Irun, 1996ko ekainaren 30a: ametsa betetzeko borrokaren txinparta

Bidasoaldeko alardeen gatazkak 30 urte bete ditu. Garai hartan Irungo alardean sartzen saiatu ziren hiru lagun eta egungo alarde parekideko hiru kide elkartu ditu BERRIAk, hasierako urteak gogoratzeko eta egindako bideaz hausnartzeko.

Ezkerretik eskuinera, Otxoa, Montero, Altube, Dominguez, Estonba eta Olaskoaga, San Martzial kalean gora. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Maite Asensio Lozano.
Irun
2026ko ekainaren 28a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Hemen hasi zen dena duela 30 urte», esan du Jaione Otxoa Fernandezek, Irungo Urdanibia plazan (Gipuzkoa); «Tira, lehenago hasi zen, aurretik ere kozinatu genuelako; baina hemen gauzatu zen». 1996ko ekainaren 30az ari da, San Martzial egunaz, herriko jaiegun nagusiaz: ehun andrez eta gizonez osatutako talde bat Irungo alardean sartzen saiatu zen, soldadu jantzita, emakumeek desfilean berdintasunez parte hartzeko zuten eskubidearen alde. «Ez genuen alardea zapuztu nahi. Aldarrikapen ekintza bat izan zen», nabarmendu du Iñaki Altube Martinezek. Ekintza hark, ordea, alardearen atzean zeuden mamuak eta botere harremanak azaleratu zituen, eta gatazka bat leherrarazi zuen, oraindik konpondu ez dena. «Sartzen saiatu ginen… eta orduan hasi zen gure kalbarioa», berretsi du Cristina Estonba Mincherok, San Martzial kaleko aldapari so.

Euskal Herrian emakumeen eskubideen eta berdintasunaren inguruan dagoen gatazka esanguratsuenetako bat da Irungo eta Hondarribiko alardeena. Eta luzeenetako bat, aurten 30 urte beteko baitira andrazkoak desfileetan sartzen saiatu zirenetik: ekainaren 30ean Irunen, eta irailaren 8an Hondarribian. Baina gatazka, berez, lehenago hasi zen. Orduan gizonek baino ezin zuten soldadu gisa desfilatu alardeetan; emakumeen parte hartzea kantinera rolera mugatuta zegoen: konpainia bakoitzeko bat, bizitzan behin, eta hautatua izanez gero. Bi herriotako andreek hilabeteak zeramatzaten haien parte hartzeari buruzko eztabaida sustatzen eta berariazko eskaerak egiten: gizonen pare desfilatu nahi zuten.

«Ez zen izan urte hartako kontu bat, lehendik ere bazetorren: aldarrikapena kalean zegoen, giroan. Une egokia zen», gogoratu du Estonbak. Horren adierazle dira 1995etik izandako eztabaida publikoak, mahai informatiboak, inkestak, eskeak... Eta 1996ko apirilean Irungo udalbatzara jo zuten —aurten bilkuran izan dira berriz, hura oroitzeko—, alardearen inguruko ordenantzak aldatzea galdegiteko, eta horrela emakumeek soldadu moduan parte hartu ahal izateko modua egiteko.

«Ez zen izan urte hartako kontu bat, lehendik ere bazetorren: aldarrikapena kalean zegoen, giroan. Une egokia zen»

CRISTINA ESTONBA MICHERO Irungo alarde parekideko kidea (Irun, 1966)

«Ez ziguten kasurik egin», laburbildu du Otxoak: «Haiek beti esan dute gaizki egin genuela, modu txarrean sartu ginela, baina hilabeteak egin genituen eskatzen eta informatzen. Oinarrizko eskubide bat ukatu ziguten, eta guk, eskubidedun herritarrak izaki, eskubide hura egikaritzea erabaki genuen. Eta atera egin ginen». Ekainaren 30 hartan, Ama Xantalen baselizan egin zuten hitzordua. Ermitako atearen aurrean egindako argazkietan, irribarreak eta ilusioa dira nagusi emakumeen eta gizonen keinuetan. Irudiok eskutan hartuta oroitu dute une hura:

CRISTINA ESTONBA: 08:15ean abiatzen da alardea, baina konpainiek 07:30erako egon behar dute Urdanibia plazan; beraz, gu 07:00ak aldera egongo ginen hemen. Emakumeetako batzuk hortxe jantzi ziren; izan ere, beldurrez, ezin ginen etxetik soldadu jantzita etorri.

JAIONE OTXOA: Nik une hura ez dut hainbesteko beldurrez gogoratzen: xalotasunez aritu ginen, ez genekien zer gertatuko zen. Igual espero genuen giroa pixka bat nahastea, baina ez hainbeste.

IÑAKI ALTUBE: Nik 23 urte neramatzan desfilatzen, eta ohitura denez abiatu aurretik kantinerak gosari txiki bat ematea, nik halako zerbait ekarri nuen: pasta batzuk eta ardo gozoa. Niretzat tradizio hura oso atsegina zen.

IRUNGO ALARDEA
1996ko ekainaren 30ean ehun lagun bildu ziren Ama Xantalen ermitan, alardean sartzeko. IRUNGO ALARDE PAREKIDEA 

Hain justu, Altubek hartu zuen taldea zuzentzeko ardura. Denak elkarrekin, «formatu gabe baina bat eginda», Urdanibia plazarantz abiatu ziren. «Segur aski, alardekoek espero zuten hiru edo lau pertsonako taldeak sartzen saiatzea, baina ez halako ekintza handi bat egitea, ehun lagunekoa», azaldu du. Plazan, albo batean geratu ziren, konpainietatik bereizita, «tentsioan», zain.

ESTONBA: Abiatu ondoren, konpainia guztiak igotzen hasi ziren. Ama Xantalen konpainiak alardearen erdialdean desfilatzen zuen; guk bagenekien sartzen utziko zigutela. Fermin Muguruzak eta haren lerrokoek konpainia geldiarazi zuten, eta tarte horretan sartu ginen. Azkenean lortu genuen pixka bat desfilatzea, metro batzuk, baina San Martzialeko aldapan jada hasi ziren oihuak, irainak... Ikaragarria izan zen».

OTXOA: Korrika aritu nintzela, besterik ez dut oroitzen.

ALTUBE: Sartu eta berehala, atzeko tenientea etorri zitzaigun, eta geldiarazi egin gintuen; aurretik genuen konpainiak 30 metro atera zizkigun. Gure obsesioa zen hutsunerik ez uztea, publikotik sartu ez zitezen gu geldiaraztera. Orduan korrika hasi ginen... Taldea gutxi gorabehera berregitea lortu genuen, baina jende asko atzean geratu zen. Oihuak sorgarriak ziren.

ESTONBA: «Kanpora, kanpora» oihukatzen ziguten gaztelaniaz, «putak»...

OTXOA: Izugarrikeria hutsa izan zen. Hil nahi gintuztela uste genuen.

IRUNGO ALARDEA
Alarde parekideko kideak, Urdanibia plazan, 96ko argazkiei begira. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
 

Kostata lortu zuten San Juan plazara iristea, Irungo udaletxearen aurrera: bertan biltzen dira konpainiak, alardeko goi agintarien zain. Irudietan, kaosa, oihuak, keinu zatarrak, negarrak... Taldearen helburua zen gutun bat ematea komandanteari, hark jeneralari helarazi ziezaion, eta bertan erretiratzea, borondate oneko keinu gisa. Honela zioen idatziak: «Gure herri osoak daki zergatik gauden gaur hemen; badute gure aldarrikapenen berri. Baina irundar gutxik dakite nola sentitzen garen: ez dakite zein zirraragarria litzatekeen guretzat gaurko alardearen parte izatea, segurtasunez eta pozez».

ESTONBA: Nik eman behar nion gutuna komandanteari, baina mespretxu keinu batez uko egin zion hartzeari, eta kapitain bati eman nion; ez dugu inoiz jakin jeneralari eman ote zion. Plaza builaka genuen, eta, konpainia gehiago sartu ahala, alardeko gizonak hazita, oihuka. Txapelak eskopetetako kanoietan jarriz, errenditu egiten ginela adierazi genuen, eta udaletxeko arkupeetan babes hartu genuen. Hor zain egon behar izan genuen denek alde egin arte; albotik pasatzen zirenek denetik esan ziguten. Eta plaza hutsik zegoenean ere, lau pertsonak harriak bota zizkiguten.

OTXOA: Denak joan zirenean, Jesus kaletik alde egin genuen. Bidean arropak erantzi behar izan genituen: udaltzainek aholkatu ziguten kentzeko identifika gintzakeen guztia; beraz, erantzi egin behar izan genituen jaka, gorbata, lokarri beltzak, eskopetak...

ESTONBA: Udaltzainak gu babesten saiatu ziren; komandantearen egitekoa zen, baina ez zen egoeraren kargu egin.

«Segur aski, alardekoek espero zuten hiru edo lau pertsonako taldeak sartzen saiatzea, baina ez halako ekintza handi bat egitea, ehun lagunekoa»

IÑAKI ALTUBE MARTINEZ Irungo alarde parekideko kidea (Santiago, Txile, 1953)

OTXOA: Are gehiago, anbulantzia bat plazan sartzen saiatu zen, alardeko gizon bati bihotzekoak eman ziolako, eta ez zioten sartzen utzi. Eta hil egin zen gizona. Gure erruz, noski, haien diskurtsoaren arabera.

ALTUBE: Nik gogoan dut une batez arkupetik atera nintzela; gizona izanda, ahal nuen, oharkabean pasatzen nintzen. Eta gustura nengoen, pentsatu bainuen ekintza nahiko ondo atera zela, gutuna hartu ez zigutela kenduta. Emakumeak, aldiz, lur jota zeuden.

OTXOA: Gero horrek ondorio larriak izan ditu, ez bakarrik egun horretan, baizik eta urte osoan zehar, eta urte askotan. Izan dira zerrenda beltzak, boikotak, erasoak, irainak kalean edozein egunetan, mehatxuak...

IRUNGO ALARDEA
1996an, San Juan plazan, emakumeak txapelak eskopeten kanoietan jartzen. IRUNGO ALARDE PAREKIDEA  

Emakumeen eskakizunek ere bide gorabeheratsua abiatu zuen. Hurrengo urtean, 1997an, EAEko Auzitegi Nagusiak udalari agindu zion andreen presentzia bermatzeko alardean: dudarik ez zen halako ekitaldi publiko batean emakumeek eskubidea zutela berdintasunez parte hartzeko. Beraz, formazio misto bat sortu zuten desfilearen amaieran sartzeko, baina gizonak ez ziren agertu. 1998an, berriz, alardearen antolakuntza pribatizatu zutenez, Alberto Buen buru zuen udalak alarde parekide bat antolatu behar izan zuen, orduan ere auzitegiak behartuta. «Udalak, zinikoki, pentsatzen zuen ez genuela halakorik egingo, baina egin genuen», oroitu du Estonbak. «Lehen urte hartan, musika bandarik eta danborradarik gabe atera ginen, baina zalditeriarekin eta artilleria konpainiekin. 470 laguneko alarde bat. Lau lerro txilibituekin, bat erredobleekin eta bi partxeekin; hori zen konpainia bat egiteko gutxienekoa. Eta egin genuen alardea. Ederra izan zen».

«Udalak eta EAJk eta PSEk oraingo egoera iraunarazi nahi dute: ez dute esku hartu nahi. Baina instituzioen egitekoa da: nola da posible udalak ez antolatzea herriko jai nagusia?»

JAIONE OTXOA FERNANDEZ Irungo alarde parekideko kidea (Irun, 1972)

Udal alarde parekideak, ordea, eten bat izan zuen 2000. urtean: auzitegiek ebatzi zuten alardean ezin zela diskriminaziorik izan, partikular batzuek antolatu arren, eta udal alardea desegin egin zen, ulertuta alardeak ezingo zuela baimenik lortu emakumeen presentzia bermatu ezean; eta horretarako Oiasso konpainia mistoa eratu zuten. Alarde egunean, ordea, ez zieten desfilean sartzen utzi. Bi urteko ezinaren ondoren, 2003an berriro ekin zioten alarde parekidea prestatzeari, baina orduko alkate Jose Antonio Santanok uko egin zion desfilea antolatzeari. «Amore emateko esan zigun. Hasierako urte haietan guretzat pentsaezina zen udalak eskuak garbituko zituela», adierazi du Altubek.

Eztarrian korapiloa duela mintzo da Otxoa urte haietaz. Oso gogorrak izan ziren, baina andreek ez zuten etsi: «Gure herriko jaietan kalean egoteko eskubidearen alde borrokatu behar genuen». «Aldarrikapena ez ezik, niretzat ametsa zen nire anaien alboan desfilatzea alardean», erantsi du Estonbak.

 

(ID_16184786) IRUNGO ALARDEA
Sei hizlariak, San Juan plazan, udaletxe aurrean.
JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Egun historiko hartako kontakizunak, urte historiko haietako oroitzapenak adi entzun dituzte Nagore Olaskoaga Alsuak, Cristina Dominguez Dieguezek eta Iker Montero Madridek. Baita miresmenez entzun ere, Dominguezek nabarmendu duenez: «Oso ausartak izan dira. Haiei esker gozatu dezakegu orain».

Gazteagoak izaki, gatazka betean sartu ziren hirurak alarde parekidean. «14 urterekin, alarde mistoari txalo egin nion, eta iraindu egin ninduten. Ama konbentzitu nuen arriskutsuagoa zela ikustea desfilatzea baino», gogoratu du Monterok. Egun, berak jasotzen du Irungo herriaren bandera alarde egunean: «Emakumeek desfilatu nahi izatea guztiz naturala iruditu zait beti. Emakume asko izan ditut inguruan, arreba eta ni berdin hezi gaituzte, eta nire kuadrillan mutilak eta neskak daude; ez dut ulertzen bizitza bereizita».

«14 urterekin, alarde mistoari txalo egin nion, eta iraindu egin ninduten. Ama konbentzitu nuen arriskutsuagoa zela ikustea desfilatzea baino»

IKER MONTERO MADRID Irungo alarde parekideko kidea (Irun, 1989)

Gazteak ere zirraraz mintzo dira alardeaz: nortasuna, jaia, aldarrikapena eta ardura uztartzen dira haien bizipenetan. Alarde parekidean sortutako azken konpainian, Meakan, kapitain da Olaskoaga: «Auzokideen artean beti egon da konpainia bat sortzeko grina, eta iaz lehenengoz desfilatu genuen gure auzoko kide gisa». Eta Dominguez alferez da San Miguelen: «Nire lekua aurkitu dut alardean: nire ingurukoak ez ziren ateratzen, baina lagun batek adoretuta sartu nintzen, eta orduan jakin nuen zer zen jaiez disfrutatzea».

Halere, historiaren eta borrokaren inguruan transmisiorik ez dela izan deitoratu dute:

NAGORE OLASKOAGA: Gaur egun, gazteek ez dute historia honen berririk. Isiltasun handia dago. Gure artean ere ez da asko kontatu. Haiek [baztertzaileek] haien bertsioa kontatu dute: moduak ez zirela egokiak izan eta abar. Baina ez da kontatu egiaz zer gertatu zen, batzuei ez zaielako interesatu, eta, gainera, gezurrak oso erraz zabaltzen dira. Jendeak ez daki zer gertatu zen.

IKER MONTERO: Gero, ikusten gaituztenean eta ohartzen direnean ez garela deabruak, askok iritzia aldatzen dute. Baina informazio faltsu asko dago.

OLASKOAGA: Ni irakaslea naiz Hondarribian, eta han ere ez da lantzen gaia. Ez dago berariaz debekatuta, baina badakizu gaia aipatuz gero familiak etorriko direla. Hezkuntzan baloreak transmititzea dagokigu, historia ezagutaraztea, eta hau gure historiaren parte bat da, baina ez dago transmisiorik. Familietan ez da kontatzen, eta eskolan ere ez.

CRISTINA DOMINGUEZ: Ume askok uste dute gu gaiztoak garela alardean ateratzeagatik. Eta horrela esaten dute: «Zuek jo egiten duzue»; etxean hori kontatu diete eta. Mito eta sinesmen horiek oso errotuta daude oraindik.

OLASKOAGA: Gainera, orain ideia faltsu bat saltzen da: «Bakoitzak parte har dezala nahi duen alardean»; askatasuna balego bezala.

IRUNGO ALARDEA
Estonba, argazki zaharrak eskuetan, azalpenak ematen. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Izan ere, oraindik bi alarde daude Irunen: bat, baztertzailea, eta bestea, parekidea; eta zaila da batean edo bestean parte hartzeko hautua askea izatea, emakumeek ezin baitute lehenengoan desfilatu. 30 urte igaro diren arren. Orain, alarde parekideko kideen eskaera nagusia zera da: udalak berriro bere gain har dezala desfile berdinzalea antolatzeko ardura, 90eko hamarkadaren amaieran egin zuen bezala. Azken urteetan behin baino gehiagotan galdegin dute hori ofizialki, baina udalak ez die erantzun ere egin. «Udalak eta EAJk eta PSEk oraingo egoera iraunarazi nahi dute: ez dute esku hartu nahi. Baina instituzioen egitekoa da: nola da posible udalak ez antolatzea herriko jai nagusia?», salatu du Otxoak. «Gizarte zibilak ez bagenu desfile parekidea antolatuko, edo urte batez egiteari utziko bagenio, Irungo emakumeek ezingo lukete alardean parte hartu. Instituzio publiko bat erantzukizun horretatik aldentzea oso larria da», gaineratu du Altubek.

«Adineko emakumeak ere gero eta gehiago ateratzen dira, eta hori aldaketa garrantzitsua da. Izan ere, askotan emakumeak besteen itzalean bizi dira: zaintzen, pentsatuz garaia pasatu zaiela»

NAGORE OLASKOAGA ALSUA Irungo alarde parekideko kidea (Irun, 1982)

Eta halaxe egin du 30 urteko bidea desfile berdinzaleak: udalaren eta herriko alderdi nagusien babesik gabe —duela hiru urte egin zion alkateak harrera balkoian lehen aldiz—, eta bortxa handia pairatuta. «Baina gu oso bat eginda egon gara beti», azpimarratu du Estonbak: «Ezkerra banatuta egoten da, baina borroka honetan batuta egon gara mugimendu sozialak, berdintasunaren alde, eta alardeaz etxetik edan dugunaren alde». Konbentzimenduak elikatuta eta indartuta joan da alarde parekidea sendotuz: urtetik urtera partaide gehiago hartuz, eta espaloietatik ere berotasun handiagoa jasoz.

Eta, abagune horretan, oraindik helburutzat al dute alarde bakarra egitea?

OTXOA: Noski. Hori gertatu egingo da.

MONTERO: Udalak du giltza: udal alarde bat egin, eta alarde hori ofizialtzat hartzen duenetik aurrera, jendea gurera etorriko da apurka, eta alarde nostalgikoan oso jende gutxi geratuko da.

ESTONBA: Nik ez dut bestera joan nahi, ez dut neure burua hor ikusten. Alarde diferente bat eraiki dugu: kantineren postuak zozketatu egiten dira, kapitainak bost urtean behin aldatzen dira… Mugiezinak ziruditen gauzak aldatu ditugu. Eta oso harro gaude.

ALTUBE: Emakumeen berdintasuna oso garrantzitsua da, baina aukera berdintasuna ere bai: jada ez dute familiek eta abizenek erabakitzen non egongo den nor. Eta hori ederra da. Gainera, errituala oso ondo egiten dugu, eta masa kritiko handia dugu: asteko egunaren arabera, 1.800 eta 2.200 lagun artean gara. Hasi ginenean, gu halako hamasei ziren haiek, eta haien erdiak izango gara laster.

OTXOA: Ni urtero emozionatu egiten naiz entseguetan, gurekin ateratzen diren gazte pila hori ikustean, kuadrilla osoak zoragarri pasatzen. Bide honek merezi izan du, neska gazteak orain oso naturalki gozatzen ari direlako, sekulako askatasunez.

OLASKOAGA: Eta adineko emakumeak ere gero eta gehiago dira: inoiz desfilatu gabeko andre pila bat atera ziren iaz Meakan. Eta hori aldaketa garrantzitsua da. Izan ere, askotan emakumeak besteen itzalean bizi dira: zaintzen, bigarren planoan, pentsatuz garaia pasatu zaiela. Hori apurtzea, adin horretan pausoa ematea eta disfrutatzea oso askatzailea da.

«Alardea aldatuz joan da garai historikoaren arabera. Orain, edozeinek goza dezala nahi duen moduan; hori da gaur egun egin dezakegun ekarpenik politena»

CRISTINA DOMINGUEZ DIEGUEZ Irungo alarde parekideko kidea (Irun, 1993)

ALTUBE: Eta halere, errealitatea sekulakoa da, eta betikoek dena daukate: kontakizuna, jendea, boterea, ekonomia… Batzuetan pentsatzen dut 500 urte barru ere betikoa egongo dela.

MONTERO: Tira, lehen 8.000 ziren, eta orain 5.000.

ALTUBE: Bai, eta 2.000ra jaitsiko dira, baina jende kopuru bati eutsiko diote, batzuek uste dutelako emakumeek gizonek baino urrats bat atzerago egon behar dutela. Dena den, oraingoarekin arduratu behar dugu: gure alardea sendotu, ondo pasatu, udalak antola dezan borrokatu eta alarde ireki bat egin parte hartu nahi duen ororentzat.

DOMINGUEZ: Hori da tradizioa ohoratzeko modurik ederrena. Alardea bera aldatuz joan da garai historikoaren arabera. Orain, edozeinek goza dezala nahi duen moduan; hori da gaur egun egin dezakegun ekarpenik politena.

OTXOA: Azken batean, aldarrikapen bat egiten dugu jai giroan. Eta nik ez dut aldarrikapena ahaztu nahi: udal alarde parekide, inklusibo eta ez-autoritario bat lortu arte jarraituko dugu borrokan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA