politika

Ezkerrak bere senatarigaia erretiratu du

Nafarroako Parlamentuak bihar hautatuko du legebiltzarrak izendatu beharreko senataria.

Aldaketa hautagaitzaren aurkezpena, martxoan. Eskuinean, Iñaki Bernal Ezkerrako senatarigaia. JON URBE / FOKU
jon olano
2019ko irailaren 25a
16:12
Entzun

Ezkerrak atzera egin du Nafarroako Parlamentuari dagokion senatariaren auzian, eta Iñaki Bernalen hautagaitza erretiratu du. Bihar dira bozketa egitekoak legebiltzarrean, eta Ezkerrak abstentziora joko du. Horrela, Arantxa Arias Navarra Sumakoa eta Koldo Martinez Geroa Baikoa izango dira hautagai bakarrak.

Biek ziurtatuta dauzkate hogeina boto; Ariasek, bere taldearen hogei parlamentariena, eta Martinezek, PSNko 11 ordezkariena nahiz Geroa Baiko bederatziena. Berdinketa egonez gero, ordea, Arias litzateke senatari. EH Bildu eta Ahal Dugu Bernali babesa ematekoak ziren, baina espero da, Ezkerrak hautagaia erretiratu eta gero, parlamentuak Martinez aukeratzea. Gehiengo soila nahikoa du horretarako.

Koldo Martinez Eskoriatzan jaioa da (Gipuzkoa, 1953), medikuntza doktorea eta medikuntza intentsiboko espezialista. Bioetikako Europako masterra du, bai eta Giza Sexualitateko masterra ere. 2015eko foru hauteskundeen ondoren, foru parlamentaria izan da, eta, legegintzaldi hartan, Geroa Bairen bozeramailea izan zen Nafarroako Parlamentuan.

Marisa de Simon Ezkerrako bozeramaileak aitortu du, Espainiako Gorteetarako hauteskundeak berriro egingo direnez, ez duela "inolako zentzurik" Ezkerrak bere hautagaia mantentzea. Geroa Baik, Ahal Dugu-k, EH Bilduk eta Ezkerrak Aldaketa hautagaitza bateratua aurkeztu zuten apirilaren 28ko bozetan.

Hala ere, De Simonek erantsi du "dezepzio handia" izan dutela "gertatutako guztiarekin", eta gogor mintzatu da: "Agerikoa zen Aldaketa hautagaitzari buruzko akordioak sinatzaileok behartzen gintuela Iñaki Bernalen hautagaitza babestera. Ez dut esango inflexio puntu bat denik, baina talde batzuk ez dira fidatzekoak dokumentuak sinatzerakoan".

Ezkerrak eta Geroa Baik eztabaida izan dute izendapenaren inguruan, biek aldarrikatzen baitute eurentzat senatari postu hori. Ezkerrak dio aurreko agintaldian lauko gobernua babestu zuten alderdien artean adostu zutela eurek aurkeztutakoa babestuko zutela Geroa Baik, EH Bilduk eta Ahal Dugu-k. Geroa Baik, ordea, argudiatzen du hori ahalbidetzen zuen akordioa bertan behera geratu zela eta euren kide batek ordezkatu behar duela. Geroa Baik eta PSNk negoziatu dute sozialistek Martinezi babestea.

Aldaketaren lau alderdiek zerrenda bateratua aurkeztu zuten Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan Senaturako. Zerrenda horretan ordezkari bana zuten Geroa Baik, EH Bilduk eta Ahal Dugu-k, eta adostu zuten, Nafarroako Parlamenturako bozak ere egitekoak zirenez, Ezkerrarentzat izango zela parlamentuak zuzenean aukeratzen duen ordezkaria. Zerrenda bateratuak, ordea, ez zuen senataririk eskuratu, eta Geroa Baik dio horren ondorioz akordioa bertan behera geratu zela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.