Fiskaltzak behin-behineko kartzelatzea eskatu du Miarritzeko bi begiraleentzat, adingabeei sexu erasoak egitea egotzita

Mouriscot aisialdi zentroko bi animatzaile atxilotu zituzten herenegun goizean Baionan. Hamabi haur identifikatu dituzte biktima gisa.

Baionako auzitegia, artxiboko irudi batean. GUILLAUME FAUVEAU
2026ko uztailaren 23a
15:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Miarritzeko (Lapurdi) Mouriscot aisialdi zentroko bi animatzaile atxilotu zituzten herenegun goizean Baionan, haurrak bortxatu eta haien kontra sexu indarkeria baliatzea leporatuta. Fiskaltzak bi gizonak behin-behinean kartzelatzea eskatu du. Zehazki, 3 eta 4 urte bitarteko hamasei haur daude tartean, eta horietatik hamabi biktima gisa identifikatu dituzte dagoeneko. Fiskaltzaren esanetan, lau familiak jarri dute salaketa polizia etxean, baina litekeena da kopuru horrek gora egitea datozen egunetan eta asteetan. Familiek protesta egin dute gaur Miarritzeko herriko etxearen aurrean, azalpenak eskatzeko. Izan ere, salatu dute abenduan helarazi zizkiotela herriko etxeari lehenbiziko kexak.

Joan den uztailaren 12an abiatu zuen ikerketa Miarritzeko polizia etxeak, 3 urte eta erdiko haur baten gurasoek salaketa jarri eta gero; umeak adierazi zien aisialdi zentroan eraso egin ziotela. Hain zuzen, 36 urte ditu atxilotuetako batek, 21 besteak; zaharrenak bi urte daramatza lanpostu horretan, eta gazteenak udako lana zuen. Gaur egun eskura duten informazioarekin ezin dute argitu bi gizonak hitzartuak ziren ala ez erasoak egiteko.

Fiskaltzaren arabera, gainera, sexu erasorik salatu ez duten beste adingabe batzuek «trauma zantzuak» dituzte, eta, beraz, litekeena da biktima kopuruak gora egitea. Dena den, adierazi dute «afera biziki konplikatua» dela, biktimen adinagatik, haurrek zailtasunak izaten dituztelako erasoak kontatzeko. Baionako ospitaleko zerbitzuan artatu dituzte, eta gai horietan espezializaturiko psikologo batekin egonak dira.

Serge Blanco Miarritzeko auzapezak biktimen gurasoei herenegun gutun batean adierazi zienez, bi gizonak kargutik kendu zituzten ikerketen berri izan bezain laster. Bestalde, esan zien Miarritzeko herria parte zibil gisa aurkeztuko dela auzibidean. Gertakizunen larritasuna dela eta, erasoak publiko egin zirenetik entzute zerbitzuak ezarri dituzte herriko etxean, gurasoek aukera izan dezaten psikologoengana joateko. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA