Feministek ez dituzte ontzat eman Jaurlaritzak eta Nafarroak zaintza sistemari buruz aurkeztutako itunak

Denon Bizitzak Erdigunean plataformak erran du ez dela ezer aldatu azaroko greba feministatik. Hauteskundeei begira, neurri konkretuak eskatu ditu.

Denon Bizitzak Erdigunean plataformaren agerraldia, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Denon Bizitzak Erdigunean plataformaren agerraldia, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Ekhi Erremundegi Beloki.
2024ko apirilaren 13a
16:14
Entzun

Denon Bizitzak Erdigunean plataforma feministak salatu du ez dela «ezer aldatu» azaroan zaintza sistema publiko baten aldeko greba feminista orokorra egin zutenetik. Erran dute Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ez dituela «kontuan hartu», eta batak zein besteak zaintzaren inguruan aurkeztutako itunak kritikatu dituzte. Apirilaren 21eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei begira, alderdiei dei egin diete: «Neurri konkretuak, gurekin adostutakoak eta errealak behar ditugu». 

Mugimendu feminista eta bestelako eragile sozial eta sindikalak «sekulako lana» egiten ari dira zaintza sistema publikoaren aldarria mahaigaineratzeko. «Agerraldiak, greba feminista orokorra, asanbladak, ikerketak, proposamen zehatzak, propaganda, herri akordioak… Eta, antza denez, ez da nahikoa. Ez da ezer aldatu gure aldarrikapenei dagokienez». Erakundeek eta erantzule politikoek «entzungor» egiten jarraitzen dutela adierazi dute, eta egungo zaintza sistema «geroz eta egoera latzago eta muturrekoetara» eramaten ari direla.

Ez dituzte ontzat eman Hego Euskal Herriko bi gobernuek aurkeztu dituzten itunak. Eusko Jaurlaritzakoa «mugimendu feministaren aldarriak neutralizatzeko» egin dela erran dute, eta Nafarroakoak ez duela «inolako aurrerapausorik» ekarri. «Ez gaituzue inondik inora kontuan hartu. Kontrara. Askotariko eragileen artean adostasunak bilatzen eta neurri konkretuak planteatzen ari garen honetan, diskurtsoa lapurtu nahi diguzue, inolako planteamendu errealik egin gabe». Gehiengo sindikala elkarrizketatik kanpo uztea eta patronalaren etekinen alde egitea leporatu diete.

Denon Bizitzak Erdigunean plataformaren hitzetan, datuak argiak dira, eta sektore guziak pribatizatzen ari direla erakusten dute. Osakidetzan, Osasunbidean, erresidentzietan eta eguneko zentro guzietan enpresa pribatuetan baino «ehun ordu gehiago» lan egin eta «%40 eta %60 artean gutxiago» kobratzen dutela baieztatu dute. «Euskal gobernuak eta mota guztietako alderdiak demokrazia parte hartzailea eta eztabaida partekatuetan oinarrituta egiten ari omen zarete, eta gu, bitartean, geroz eta pobreagoak gara».

Herri akordioa

«Ohikoa» izanik ere, erakundeek etxeko langileak baztertu dituztela deitoratu dute feministek, eta akordio publiko-pribatua txarretsi dute: «Finean, pribatuaren alde eta publikoaren kontra ari zarete». Halaber, zaintza sistema publikoa gizarte zerbitzuen sistemara murriztu dutela erran dute: «Jakina, gizarte zerbitzuak ezinbestekoak dira, baina horiek ere pribatizatzen ari zarete, emakumeen lan ordaindu gabean txertatuz zerbitzu horiek».

Nafarroan, berriz, ituna sentsibilizaziora eta prebentziora soilik bideratua dela erran dute, ez duela zaintza krisiaren gaineko neurri zehatzik proposatzen, eta ez duela inolako aurrekonturik.

Denon Bizitzak Erdigunean plataformak feministek adostutako herri akordioa defendatu du. «Horretan sakontzen jarraitzen dugu, urgentziazko egoerentzat erantzunak landuz eta, aldi berean, behar dugun zaintza sistema publiko eta komunitariora bidean neurri zehatzak proposatuz».

Sistema horrek alor ezberdinak kontuan hartu beharko dituela gaineratu dute: «Herri antolaketa feminista bat garatu beharko du, espazioen diseinua, denboraren erabilera eta hirigintza eraldatu, elikadura burujabetza bultzatu, eta horren bidez hirien eta landa eremuaren arteko harremanak eraldatuko dituena. Zaintza sistema publikoaren, zaintza langileen lan baldintza duinen eta bizitza duinen aldekoa».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.