Lankidetzaren eta instituzionalizazioaren izenean, elkarlan hitzarmen bat sinatu dute gaur Josu Etxaburu eta Irati Alvarez Gure Esku-ko zuzendaritzako kideek eta Carlos Etxepare eta Mireia Epelde Euskal Herria Batera-ko ordezkariek. Urtarril bukaeran iragarri zuen Euskal Herria Batera-k Lizarran (Nafarroa) ospatuko zuela aurtengo Aberri Eguna, martxoaren 28an, eta helburu nagusi bat jarri zuten egun horri begira: Aberri Eguna instituzionalizatzea. Gure Esku batu da orain olatura, eta «ospakizun bateratua» bultzatzeko beharra azpimarratu du.
«Antzeko lan eremuak ditugu», erran du Gure Esku-k: «Ekimen osagarriak gara, eta bat egiten dugu ideia batean: Euskal Herriak bere egun nazionala du, Aberri Eguna, eta uste dugu Euskal Herria gure nazioa dela pentsatzen dugunok eremu bat izan behar dugula egun hori elkarrekin ospatzeko».
«Herriko erakunde gorenei» eskatu diete, haiek bezala, instituzionalizazioa bultzatu dezatela, baita eragile politikoei, sozialei, ekonomikoei, kulturalei eta kirol arlokoei ere. «Bakoitzak Aberri Egunari balioa emanda hasiko da instituzionalizazio hori, norbera parte aktiboa izanda. Keinuak eta ospakizunak ugaltzeak ekarriko du instituzionalizazioa», adierazi du plataformak.
Horrenbertzez, Gure Esku-k esplikatu du Lizarrako ospakizuna antolatzeko lanetan parte hartuko duela, eta deialdia zabaltzen lagundu ere bai. Baina argi dute elkarlana ospakizunaz bertzelako esparruetara ere zabaldu nahi dutela. «Burujabetzaren eta naziogintzaren alorreko beste esparru batzuetara zabaldu daiteke, Euskal Herriak ezinbestekoa baitu elkarlanaren bidea indartzea».