German Rodriguez Saizen anaiak eta Sanferminak 78 Gogoan elkarteak eskari bat aurkeztu zuten iazko azaroan, Madrilen, Giza Eskubideen eta Memoria Demokratikoaren Gelako Fiskaltzan, ikerketa abiatu zedin 1978an Espainiako Poliziak Iruñean tiroz hildako gaztearen auzia argitzeko. Fiskaltzara jo zuten, hark Espainiako Barne, Defentsa eta Presidentetza ministerioei eta Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaritzari eskatu ziezaien informazio guztia emateko Iruñean 1978ko sanferminetan jazotako gertaeren inguruan.
Bada, Giza Eskubideen eta Memoria Demokratikoaren Salako Fiskaltzak atzera bota du eskari hori. Agirian informazioa eskatzeko zerrenda luze bat zegoen zehaztua; elkarteak salatu du «ziurtasun espresua» dagoela informazio batzuk existitzen direla. Horrez gain, informe ofizialak aipatzen dituzte eskarian, besteak beste Iruñeko Poliziaren komisario nagusiak, Bilboko Poliziaren agintari nagusiak eta Nafarroako gobernari zibilak eginak. Izan ere, txosten horietako bakar bat ere ez zen erantsi Iruñeko auzitegian ireki zen auzibidean, nahiz eta epaitegiak eskatu zituen. «Ez dituzte German Rodriguezen ahaideen eskuetan paratu, haiek behin eta berriro eskatu dituzten arren», dio Sanferminak 78 Gogoan elkarteak.
Fiskaltzari egindako eskariak legezko oinarri sendoa dauka, kasurako, «artxiboak eta erregistro administratiboak eskuratzeko eskubide konstituzionalean, Administrazio Prozedura Arruntaren Legean, Gardentasun Legean, Artxiboetako Espainiako Sistemari Buruzko Dekretuan, eta, azkenik, Memoria Demokratikoaren Legean». Azken horretan esaten da, hain justu, bermatu egiten dela artxibo publiko eta pribatuak libreki, dohainik eta modu unibertsalean eskuratzeko eskubidea.
Ez dute tramiterik egin
Are gehiago, Memoria Demokratikoaren Legean azaltzen Giza Eskubideen eta Memoria Demokratikoaren Gelako Fiskaltzaren eginkizunak zein diren, eta zera aipatzen da, «giza eskubideen defentsan esku hartzeko duen eskumena eta Giza Eskubideen Nazioarteko Zuzenbidearen eta Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioaren urraketa sortu duten ekintzak ikertzeko eskumena».
Eskaria aurkeztu zenetik ia bi urte iragan dira, eta, Memoria Demokratikoaren Nafarroako Fiskaltzaren ordezkariarekin izan dituzten bileren ondoren, Sanferminak 78 Gogoan elkarteak ziurtatu du ez dela «inolako izapiderik egin» dagokien Espainiako ministerioetan, ezta gobernuak Nafarroan duen ordezkaritzan ere.
«Hori aski ez, eta irailaren 11n, Giza Eskubideen eta Memoria Demokratikoaren Nafarroako Fiskaltzaren ordezkariak dekretu bat eman du, Madrilgo salako fiskaltzak berretsia, non ebazten baitu irekitako izapide preprozesala artxibatzea». Fiskaltzaren ordezkariak ulertzen du «ez dela posible» eskaria gauzatzea, «egitate horiei buruzko prozesu judizial bat badagoelako, aribidean edo artxibatua». Hala, fiskaltzaren ustez, German Rodriguezen ahaideek eta Sanferminak 78 Gogoan elkarteak jarritako oraingo kereila irmoki artxibaturik dago.
«Non gelditzen da artxiboetarako sarbide librea izateko eskubidea, Memoria Demokratikoaren Legean aipatutakoa? Non gelditzen da fiskaltza horretan paratutako esperantza, krimen frankistak ezkutatzen segitzen duen inpunitate estalkia goititu dezan?»
SANFERMINAK 78 GOGOAN
1978ko hilketa hori salatzen duen elkarteak azpimarratu duenez, esaten denaren aurka, «22 hilabeteotan fiskaltzak ez du inolako izapide preprozesalik ireki, dagokion espedientean frogatzen ahal den bezala». Gainera, ziurtatu duenez, ikertzeko tramiteak ezin direla egin esateak ez du «inolako legezko justifikaziorik».
Eta galdera batzuk egin ditu elkarteak: «Horrek erran nahi du, ebazpen judizialak eman badituzte, horrek eragotzi egiten duela Giza Eskubideen eta Memoria Demokratikoaren Salako Fiskaltzak horiei buruzko ikerketak egitea? Non gelditzen da artxiboetarako sarbide librea izateko eskubidea, konstituzioan eta Memoria Demokratikoaren Legean aipatutakoa? Non gelditzen da fiskaltza horretan paratutako esperantza, krimen frankistak ezkutatzen segitzen duen inpunitate estalkia goititu dezan?».
Sanferminak 78 Gogoan elkarteak garbi utzi du aurrerantzean ere eskatuko duela «egia osoa, aitzakiarik gabeko justizia eta ordain integrala» emateko «frankismoak gizateriaren aurka gauzatutako krimenen inguruan, hala nola 1978ko sanferminetan Poliziak, Barne Ministerioak eta Espainiako Gobernuak egindakoaren inguruan».