«Ezin duzu ulertu». Irungo eta Hondarribiko herritar askok zapla botatzen zieten esaldia kazetariei, alardeen gatazka azaltzeko eta kontatzeko asmoz joaten zirenean. Halaxe bota zioten kazetari honi ere, 1996ko udan, Euskaldunon Egunkaria-ko bekaduna zela, Hondarribian. Jaia sentitzeak edo harekin lotura emozionala izateak bidegabekeria zurituko balu bezala, eta kazetaria behartu jokabide horiek auzitan ez jartzera.
Arrazoi zuten. Ezin dut ulertu irailaren 8 hartan, herriko festetan, herriko gizonek jaietako ekitaldi batera sartu ziren emakumeak jo izana.
Ezin dut ulertu erasoaren lekuko izan ziren herritarrek, alarde baztertzailearen aldekoek, kazetarioi «egia» kontatzeko eskatu izana oihuka.
Ezin dut ulertu nirekin joandako argazkilariak, halabeharrez, argazkiak ateratzeko ez ezik, bere burua babesteko ere erabili izana argazki kamera, bera ere jo nahi zutela eta.
Ezin dut ulertu 1996ko Irungo Alardearen aurreko egunetan Maribel Castello EAko zinegotziari hiltzeko mehatxuak egin izana.
Ezin dut ulertu emakumeen eta haien aldeko gizonen kontra ohiko irain unibertsalak erabili izana: «emagalduak», «lesbianak», «tortillerak», «emakumeak sukaldera», «koldarrak», «marikoiak»...
Ezin dut ulertu alarde baztertzailearen aldekoek hitzez behintzat biolentziaren kontra zeudela adierazi izana, baina gero emakumeen kontrako indarkeriaren harira jarrera epela erakutsi izana eta kasu batzuetan zuritu ere egin izana, egoera emakumeen «probokazioaren» ondorio zelakoan.
Ezin dut ulertu hondarribiar ezagunei galdezka hasi eta urte haietako Realeko jokalari batek esan izana emakumeek alardean parte hartzea ez zela berdintasuna lortzeko aurrerapausoa; musikari ezagun batek emakumeei egotzi izana denbora gutxian dena lortu nahi izatea; sukaldari batentzat emakumeek uniformea janztea eta eskopetarekin desfilatzea «estetikoa» ez izatea; futbol entrenatzaile ospetsu eta arrakastatsu bat parte hartzea debekatzearen kontra ez egon izana, baina pentsatu izana emakumeek alardean desfilatzeak ekitaldiari «xarma» galaraziko liokeela; EHUko irakasle batek alardean atera nahi izan zuten emakumeei «herria saltzea» leporatu izana; eta alardeko orduko jeneralak 1996ko emakumeen kontrako erasoa zuritu izana, esanez abisatu zietela eta herritarren erantzuna «neurrikoa» izan zela. Beste harribitxi bat ere bota zuen jeneralak: «Emakumea arrotza da alardean, motor pilotu bat zaldi lasterketa batean bezala».
Ezin dut ulertu herritar batzuek beste batzuei jaian parte hartzeko eskubidea ukatzea, baldin eta kantinera gisa edo espaloitik txaloka arituta parte hartzen ez badute. Garbi utzi nahi dute nor den protagonista, nor ikusle, nor dagoen espazio publikoaren erdian, nor bazterrean...
Ezin dut ulertu herritar batzuek ukatzea beste batzuk ere komunitateko kide direla.
Ezin dut ulertu alardeen gatazkak urte osoko bizimodua baldintzatzea, harremanak puskatzea, emakumeen aldekoei boikot egitea eta batzuek herriak bi bandotan banatzea.
Ezin dut ulertu alarde baztertzailearen aldekoek, alarde mistokoen poza eta jai giroa ikusten dituztenean, nola ez dieten opa halakorik jaietan parte hartu nahi duten emakume guztiei. Zergatik ukatzen dieten eta ukatu nahi dieten gozatzeko eskubide hori gainerakoei.
Ezin dut ulertu tradizioa jainkotzea eta gurtzea, tradizioan gotortzea, tradizioa aldatzeko nahia traiziotzat hartzea. Alardea bizitzeko modu bakarra dagoela pentsatzea.
Ezin dut ulertu, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna lortzeko egin diren urrats guztiak egin eta gero, bizitzako gainerako esparruetan emakumeak baztertzea onartzen ez dutenek emakumeei jaietan berdintasunez parte hartzeko aukera ukatzea.
Ezin dut ulertu Alberto Buen, Jose Antonio Santano eta Cristina Laborda alkateek Irunen eta Borja Jauregik, Aitor Kerejetak eta Txomin Sagarzazuk Hondarribian izandako jokabidea. Alarde baztertzailearen babesle eta konplize izatea.
Ezin dut ulertu haien alderdiek —EAJk eta PSE-EEk— halako jokabideei bide ematea. 30 urtean eta halako eskandalu baten harira gauzak bideratzeko eta aldatzeko zirkinik ez egitea. Anomalia normalizatzea. Alderdien hauteskunde interesak oinarrizko printzipioen eta giza eskubideen gainetik jartzea. Giza eskubideen babesean denbora eta geografia elipsi bat egitea, urte guztian onartzen ez dutena bi herri horietako jaietan onartzeko.
Ezin dut ulertu Gipuzkoako Foru Aldundiak diskrezio hitza erabiltzea zerbait egiten ari dela iradokitzeko, jendaurrean adierazpenik ez egiteko, iritzirik ez emateko, baina praktikan bere lekua argi eta garbi erakusteko.
Ezin dut ulertu halako gai bati garrantzi politikorik ez ematea, jaien garrantzi politikoa gutxiestea. Festak herritarren eta herrien nortasunari eusteko eta nortasuna eraikitzeko tresnak dira. Irungoa eta Hondarribikoa ez dira arazo lokalak. Tradizioek ere giza eskubideak errespetatu behar dituzte.
Arrazoi zuten. Ezin dut ulertu.
Erlazionatuta