Kritikei erantzun die Ernaik: «Faxismoari lekurik txikiena ere ez diogu utziko»

Azken asteetako desobedientzia ekintzek jasotako kritiken helburua gazte antolakundea «kriminalizatzea» eta «ezker independentismoa higatzea» dela salatu du, Bilbon egindako agerraldi jendetsu batean.

Agerraldi jendetsua egin du gaur Ernaik Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Agerraldi jendetsua egin du gaur Ernaik Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2025eko abenduaren 9a
14:09
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azken asteetan egindako protesten eta desobedientzia ekintzen harira jasotako kritikei erantzun egin die gaur Ernaik, Bilbon ehun kide inguruk egindako agerraldi batean. Haien jarduna «desitxuratzea» eta «gazteria independentista kriminalizatzea» egotzi die haien aurka mintzatutako agintari politikoei, eta arduragabe jokatzea, «faxismoa elikatzea» eta Euskal Herria «mehatxatzen» dutenen «bidelagun» bihurtzea aurpegiratu dio bereziki Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren inguruari. Aldiz, eskuin muturraren aurka egiten jarraitzera deitu du gazte antolakundeak: «Faxismoari lekurik txikiena ere ez diogu utziko».

Igeldoko gurutze frankista eraistea, Ribabellosan (Araba) Osborneren zezena botatzea, PPren Bilboko egoitzara margo gorria jaurtitzea, Gernikako Juntetxetik Espainiako bandera kentzea... Zeresan handia eman dute Ernaik azken asteetan abiatutako desobedientzia ekintzek; gaitzespen mezu ugari jaso zituzten, batez ere PPren egoitzaren aurkako pintaketen harira. Amaiur Egurrola gazte antolakundearen bozeramaileak azaldu duenez, protesta horien helburua zen «Euskal Herriaren askatasunaren alde gaudenon eta Euskal Herria desagerraraztea helburu duten faxisten arteko lerroa irudikatzea». Horretarako, «espainolismo atzerakoienaren ikurrak ezabatu, euskararen aurkako oldarraldia agerian utzi, eta ikur frankistak eraitsi dira».

«Batzuek, egoeraren larritasunean fokua jarri beharrean, protesta batzuen nolakotasunean kokatu dute eztabaida. 

Duela hilabete gutxi garai ilunez mintzo zirenak herri hau saltzeko eta faxismoa elikatzeko prest daude. Interes alderdikoi hutsengatik, gazteria independentista kriminalizatu dute»

AMAIUR EGURROLA Ernaiko bozeramailea

Protesten xedea eskuin muturraren mehatxuak utzitako egoera azaleratzea bazen ere, helburu horiek «desitxuratu» egin dituztela salatu du Ernaik: «Batzuek, egoeraren larritasunean fokua jarri beharrean, protesta batzuen nolakotasunean kokatu dute eztabaida». Gogora ekarri du Imanol Pradales lehendakaria «garai ilunez» mintzatu zela orain hilabete batzuk, hain justu, eskuin muturraren mehatxuaz ohartarazteko; eta orain «hauteskunde interesen arabera» jokatzea egotzi dio, baita «PP bezalako alderdi atzerakoi eta espainolista bat legitimatzea» eta «ezker independentismoa higatzea» ere.

Egurrolaren hitzetan, «arduragabe» jokatzen ari dira, eta Ernai kriminalizatzen: «Aho bizarrik gabe gure herria mehatxatu, gure hizkuntza mespretxatu, ilegalizazioak eskatu eta atxiloketak galdegin dituztenen bidelagun bihurtu dira. Duela hilabete gutxi garai ilunez mintzo zirenak herri hau saltzeko eta faxismoa elikatzeko prest daude. Interes alderdikoi hutsengatik, gazteria independentista kriminalizatu, eta operazio oso bat martxan jarri dute gure aurka».

Erantzukizunez jokatzeko deia

Hala ere, gazte antolakundeak adierazi du «erantzukizunez jokatuko» dutela: «Garaiak eskatzen du begirada norbere zilborretik eta interes alderdikoietatik altxatzea eta herri honen mesedetan jokatzea». Izan ere, eskuin muturraren eta faxismoaren goraldiari aurre egiteko, lerratzea ezinbestekotzat jo du Egurrolak: «Ez dago erdibideko posizio posiblerik, bi aukera besterik ez daude: eskuin muturraren erasoaldira batzea, Euskal Herria saltzea eta ezberdintasun sozialak areagotzen dituen eredu sozial eta ekonomikoan aurrera jarraitzea; ala faxismoari aurre egitea, gure herriaren askatasunaren alde borrokatzea eta gazteon bizitza duinak defendatzea».

Hala, Ernairen aburuz, independentzia sustatzea eta Euskal Herri «aske, sozialista, feminista eta euskalduna eraikitzea» da faxismoari aurre egiteko modurik eraginkorrena, eta bide hori jorratzeko konpromisoa agertu du: «Zuek egiten ez duzuen hori egingo dugu gazteok. Espainolismoa borrokatu eta faxismoari lekurik txikiena ere ez diogu utziko. Gure miseriaz aberasten direnen aurka borrokatuko gara». Era berean, borroka horrekin bat egitera gonbidatu dituzte gazteak, besteak beste, datozen asteetan 70 herri baino gehiagotan egingo dituzten independentzia egunetan, edota ostegunean Ikamak euskaraz ikasteko eskubidearen alde deitutako ikasle greban.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.