Karla Pisano. Gasteizko Etxebizitza Sindikatuko kidea

«Ezin dugu pentsatu etxeen arazoak ez duela loturarik besteekin»

Bi urte bete ditu jada Gasteizko Etxebizitza Sindikatuak, eta, hainbat fase igaro ostean, borroka jakin batzuetan sartuta dabil egun. Pisanok uste du sindikatuaren lana ezinbestekoa izan dela gatazka horiek irabazteko.

JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
unai etxenausia
Gasteiz
2021eko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Bizitokiekin lotutako zailtasunak areagotzen ari zirela nabarituta, duela bi urte jarri zuten martxan Gasteizko Etxebizitza Sindikatua. Ordutik, Karla Pisano kideak (Bilbo, 1996) azaldu duenez, «klase ikuspegia» aintzat hartuta egin dute lan. Ibilbide horretan izandako faseez eta estrategiez, herritarrak etxegabetzen ari diren enpresez eta taldeak jaso berri duen isunaz mintzatu da, besteak beste.

Nolakoa izan da bi urte hauetako ibilbidea?

Hipotesi eta aurreikuspen batzuk aintzat hartuz jaio ginen, eta lan egiteko bi forma mahai gainean jarri genituen. Hipotesia zen proletarizazio prozesu bat aurreikusten genuela, hau da, langile klasearen pobretze bat zetorrela, eta pobretze horrek zuzeneko eragina izango zuela etxebizitzaren auzian. Egoera horrek baldintza politikoak sortzen zituen beharrizan horren gainean antolakuntza politikoa sustatzeko. Lan egiteko moduari dagokionez, alde batetik, klase ikuspegian oinarritu gara: klase batasunean eta klase independentzian. Bestetik, gaitasunak zentralizatuz egin dugu lan, modu eraginkor batean tresnak garatuz. Bagenekien antolakuntza forma ezberdinak probatu behar genituela, eta bi urte hauetan horretan ibili gara. Gure ibilbidean, pandemiaren aurretik eta konfinamenduan, hainbat fase izan ditugu.

Zeintzuk?

Lehen urtean, probatzen hasi ginen; sindikatura zenbat jende etortzen zen ikusi nahi genuen. Gehienak etxerik ez zeukaten pertsonak izan ziren. Etxegabetze abisua zeukaten pertsonen kasu batzuk ere heldu zitzaizkigun, eta epaiketa prozesuekin lagundu genien.

Bigarren urtean pandemia iritsi zen. Konfinamendu garaian, gure jardunaren balorazio positiboa egiten dugu, egoera nahaspilatsu hartan azkar erreakzionatu genuelako, eta gure lanak ez zuelako etenik izan. Frogatu genuen antolakuntza komunistak ahalmena daukala horrelako egoera batean. Garai hartan, posta elektroniko bat jarri genuen martxan, eta 350 kasu baino gehiago heldu zitzaizkigun. Gehienbat aholkularitza juridiko eta politikoa eman genion jendeari.

Eta konfinamenduaren ostean, zer?

Gatazka jakin batzuk aukeratu ditugu, eta horietan sakontzen saiatu gara. Adibidez, Gasteizko Herrandarren kaleko eraikinaren kasua. Bereziki, etxerik gabeko jendearen eta okupazioaren auziak landu eta batu genituen, lehentasun bat zirelako. Proiektuan jende asko inplikatu zen, eta 30 pertsona baino gehiago bizi izan ziren eraikin horretan. Gainera, beste lan lerro garrantzitsu bat ere izan dugu, eta, publiko egin ez dugun arren, bere fruituak eman ditu: Alokabiderekin harremanetan zeuden pertsona askori zailtasunak jartzen zizkieten etxea alokatzeko, eta horretan ere lagundu diegu. Horregatik, uste dugu borroka sindikala beharrezkoa dela babesgabetasunari aurre egiteko. Eragile sindikal bat tartean agertzen denean, gatazkak irabaz daitezke: hori frogatu dugu.

Zein izan da sindikatura joan den jendearen soslaia?

Profil oso ohikoa izan da gazte langileena, haien klase posizioagatik arazo argi bat daukatelako etxebizitza bat lortzeko. Are, borondate politiko militantea daukate askok: proiektu politikoa elikatzera gerturatzen dira. Planteatzen ditugun hipotesi eta printzipio politikoekin bat egiten duen jendea izan ohi da. Gainera, etxebizitzaren problematika era gordinago batean jasan duen jendea ere hurbildu zaigu, izan bizi kalitate miserablea daukaten Euskal Herriko proletarioak edo proletario atzerritarrak. Profilaren arabera ere aldatzen dira arazoak: proletario gaztearen kasuan, zuzenean etxebizitzarik ez izatea izaten da normalean; beste soslaiek alokatzailearekin izaten dituzte zailtasunak.

Nola ulertzen duzue etxebizitzaren afera?

Okupazioari buruz jende askok duen irudi sofistikatu edo mafiosoak ez dauka zerikusirik errealitatearekin. Fenomeno sozial bat da, errealitatearen parte dena. Horren harira, mugimendu sozialistan, gure borroka osotasun politiko baten barruan kokatzen dugu. Askotan lokalismora jo ohi dugu horrelako proiektuetan, baina antolakuntza globalago bat behar da, eta, Erraki bezalako mugimenduei esker, indar korrelazioa alda daiteke. Gaitasunak zentralizatu egin behar ditugu.

30.000 euroko isuna jaso duzue duela hilabete gutxi. Zergatik?

Poliziak Herrandarren kaleko eraikina hustu zuenean, teorikoki ezin ziren etxegabetzeak egin, pandemian kaleratzeak ez egiteko dekretu bat argitaratu zuelako Espainiako Gobernuak. Baina etxegabetzea pandemia betean izan zen. Horrek erakusten dizkigu erreforma haren mugak eta eraginkortasunik eza. 40 pertsona ingururi isuna jarri ahal izateko, salbuespenezko legedia erabili zuten, segurtasun distantzia mantentzen ez zutela esanez; 600 eurokoak izan ziren isun gehienak. Halere, zoritxarrez, sindikatuko lau kide epaiketa baten zain daude, eta bi kide atzerritartasun zerbitzura eraman zituzten, eta, gaur-gaurkoz, estradizio agindua daukate. Horregatik, uste dugu prebentzio gisa erabili zutela kaleratzea. Errakiren babesa izan ez bagenu, oraindik ezingo geniokeen arazoari aurre egin. Egitasmo politiko bat indargabetzeko, errepresio ekonomikoa eraginkorra da, baina gurekin ez zuten lortu.

Etxegabetzeak egiteko enpresak albiste izan dira azken hilabeteotan. Zer iritzi duzue?

Desokupazio enpresak jabe handi, ertain eta txikiek beren etxebizitzak berreskuratu nahi dituztelako existitzen dira. Zalantzazko legezkotasuna duten bideak erabiltzen dituzte jabegoak berreskuratzeko. Enpresek presio bidez ateratzen dute jendea etxeetatik: batzuetan, dirua eskainiz, eta, bestetan, mehatxatuz. Halere, desokupazio enpresen eskumen erreala oso murritza da: jendearen babesgabetasunaz eta ezjakintasunaz baliatzen dira. Enpresa horiek soilik antolakuntzarik ez dagoen kasuetan lortzen dute nahi dutena.

Beraz, zer bide jorratuko du sindikatuak aurrerantzean?

Helburu orokorrei dagokienez, bi erronka nagusi ditugu. Lehenik eta behin, demostratu behar dugu gure printzipio politikoen barruan gatazkak irabaz daitezkeela; garaipen partzialak dira, nolanahi ere. Bestetik, gure egitekoa da gatazka politiko horien eta auzi politiko orokorraren arteko lotura etengabe seinalatzea: ezin dugu pentsatu etxebizitzaren arazoak ez duela zerikusirik besteekin. Borrokara batzen diren guztiei ulertarazi behar diegu auzi politiko orokor bati jarraipena ematea dela gure helburua, hobekuntza partzialez gain. Demostratu behar dugu antolakuntza komunistaren bitartez posible dela askatasun unibertsala erdietsiko duen programa iraultzaile bat aurrera eramatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.