Zigorrak Ezartzeko Frantziako Auzitegiak Ibon Fernandez Iradi euskal preso eriaren kartzela zigorra etetearen alde egin du, baina prokuradoreak, euskal presoen beste kasu batzuetan bezala, helegitea aurkeztu du eta auzitegiaren erabakia ez da irmoa. Hain zuzen, bi hilabete ingurura izango da helegiteaz ebazpena emateko auzi saioa.
Auzitegiak gaur arratsaldean eman du etetearen erabakiaren berri, defentsak irailaren 25ean egindako eskaera aztertu ondoren. Presoaren eritasuna kartzelarekin bateragarria den eztabaidatu zuten iraileko auzi saioan. Urteetan ezezkoa jaso ostean, auzitegitik aske geratzearen aldeko erantzuna jaso du Fernandez Iradik. Lannemezango espetxean dago (Okzitania), eta esklerosi anizkoitza du —2012an diagnostikatu zioten—. Hamasei urte daramatza preso, ETArekin lotuta.
Fernandez Iradik orain dela bost urte ekin zion Frantziako Estatuko bide judizialari, frogatu nahian kartzela eta bere gaixotasuna ez direla bateragarri. Bi medikuk azaldu zuten presoa espetxetik irten behar zela, baina prokuradorea kontra agertu zen. Dei Auzitegiak 2015ean ezezko erantzuna eman zuen, eta Kasazio Auzitegiak ere bai ondoren.
Preso eria askatzearen aldeko beste elkarretaratze bat egingo dute gaur haren sorterrian, Sare plataformak deituta: Lasarte-Orian (Gipuzkoa). Baionan ere egingo dute, Bakegileen ekimenez.