dituela laguntza nahi duten hainbat lagun. «Legea oso arlo jakinetarako da». Eutanasia legeztatuta daukaten beste herrialde askotan ere badira legearen bidez ate gehiago irekitzeko eskeak, eta, aurrerabideak egiteko orduan, badira zalantzak ere. Buruko gaixoen eta adingabeen eskabideak daude, adibidez, edo adin batetik gora, erkinduta, bizitzen jarraitu nahi ez dutenenak. Askotarikoak dira bizitzaren amaierako bizipenak, eta zail da legeak denei erantzutea.
Era berean, informazio faltagatik, usu jende askok eskabiderik ere ez du egiten, Salek salatu duenez. Osakidetzako kasua ezagutzen du ondoen, eta adierazi du askotan eskabidearen berri emateko ahaleginak urriegiak izaten direla, nahiz eta legea ezartzeko urratsak egoki egin diren. «Osasun Sailaren hedapen kanpaina ez da batere nabarmena, eta kanpoan geratzen dira hainbat lagun». Gaineratu du osasun profesional zenbaitek ez dutela zabaltzen gaia proposatzeko biderik.
Eutanasia kasuen jarraipenean eta ebazpenean berebiziko garrantzia dute autonomia erkidego guztietan propio horretarako antolatuta dauden berme eta jarraipen batzordeek. Medikuak eta juristak beti egoten dira, eta kasu bakoitzaren ezaugarrien arabera, erizain bat, gizarte langile bat edo psikologoak ere egoten dira. Bi egoeratan jarduten dute:Giltzak
Hasieratik txostenak aldekoak direnean. Eskabidearen ardura duen medikuak eta kasua aztertzen duen mediku aholkulariak aldeko txostenak ematen badituzte eta ondo argudiatuta eta azalduta badaude, berme batzordeak egiaztatu egiten du aldeko txostena.
- Aurkako txostenak daudenean. Hasieran ebatzi beharreko txostenetako bat ezezkoa bada eta pazienteak propio eskea egiten badu, berme batzordea osatzen duten kide guztiek elkartu behar izaten dute deliberaziorako. Osoko biltzar bat antolatzen dute horretarako. Informazioa eskatu, kasua aztertu, eta zenbaitetan bozketa ere egiten dira. Zalantzak izatea ez da ezohikoa, eta, ahal dela, horiek argitzea izaten da beti helburua. Han esandakoekin txosten bat egiten da, eta eutanasia eskea egiten duenari ematen zaio beti. Eskabideari ezezkoa ematen bazaio, pazienteak beti izaten du aukera auzitara jo eta aldeko ebazpen bat eskatzeko.
Ikusi gehiago