Espainiako Gobernua

Familien legearen atzerapenak beste pitzadura bat eragin du PSOEren eta Unidas Podemosen artean

Ministroen Kontseilua gaur zen onartzekoa familien legearen proiektua, baina Moncloako iturriek gauerdian iragarri zuten ez zutela gaurko bileran aztertuko, gobernuko bi kideen arteko desadostasunak direla eta.

Irene Montero, Felix Bolaños eta Ione Belarra, artxiboko irudian. EMILIO NARANJO/ EFE
Edurne Begiristain.
2022ko azaroaren 29a
15:30
Entzun

Ione Belarra buru den Gizarte Eskubideen eta Agenda 2030 Ministerioak ondutako Familien Legeak beste arrakala bat eragin du Espainiako Gobernuko bi bazkideen artean. Ministroen Kontseilua gaur zen onartzekoa Familia Aniztasunaren eta Familiei Laguntzeko legearen proiektua, baina atzo gauerdian Moncloatik jakinarazi zuten gaur ez zutela araua onartuko, PSOEren eta Unidas Podemosen arteko desadostasunak tarteko.

Belarraren ministerioak ondutako proiektuak zaintzan jartzen du arreta, eta familia eredu ezberdinak kontuan hartzen ditu. Lege horrek jasotzen du, besteak beste, bost eguneko baimen ordainduak ematea langileei hurbileko senideak zaintzeko, eta haurrak zaintzeko baimenak zabaltzea.

Proiektuaren atzerapenak hautsak harrotu ditu, atzera, gobernu barruan, eta legea oztopatzea leporatu dio Unidas Podemosek PSOEri. Koalizio morearen iturriek salatu dute sozialistak etengabe ari zaizkiela oztopoak jartzen familien eskubideak zabaldu nahi dituen legeari. Legea atzeratzea leporatu dio Belarrak PSOEri, sare sozialetan jarri duen bideoan. Salatu du sozialistek «ulertezinak» diren «argudioekin» ari direla proiektua oztopatzen. «Badakigu bi indar garela (...) baina uste dut familien babesaren inguruko adostasuna gobernu honen batasunaren adierazgarri izan beharko litzatekeela», ohartarazi du.

Trans legea
Familien legearen inguruko ika-mika ez da gobernuko bazkideen arteko aurrez aurreko bakarra. Sozialisten eta Unidas Podemosen arteko giroa lehendik ere mikaztuta zegoen trans legea dela eta. Izan ere, PSOEk ez du begi onez ikusten 14 eta 16 arteko genero autodeterminazioa ahalbidetzea berme juridikorik gabe, eta jakinarazi du hori mugatzeko zuzenketei eutsiko diela. Irene Montero Berdintasun ministroak atzo salatu zuen PSOEk erabaki duela lege proiektua atzeratzea, hari mutur juridikoak aitzakia hartuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.