Aske utzi dituzte Gasteizen atxilotutako hemeretzi lagunak

Desordena publikoko delituak egozten dizkiete, Falangearen kontrako protesten harira. EH Bilduk eta Sumarrek azalpenak eskatu dizkiote Segurtasun Sailari, eta Ernek Ertzaintzako arduradunen dimisioa nahi du.

Atzoko protestak, Gasteizen. AITOR KARASATORRE / FOKU
Atzoko protestak, Gasteizen. AITOR KARASATORRE / FOKU
Iosu Alberdi.
2025eko urriaren 13a
09:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gauean askatu dituzte Ertzaintzak atzo Gasteizen atxilotutako hemeretzi lagunak; haietako bat adingabea da, eta atzo arratsaldean utzi zuten aske. Falange Espainola eskuin muturreko taldearen kontrako protestetan atxilotu zituzten, eta desordena publikoko delituak egozten dizkiete. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, ikerketa oraindik irekita dago. Oposizioak, baina, beste zerbait ikertu nahi du: nola izan ote zen posible Falangeak halako ekitaldi bat egitea. EH Bilduk eta Sumarrek auziaren inguruan galdetuko diote Bingen Zupiria sailburuari.

Falangeak Euskal Herria aukeratu zuen atzo Hispanitatearen Eguneko bere ekitaldi nagusia egiteko, Espainiaren batasuna ez da ez bozkatzen ez negoziatzen lelopean, eta horrek eskuin muturreko taldearen kontrako mobilizazioak eragin zituen. Besteak beste, Ernaik, GKSk eta Jarkik egin zuten protestarako deia, eta istiluak izan ziren. 

Falangeak 12:00etarako iragarri zuen elkarretaratzea, eta Ertzaintzak eskuin muturreko taldearen ekitaldia babestu zuen, baina ezin izan zuen eragotzi haren kontra elkartutakoak Probintzia plazara sartzea, eta haiei oldartu zitzaien. Manifestariek harriak eta objektuak jaurti zituzten, eta Poliziak foam balak eta negar gasa erabili zituen. Askeren esanetan, ertzainek «hainbat aldiz jaurtigailuekin zuzenean aurpegira» apuntatu zieten zenbait manifestariri. Hala, hainbat lagun zauritu ziren: bi aldeetako manifestariak, ertzainak —hogei, Segurtasun Sailaren arabera— eta kazetari bat ere bai, gutxienez.

Azkenik, Falangeko kideak 13:00ak baino lehen atera ziren plazatik, Ertzaintzak babestuta, eta 13:15ak aldera lasaitu zen egoera han. Halere, istiluak beste eremu batzuetara zabaldu ziren, eta azkenak Juan Aiala plazako aparkalekuen inguruan izan ziren; Falangeko kideek han zituzten autoak, eta batzuk aparkalekutik makilekin eta bateekin irten ziren. Kasu hartan ere, faxistei aurre egin zietenei oldartu zitzaien Ertzaintza.

Azalpen eske

Atxiloketak salatzeko mobilizazioak egin zituzten arratsaldean, eta ertzainen jarduna salatu zuten. Instituzioek, berriz, Polizia babestu dute. Gasteizko alkate Maider Etxebarriak babesa adierazi zien agenteei, eta «muturreko diskurtsoek» eragiten dutenaren ondoriotzat jo zituen istiluak. Segurtasun sailburuorde Ricardo Ituartek, berriz, gogor egin zuen eskuin muturraren kontra mobilizatu zirenen aurka. «Euskal faxistatzat» jo zituen, eta adierazi Falangeak nahi zuena eskuratu zuela.

Ohar batean, EH Bilduk «onartezintzat» jo ditu Ituarteren hitzak, eta atzera egiteko exijitu dio: «Zuhurtziarik gabeak eta lekuz kanpokoak izan dira, eta nahasmendua eta tentsioa besterik ez dute eragin». Izan ere, koalizioaren ustez, Falangearen ekitaldia eragotzi egin behar zen, eta horren inguruko erantzukizun politikoak eskatu ditu: «Arduradun politikoak ez daude a posteriori deitoratzeko edo gaitzesteko, baizik eta halako egoerak prebenitzeko. Kasu honetan, PSEk eta EAJk ez dute halakorik egin».

Hala, koalizio subiranistak auzia instituzioetara ere eramango du, eta zenbait ekinaldi erregistratuko ditu «faxismoaren normalizazioa geldiarazteko eta etorkizunean horrelako kontzentrazioak berriro gerta ez daitezen». Izan ere, EH Bilduko diputatu Oskar Matuteren esanetan, «larria» da «alderdi faxista batek» halako ekitaldi bat egitea, eta uste du Espainiako Memoria Demokratikorako Legea «bigunegia» dela halako kasuetan. Izan ere, Falangeko kideek Cara al sol abestu zuten, eta agur faxistak egin zituzten, inolako ondoriorik gabe. Ertzaintzaren jardunari dagokionez, berriz, salatu du atxilotutako kide guztiak «antifaxistak» izan zirela, eta horren inguruko azalpenak eskatu dizkio Segurtasun Sailari. 

Sumarrek ere galdera sorta bat erregistratu du Eusko Legebiltzarrean, Segurtasun Sailak Falangearen ekitaldiaren, hura baimentzeko protokoloaren eta polizia operazioaren inguruko informazioa eman dezan. Era berean, Bingen Zupiriak gertatutakoaren inguruko analisi politiko bat egitea ere nahi dute. «Azaldu beharko du zergatik baimendu zuen ideologia faxistaren kontzentrazio bat, denok jakinik berdintasunaren, justizia sozialaren eta askatasunaren balio demokratikoak defendatzen dituztenak probokatzera, bizikidetza haustera eta beldurtzera baino ez datozela», esan du Arantza Gonzalez Ezker Anitzako koordinatzaileak.

«Kudeaketa txarra»

Ertzaintzako sindikatu korporatiboek ere Segurtasun Sailera zuzendu dute begirada, baina beste helburu batekin: aukera baliatu dute haren kudeaketa salatzeko. Ertzaintzako zortzi furgoneta zeuden plazan, eta helikoptero bat eta zenbait drone airean. Euspelek eta Sipek, ordea, salatu dute operazioan hutsegiteak izan zirela, eta agerian geratu direla agente falta eta aurreikuspen eta koordinaziorik eza. Sipek, zuzenean, «kaos» gisa definitu du Ertzaintzaren antolakuntza, eta Euspelek hutsegiteak zehazteko ikerketa bat eskatu du: «Kudeaketa txarrak eta sailaren abandonuak ekarri gaitu honaino». Urrunago jo du Ernek, eta eskatu du dimisioa eman dezatela Josu Bujanda Ertzaintzako buruak eta Alfonso Garaikoetxea Ertzaintzako Herritarren Babeserako arduradunak, Victoria de Jesus Landa Ertzaintzako zuzendariari bidalitako mezu batean: «Operatiboa, beste behin, erridikulua izan da».

Sindikatuek aukera baliatu dute agente gehiago eskatzeko ere. Esan sindikatuaren arabera, Ertzaintzak ez du nahikoa agente «tentsio eta arrisku handiko egoerei» bermeekin erantzuteko, eta gobernuari exijitu dio «beste aldera begiratzeari» utzi eta hutsik dauden lanpostuak betetzeko. Euspelen ustez, baina, ez da nahikoa hutsune horiek betetzea, eta 9.000 agente behar direla adierazi du, legeak baimendu baino mila gehiago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.