Nafarroa Oinez

Eider Sagastibeltza Flores: «Familiei eta boluntarioei esker egin dugu hau, eta zirraragarria izango da eguna»

Viana ondo-ondoan zutela igaro dute urtea Zizur Txikian. Errioxa eta Araba ertzeko herri horretako ikastolak laguntza behar zuen, eta San Fermin ikastolak eskuak zabalik hartu zuen eskaintza. «Asko» ikasi dute bidean.

Eider Sagastibeltza. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Eider Sagastibeltza. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
unai zubeldia
2026ko urriaren 17a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Elkarlantzat jotzen du Eider Sagastibeltza Floresek (Iruñea, 1988) Nafarroako ikastolek sortu duten sarea, eta, hain zuzen ere, azken urtebete luzean halaxe aritu dira lanean Zizur Txikian eta Vianan. Sagastibeltzak lehen urtea du Zizur Txikiko San Fermin ikastolako lehendakari gisa, eta harro aitortu du «oso esperientzia aberasgarria» izan dela Vianako Erentzun ikastolarekin batera aurtengo Nafarroa Oinez jaia antolatzea. San Fermin ikastolako ikasle ohia  da iruindarra —ikaslea zen 2000. urtean, Nafarroa Oinez Zizur Txikiko San Fermin ikastolak antolatu zuenean—, eta ikastola horretan bertan ditu orain bere bi semeak, Haur Hezkuntzako 2. mailan eta Lehen Hezkuntzako 1. mailan. Beste askorentzat bezala, Sagastibeltzaren familiarentzat berezitik asko izango du biharko egunak.

Ilusiozko zenbat malko, amets eta ahalegin daude Viana eta Zizur Txikiaren arteko 80 kilometroetan?

Duela ia urtebete ilusio handiz hartu genuen aurtengo Nafarroa Oinez antolatzeko lekukoa [Atarrabian egin zuten iazko Nafarroa Oinez jaia, Paz de Ziganda ikastolak antolatuta]. Argi eduki behar da, ordea, Nafarroako ikastolen aldeko jaia antolatzeak urte osoan eskatzen duela lan handia, ez Nafarroa Oinez-en egunean soilik. Eta are erronka handiagoa izan da aurtengoa, urte osoko lanak bi ikastolaren artean banatu behar izan ditugulako. Hori bai, errealitate desberdineko bi ikastola diren arren, asko ikasi dugu elkarrengandik. Oso esperientzia aberasgarria izan da.

Bi ikastolak bat eginda, aitortu duzu aurtengo erronka are handiagoa izan dela. Nolakoa izan da urtebeteko elkarlan hori?

Batzorde asko daude Nafarroa Oinez jai bakoitzaren atzean, jende asko aritzen da lanean urte guztian, eta aurten ere hala izan da, noski. Ez da erraza jarduera bakoitza ondo lantzea, baina elkarrekin egin dugu bidea.

Ikastola txikia da Vianakoa, eta oso handia Zizur Txikikoa. Bi errealitate dituzue, baina helburu bera: euskara berrindartzea eta sustraitzea.

Bi kokalekutan daude Vianako Erentzun ikastola eta Zizur Txikiko San Fermin ikastola, baina helburu berbera daukagu biok. Euskara berrindartzearen eta euskararen normalizazioaren alde egiten dugu lan ikastolok, helburu horrek batzen gaitu. Harri askorekin topo egin dugu bidean, baina helburu hori gogoan hartuta egin dugu beti aurrera. Elkarrekin eta elkarrengandik ikasteko aukera eman digu aurtengo Nafarroa Oinez-ek. Oso izaera eta neurri desberdinekoak gara, bai, baina euskarak batu gaitu eta aurrera egiteko indarra eman digu horrek.

«[Zizur Txikikoa eta Vianakoa] Errealitate desberdineko bi ikastola diren arren, asko ikasi dugu elkarrengandik»

Aurretik egindakoaren esperientzia hor dago, 2000. urtean eta 2012an ere San Fermin ikastolak antolatu zuelako Nafarroako ikastolen aldeko jaia. Izan duzue aukerarik orduan antolaketa lanetan aritu zirenekin hitz egiteko?

Zuzenean, ez. Ni, adibidez, San Fermin ikastolako ikaslea nintzen 2000. urtean, eta bestela bizi izan nuen jai hura. Parte hartu genuen, noski, gurasoak ere boluntario gisa aritu ziren lanean, baina orain niri tokatu zait ama bezala antolakuntzan lanean aritzea. Familia handi bat osatzen dugu ikastolek, eta ziur nago 2012an lanean aritu ziren boluntarioetako asko antzera ibiliko direla igande honetan ere. 

2000. eta 2012. urteetako Nafarroa Oinez haietatik ikasita, zer izango du berezia aurtengo jaiak?

Vianako Erentzun ikastolarekin elkarlanean aritu garela eta arituko garela; hori izango da aurtengo ezaugarririk bereziena, zalantzarik gabe. Ikastolen sarea indarrean dagoela adierazten du errealitate horrek; euskararen alde, guztiok bidean bat gara. Eragile guztiei dei egiten diegu benetan euskara gurea dela defendatzeko eta euskararen normalizazioaren alde denok gure aletxoa ereiteko.

1965ean sortutako ikastola da zuena, eta Nafarroa guztiko handiena da gaur egun; mila familia eta 1.500 ikasle dituzue, gutxi-asko. Zein da zuen errealitatea?

Nafarroako ikastolarik handiena da gurea, bai. Zizur Txikian gaude, baina Iruñerri osoko eta beste hainbat herritako ikasleak barne hartzen ditugu. Horrek nabarmen zabaltzen digu eragin eremua. Zubiarte euskaltegiarekin batera San Fermin ikastolako euskara batzordeak antolatu dituen ikastaroei esker, gure ikastolako familiek ere badute euskara ikasteko aukera. Urtxintxa batzordearen bidez koordinatzen ditugu eskolaz kanpoko ekintza guztiak, eta euskal kultura eta kirola ere sustatzen ditugu eskola eremutik kanpo. Eremu informalagoetan ere euskararen erabilera indartzeko lanean ari gara, eta, horri esker, ikastolak, familien auzolanari esker, komunitate guztia bustitzen du.  

«Ziur nago 2012an lanean aritu ziren boluntarioetako asko antzera ibiliko direla igande honetan ere»

Zer egitasmotarako erabiliko duzue aurtengo jaian bilduko duzuen dirua?

Vianako Erentzun ikastolaren bideragarritasun ekonomikoa bermatzea da aurtengo Nafarroa Oinez jaiaren helburu eta lehentasun argia. Zonifikazioak eremu ez-euskaldunean ezartzen dituen mugekin, zaila da ikastolen proiektuek aurrera egitea. Erentzun ikastola eskualde osoko erreferente bihur dadin nahi dugu, eta bultzada eman nahi diogu ikastola horrek euskalduntze prozesuan eta euskal kulturaren transmisioan egiten duen lanari. Ikastola guztiok behar jakin batzuk ditugu pausoak emateko helburu horretan, bai arlo pedagogikoari lotuta, bai eraikinak berritzeko beharrari lotuta. Baina, berriz diot, bat eta bakarra da aurtengo helburua: Vianako Erentzun ikastola babestea.  

Biharko jaiari helduta, denetik izango da Zizur Nagusia eta Galar herrien artean: erronka, kontzertuak, dantzak, puzgarriak, tailerrak, jan-edana, herri kirolak… Zer azpimarratuko zenuke?

Oinez egunetik Oinez asteburura igaro ginen duela urte batzuk, eta, beraz, igandean bakarrik ez, larunbatean ere [gaur] izango da zerekin gozatu. Esku pilota partiden finalak izango ditugu larunbatean, tailerrak ere bai, musika, kontzertuak, magia emanaldiak... Eta, nola ez, publiko guztia kontuan hartuko duen egitaraua izango dugu igandean, egun guztian; erabateko euskal eskaintza zabala izango dugu Zizur Nagusia eta Galar artean. Euskararen festa handi bat izan dadin nahi dugu, non euskaltzale eta euskaldun guztiontzat tokia egongo den. Gogotsu eta ilusioz gaude. Harro gaude egin dugun lan guztia kontuan hartuta. Familiei eta boluntarioei esker egin dugu hau guztia, eta zirraragarria izango da eguna. Polita izango da, ikastolen sareak duen indarra plazaratuko dugulako.

«Zizur Txikian dago gure ikastola, baina Iruñerri osoko eta beste hainbat herritako ikasleak 
barne hartzen ditugu»

Den-dena hain ondo lotuta duzuenez, eguraldi ona ere aspalditik bermatuta edukiko duzue, ezta?

[Barrez] Beti bezala, ezjakintasunean murgilduta ibili den gonbidatua izan da eguraldia, baina espero dezagun igandean errespetatzea eta ezaugarri hori aitzakia ez izatea gure jaira ez etortzeko. 

Zizur Nagusiaren eta Galarren artean prestatu duzue ibilbidea, hiru gunekoa; ez da zirkularra izango. Iaz Atarrabian gertatu bezala, erosoa izango da batetik bestera mugitzea, ezta?

Bai, bai. Irisgarritasuna eta erosotasuna bermatzen saiatzen gara beti, eta Zizur Nagusian ere hori bermatuko dugu. Hiru gune izango ditugu, eta oso erraza izango da batetik bestera joatea. 

Ikusten ez den lan eskerga dago Nafarroa Oinez jai bakoitzaren atzean. Nolakoa izan da urtea? Eta zer bizpahiru ekintza azpimarratuko zenituzke?

Urtero egiten duten Artea Oinez erakusketa oinarri hartuta, Hazi Artea erakusketa egitea proposatu genuen aurten. Ikasleek aurtengo logotipoa kontuan hartuta eta hainbat artistaren lanean oinarrituta sortu zituzten obrak erakutsi genituen erakusketa horretan, eta oso jarduera polita izan zen. Espero dut Hazi Arteak etorkizunean ere bidea egitea, oso polita izan zelako ikasleak, euskara oinarri hartuta, ikastolan lanean gogotsu ikustea. Esku pilota lehiaketa ere azpimarratuko nuke, azken batean gurea den kirol hori ere badelako gure kulturaren parte. Toki polita hartu du aurtengo egutegian. Eta baita krosak ere; duela gutxi egin genuen Oinez krosa Zizur Nagusian [irailaren 19an], jendetsua izan zen, eta euskaraz korrika egin daitekeela erakutsi genuen. Azkenik, Juul sari banaketa ere azpimarratuko nuke; euskarazko literaturari eta irakurzaletasunari garrantzia ematen dio sari horrek. Urte osoan argi utzi dugu esparruz esparru euskaraz gauza asko egin ditzakegula eta aberasgarria da hori.

«Euskararen festa handi bat izan dadin nahi dugu, non euskaltzale eta euskaldun guztiontzat tokia egongo den»

Jaia izango da Nafarroa Oinez-ekoa, aldarrikapena, elkarlanerako deia egiteko eguna… Baina igaroko da urriaren 18a, eta iritsiko da urriaren 19a ere. Pauso txiki baina sendoak emanez jarraitu beharko duzue aurrerantzean ere…

Zalantzarik gabe. Ikastolen ibilbidea ez da gurekin hasi; mende erdia baino gehiago dauka jada, eta bide hori ez da amaituko. Euskarak indarra behar du, euskarak eragile guztiok behar gaitu aurrera jarraitzeko, eta bide luzea daukagu egiteko. Ibilbide horretan asko daukagu emateko, eta guk gure esku dagoen guztia egingo dugu euskarak bizirik jarrai dezan.

Oraingoz, herritarrei azken mezu bat bidaltzea dago zuen esku...

Gure leloak dioen moduan, bidean bat gara, eta gure hizkuntza euskara dela sinisten duten horiei guztiei gurekin bat egin dezaten dei egiten diegu. Urriaren 18an guztion topagunea izango da Zizur Nagusia; denok bat egin dezagun euskararen alde eta haren defentsan. Etorkizun oparoa erein dezakegula sinistuta gaude, eta, euskararen normalizazioa lortzeko bide horretan, den-denok gara beharrezkoak.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA