Askotariko kolorez eta zaporez bete dute Iruñea astelehen honetan, Iruñeko Arrozak egitasmoak antolatu duen mobilizazioan. Elkarrekin amestu! Elkarrekin borrokatu! lelopean, manifestazioa egin dute eguerdian, faxismoaren eta arrazakeriaren aurka, eta pertsona guztientzako bizitza duinen alde. Antoniuttitik udaletxeraino ibili dira, eta, ondoren, Txantreako Irubide parkean jarraitu dute, munduko hainbat tokitako arrozak dastatzeko aukera eman duen otordu batekin. Antolatzaileek erabateko «arrakastatzat» jo dute deialdia, eta hiri osoari borrokan jarraitzeko deia egin diote, «Iruñea erresistentzia antifaxistaren, arrazakeriaren aurkako borrokaren eta elkartasunaren» hiriburu bihur dadin.
Ohar batean adierazi dute milaka lagunek parte hartu dutela eremu anitzetako ehun erakunderen baino gehiagoren babesa duen ekinaldi horretan. «Ezberdinen arteko aliantzak ehuntzeko, olatu erreakzionarioari aurre egiteko eta pertsona guztientzako bizitza duina aldarrikatzeko» batu dira denak. Manifestazioa amaitzean, udaletxean egin duten ekitaldian, ezberdintasunen gainetik «elkarrekin borrokatzeko eta munstro faxistaren aurrean mila koloreko harresia eraikitzeko» beharra aldarrikatu dute.
Otorduan, jatorri askotako errezetekin prestatu dituzten ehun arroz baino gehiago dastatzeko aukera izan da. Zenbait euskal dantza taldek eta Ekuador, Peru, Kolonbia, Nigeria eta beste hainbat herrialdetako kultur talde batzuek ere parte hartu dute, eta izan dira DJak eta txikientzako hainbat jarduera ere. Egitarauak arratsaldean jarraitu du, Hip Hop Saga, Plazeratu eta Colectivo Satelite taldeen emanaldiekin, baita Tx Fitnessek gidatutako Hall Dance saio kolektibo batekin ere.