Inork ez du galdu nahi konfinamendua arintzeko trena, hau da, zero fasetik lehen fasera pasatzeko aukera. Espainiako Gobernuak eskatutako txostenak aurkeztuta daude. Hego Euskal Herriko lau herrialdeek espero dute azterketa gainditzea. Baina azterketa guztiek urduritasuna eragin eta azterketaria ispiluaren aurrean jartzen dute. Egoera honetan, datu batzuk gora egiten dutenean, garrantzia kendu ordez argudio sendoak azaldu behar dira, bilakaera bide onean doala ziurtatu nahi da. Ez da nahikoa "zerra hortzak" aipatzea, edo esatea garapenaren balorazioa ez dela egunez egun egin behar.
Gaurko datuen arabera, positibo guztien kopurua igo egin da hirugarren egunez jarraian: beste 581 positibo atzeman dira (aurreko egunean baino 81 gehiago). Positibo gehienak (531), dena den, test azkarren bidezkoak dira. PRC bidezko positiboak 50 izan dira, atzo baino 23 gutxiago. Baina joera aztertuz gero, azken hamar egunetan 1.119 PCR positibo izan direla ikusten da, hau da, batez beste 112 positibo. Aldi berean, ospitaleratu behar duten gaixoen kopurua esanguratsua da. Gaurko datuen arabera, 26 pertsona ospitaleratu behar izan dituzte (16 EAEn eta 10 Nafarroan). Azken hamar egunetan, 413 pertsona ospitaleratu behar izan dituzte (batez beste, 41 pertsona eguneko). Sendagiriei esker, ospitaleetako egoera asko hobetu da, baina positibo berriek eta ospitaleratze berriek erakusten dute izurria bizirik dagoela. 676 pertsona daude erietxeratuta (bezperan baino 64 gutxiago). ZIUetan, berriz, 110 pertsona (6 gutxiago). Hildakoen kopuruari dagokionez, gora egin du: 23 pertsona hil dira azken orduetan, bezperan baino zazpi gehiago.
Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua eskolen irekiera planifikatzen ari dira. Jaurlaritzak espero du maiatzaren 18tik aurrera ikasleak ikastetxeetara itzultzen hastea. Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua hainbat eragilerekin bildu da, eta aurkeztu die plana. Sindikatuek nabarmendu dute asmo horiek ez direla hezkuntza komunitatearekin adostu. Nafarroako Hezkuntza kontseilariak onartu du eskolak egokitu beharko direla, ikasleen ratioa murriztu behar bada.
DATUAK: Koronabirusaren azken datuak
MAPA: Koronabirusaren hedapena herriz herri eta osasun eremuka
EKONOMIA: Shock ekonomikoaren zenbakiak
Agian honek ere merezi du
Gotorlekuak. Koronabirusak gaixotutako bizilagunik apenas dagoen herri batzuen egoera arakatu du Edurne Begiristain kazetariak, bertako alkateekin hitz eginda. Birusaren itzala ahula izan arren, Kuartango, Errezil, Ea, Izaba eta Ozazeko herritarrek kezkaz bizi dute egoera. Konfinamendua zorrotz betetzen ari dira, eta laguntza taldeak osatu dituzte.
100 saio. BERRIA Aretoa 100. emanaldira iritsi da, eta, hori dela eta, bideo berezi bat zabaldu du, eskertza moduan. Orain arte eskainitako saioetako irudiekin osatu da bideoa. Izandakoak eta datozenak ikusteko: BERRIA Aretoa.