Altsasuko alkate Javier Ollok (Geroa Bai) Falangeak mehatxu egin diola salatu du. Jakinarazi duenez, Nafarroako udaletxean eskuin mutur espainiarraren mezu bat jaso dute: «Falangea zelatan daukazu, Javier Ollo». Alkateak sare sozialetan salatu du bere aurkako mehatxua, eta adierazi du gorroto mezuen berri eman egin behar dela beti: «Ez ditugu normaltzat jo behar gorroto diskurtsoak».
X sare sozialean zabaldutako mezuan, Ollok erantsi du gorroto mezu horiek ez direla hartu behar «lau artabururen kontua» balira bezala. «Mezu horien aurka, demokraziaren balioak eta elkarbizitza aldarrikatu behar ditugu».
Falangeak faxismo frankistaren erakustaldia egin zuen Gasteizen, aurreko igandean, Hispanitatearen egunez. Cara al sol ereserkia abestu, eta Francoren garaiko ikurrak plazaratu zituen. Horiei aurre egiteko protestara deitu zuten zenbait taldek, eta istilu larriak izan ziren Ertzaintzaren eta talde horien artean. Hemeretzi lagun atxilotu zituen Ertzaintzak, desordena publikoa egotzita. Aske daude denak. Falangeko kiderik ez zuten atxilotu.