Fiskalak helegitea jarriko dio Iratxe Sorzabal torturatu egin zutela ebatzi zuen epaiari

Espainiako Auzitegi Nazionalak lehen aldiz aitortu zituen torturak, eta ebatzi «tratu gizagabea» eman ziotela ezbairik gabe. Fiskalak kasazio helegitea jarri du Espainiako Auzitegi Gorenean.

Sorzabalen kontrako epaiketa Espainiako Auzitegi Nazionalean. BORJA SANCHEZ TRILLO / EFE
Sorzabalen kontrako epaiketa, Espainiako Auzitegi Nazionalean. BORJA SANCHEZ TRILLO / EFE
gurutze izagirre intxauspe
2025eko maiatzaren 21a
19:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskalak jakinarazi du kasazio helegitea jarriko diola Iratxe Sorzabal euskal presoa torturatua izan zela ebazten zuen epaiari. 1995ean ETAk egindako atentatu batean parte hartzea egotzi zioten. Epaiak ebatzi zuen «tratu gizagabea» eman ziotela 2001ean atxilotu eta inkomunikatu zutenean, eta, beraz, han esandakoak balio juridikorik ez zuela argudiatuta, absolbitu egin zuten.

Fiskalak Espainiako Auzitegi Gorenean jarriko du helegitea. Errekurtsoa aurkezteko argudioen artean aipatu du epaileak ez duela aintzat hartzen froga gisa Sorzabalek ETAri igorritako gutuna. Sorzabalek epaiketan adierazi zuenez, gutun horretan zera kontatu zuen: guardia zibilek inkomunikazio aldian ETAren zer ekintza bere gain hartzeko esan zioten, eta zer tortura egin zizkioten hori esan zezan. Fiskalaren arabera, «epaiak baieztatzen du, oinarririk gabe, ustez irizpide juridikoen kontrako zeharkako lotura bat dagoela tratu txarren pean egindako polizia deklarazioaren eta gutunaren artean».

Epaiaren arabera, ebazpenean baieztatzen da gutun hura baliogabetzat jo behar dela, epaiak absolbitzeko argudio bakarra erabiltzen duelakoan: «Gure ustez akastuna, esaten baitu akusatuak ez balu polizia etxean deklaratu gero ez lukeela eskuz idatziko tratu txarraren zantzurik gabe idatzi zuen gutun hura».

Fiskalak ondorioztatu du ETAri bidalitako gutun hura bere kasa idatzi zuela, «modu boluntarioan eta libre». «Inkomunikazio aldian zer deklaratu zuen eta zein baldintzetan atxilotu zuten kontatu zuen, baita ekintza terroristetan zer egin zuen ere. Beraz, auzitegiak hori aintzat hartu behar du, eta kasu honetan ez du hartu».

Lehen aldia da Espainiako Auzitegi Nazionalak epai batean jaso duena atxiloaldian euskal herritar bat torturatu dutela. Deklaratzera behartzeko elektrodoak aplikatu zizkiotela jaso zuen epaian. Hori erakusten zuten auzi medikuaren txostenak hartu zituen aintzat epaiak.

Epaiak gaineratu zuen ezen Sorzabalek, inkomunikazio aldia amaitu eta epailearen aurrean deklaratu zuenean, ukatu egin zuela inkomunikazio aldian esandakoa, torturapean esan zuelakoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.