Ezker abertzalea aro berrian. Ekitaldia

«Ezinbestekoa da ezker abertzale berria osatzea eta indartzea»

Independentziaren helburura heltzeko, «aliantza politikoen eta sozialen kultura berria» aldarrikatu du Rufi EtxeberriakIruñean egindako ekitaldian, ETAk «lehen mailako ekarpena» egin duela adierazi du

Ezker abertzaleko ordezkariak atzo Iruñeko Refena azokan egindako ekitaldi poliitikoan, Eusko Gudariak abesteko unean. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Iruñea
2011ko urriaren 30a
00:00
Entzun
«Pozik gaude». ETAk jardun armatua uzteko erabaki historikoa hartu ondotik lehen aldiz, ezker abertzaleak ekitaldi politikoa egin zuen atzo Iruñean, bere militanteen aurrean. Bertan, euskara hutsezko hitzaldian, Rufi Etxeberria ezker abertzaleko kideak iragan hurbilari erreparatzearekin batera batez ere etorkizuneko erronkei buruz hitz egin zien Refena azokan bildu ziren mila lagun ingururi. Ezker abertzalearen estrategiaren bide orria marraztearekin batera, Etxeberriak ohartarazi zuen aurrean den bidea «urte luzeetarako» dela eta «pazientzia handia» beharko dela, pauso orok «herritarren babesa» beharko duelako. Horregatik, Etxeberriaren iritziz, «ezinbestekoa da ezker abertzale berria osatzea eta indartzea».

Bere hitzaldi politikoan Etxeberriak azaldu zuen ezker abertzale berri horrek izan behar duela fase politiko berriaren «motor ideologiko, politiko, sozial eta instituzionala». Horretarako, ordea, lehenik eta behin legezko alderdi izatea aldarrikatu zuen, eta jarraian «konbentzionalismoetatik» ihes egiteko beharra azpimarratu zuen, besteak beste, «formazio politiko sakona eta irudimenaren erabilera» aldarrikatuz.

«Ohitura txarrak» alboratu

Alde horretatik, jardun politikoan ezker abertzalearen dohainak ustiatu eta jarrera ezkorrak alboratzeko deia egin zien militanteei Etxeberriak. Haren ustez, egungo egoera politikoan «gizarte esparru guztietara» zabaldu behar ditu ezker abertzaleak bere eragin guneak: «Printzipio ideologikoetan irmo izanik, baina zabaltasun handiz jokatuz. Jarrera sektarioak, kontrolaren obsesioa eta edonolako ohitura txarrak baztertu behar ditugu».

Horrekin batera, Rufi Etxeberriak «aliantza politiko eta sozialen kultura berriaz» jabetzeko deia egin zuen, ezinezkoa delako etorkizuneko «lan zama handia» bakarrik hartzea. Hala, beste sektore subiranista eta ezkertiarrekin «elkarlana» sustatzeko beharra nabarmendu zuen. Haren ustez, aliantza politikaren «lehen urratsak» baino ez dira ikusi orain arte, eta, arlo horretan, «sakondu beharra dago».

Aliantza taktikoak eta estrategikoak bereizi egin zituen Etxeberriak. Lehen kasuan, esan zueneremu ezberdinetara zabaldu behar direla aliantza horiek: euskalgintza, presoak, ingurumena, sindikalgintza, lehen sektorea, genero berdintasuna... Bigarren kasuan, «aliantza estrategiko eraginkorra» lortzea garrantzitsutzat jo zuen bai arlo nazionalean bai tokian tokiko esparruetan.

Izan ere, Espainiako eta Frantziako estatuek akordio politikoa lortzeko borondaterik ez badute, Etxeberriak uste du aliantza estrategikoek izango dutela «erabaki subiranistak garatzeko» ekimena. «Egin nahi ditugun urratsak, kasu guztietan», indar metaketaren araberakoak izango dira», arrazoitu zuen. Estrategia berriak bide demokratikoetatik soilik jotzen du, eta, hala, Etxeberriak gogorarazi zuen herritarren babesa une oro izango dela garrantzitsua. «Horregatik du garrantzia aliantzen politikak», nabarmendu zuen.

Independentziarako helburua lortzeko prozesua «mailakatu eta korapilatsua» izango dela ekarri zuen gogora, eta halakoa izango dela «presoen kaleratzea eta eskubideen bermatzea». Urte luzeetarako bide horretan, iparrorratza ez galtzearekin batera, «unean uneko eztabaidei eta irtenbideei buruzko proposamenak» egitea izango da ezker abertzalearen helburua, haren arabera, «une bakoitzean etxean, euskal jendartean, bi estatuetan eta Europan dauden aukerak eta arriskuak baloratuz». Ildo beretik, argi utzi nahi izan zuen diseinatutako «errepide maparen hasiera» baino ez dela egungo egoera.

«Gatazkaren haziak badirau»

Hitzaldiaren hasieran, Etxeberriak balioa eman nahi izan zion «ofentsiba politiko betean» ezker abertzaleak «heldutasun eta ardura politikoa» erakutsi izanari. «Azken urteotan, bi estatuek inposatu ziguten blokeo politikoa haustea lortu dugu. Aurreko egoeran, denbora politikoak, sozialak eta ideologikoak beraien alde jokatzen zuen. Gaur, prozesu hori irauli egin dugu, eta denbora politikoa gure aldera jokatzen hasi da».

Haren ustez, Espainiako Estatuaren ereduak «porrot egin du, irtenbiderik eskaintzeko gai ez delako». Aldiz, ezker abertzaleak sinesgarritasuna irabazi duela dio, bere proposamenaren bideragarritasuna handitu egin delako Euskal Herrian eta nazioartean. Hala, Aieteko nazioarteko konferentziak bide hori berresten duela deritzo.

Estrategia berria gauzatzeko ETAren erabakia «lehen mailako ekarpena» dela nabarmendu zuen Etxeberriak, baina argi utzi zuen ETAren erabakiak soilik ez duela gatazka politikoa konponduko. «Gaur, atzo bezala, Euskal Herria ukatua den herria da». Dena den, blokeo egoera iraultzeari garrantzi berezia eman zion: «Bukatu dira gure borrokaren, ahaleginaren eta sufrimenduaren bizkar beste batzuk baliatzeko eta gizentzeko garaiak. Blokeoa hautsi ondoren, gu haziko gara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.