Fiskaltzak bost urteko espetxe zigorra eta Frantziatik kanporatzeko agindua eskatu ditu Josu Urrutikoetxearentzat

Fiskalaren eskaeraren arabera, ez luke espetxealdia bete beharko, delitua errepikatu ezean. Frantzian haren kontra abiatutako azken auzibidea da, eta, amaitzean, mahai gainean egongo da Urrutikoetxea Espainiaratzeko aukera.

Urrutikoetxea, atzo, Parisen. YOAN VALAT / EFE
Urrutikoetxea, atzo, Parisen. YOAN VALAT / EFE
Iosu Alberdi.
2026ko apirilaren 10a
16:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Fiskaltzak bost urteko espetxe zigorra eta Frantziako Estatutik kanporatzeko agindua eskatu du Josu Urrutikoetxearentzat, 2002tik 2005era bitarte ETAko kide izatea egotzita; eskaeraren arabera, ordea, espetxealdia delitua errepikatuz gero soilik bete beharko luke. Orain, Parisko Dei Auzitegiak eman beharko du auzibidearen gaineko ebazpena: hain zuzen, uztailaren 2an ebatziko du. Aldeek, baina, Kasazio Auzitegian —Frantziako auzitegi gorenean— helegitea aurkezteko aukera izango dute segidan. Prozesuaren amaiera gako izango da, Frantzian Urrutikoetxearen kontra martxan den azken auzia baita, eta itxierak bide emango lioke hura Espainiaratzeko aukerari; jada estradizio eskaera eta euroagindu bana onartu baititu Frantziak.

2002tik 2005erako epea Urrutikoetxeak Eusko Legebiltzarra utzi eta sasian egindako lehen tarteari dagokio. Bitarte horretan «helburu terroristak dituen» gaizkile elkarte bateko kide izatea egozten dio fiskalak. Urrutikoetxeak epaiketan aitortu du ETAko kide izan zela, baina ukatu egin du erakunde hartako buruzagi gisa aritu izana, baita bitarte horretan izandako atentatuetan parte hartu izana ere. Haren hitzetan, «gatazkaren konponbidera iristeko bideak topatzeko» eginkizuna zuen, eta erakundeko adar militarretik at zegoen.

Hain zuzen, Urrutikoetxeak —75 urte ditu— ETAn egindako ibilbidearen inguruko azalpenak eman ditu epaiketan: 1968an sartu zen erakundera, 17 urte zituela, eta 1989an atxilotu zuten Baionan. Auzibideari dagokion epeaz mintzo zela, berriz, Jesus Egiguren PSE-EEko presidente ohi eta Espainiako Gobernuak izendatutako ordezkariarekin Genevan (Suitza) izandako elkarrizketak aipatu ditu, besteak beste. Eta adierazi du 2006an utzi zuela erakundea, ETAko zuzendaritza berriak ez zuelako bat egiten hark negoziazioez zuen ikuspegiarekin. Gerora, erakundeak Espainiako Gobernuarekin negoziatzeko asmoz Norvegiara bidalitako ordezkaritzako kide ere izan zen Urrutikoetxea, 2011tik 2013ra bitarte, eta 2018an erakundea desegitearen berri emateko mezua irakurri zuen, Marixol Iparragirrerekin batera. 

Naima Rudloff fiskalak, baina, ez du «bake negoziatzaile» gisa ikusten Urrutikoetxea. Aitortu badu ere Espainiako Gobernuarekin izandako elkarrizketetan parte hartu zuela, gehitu du Urrutikoetxeak bat egiten zuela erakunde armatuaren ekiteko moduarekin. Hala, espetxe zigorra eta Frantziako Estatutik kanporatzea eskatu du. 

Defentsak, berriz, gogor kritikatu du Frantziatik kanporatzeko agindua galdegin izana. Argudiatu du bizia eta familia Ipar Euskal Herrian dituela, eta eskatu du hori kentzeko deliberotik. Izan ere, hura baieztatuko balitz, automatikoki aplikatuko litzateke.

Prozedura akatsak

Atzo hasi eta gaur amaitu da Urrutikoetxearen kontrako auzi saioa, baina, motza izanagatik, ez da gorabeherarik gabe gertatu. Laurent Pasquet-Marinacce defentsa abokatua auzibidea atzeratzen saiatu zen atzo, prozedura akats bat argudiatuta. Izan ere, defentsak hiru lekuko deitu zituen deklaratzeko: Veronique Dudouet gatazken konponbidean aditua den alemaniarra; Gerry Kelly IRAko kide ohi eta Sinn Feineko politikaria; eta Brian Currin abokatu eta diplomatiko hegoafrikarra. Bada, horien artean Dudouetek soilik deklaratuko du, eta idatziz.

Kellyk eta Currinek ETAren desegitera eraman zuen prozesuan parte hartu zuten, eta, Pasquet-Marinacceren esanetan, haien deklarazioak garrantzitsuak dira adierazteko Urrutikoetxearen rola «gako» izan zela Madrilen eta ETAren arteko negoziazioetan. Biak hitza hartzeko prest zeuden, azaldu zuenez, baina fiskaltzak ez zituen haiei zuzendutako deialdiak garaiz bidali.

Europako Batasunetik kanpo bizi direnez, epaiketa baino bi hilabete eta hamar egun lehenago helarazi behar zitzaien deialdia, baina fiskaltza berandu ibili da: Kellyk otsailaren 23an jaso zuen, eta Currini ez zaio halakorik iritsi. Horiek hala, defentsa abokatuak epaimahaiari eskatu zion auziaren konstituzionaltasuna aztertzeko galdera bat egiteko Auzitegi Gorenari. Ezezko erantzuna jaso zuen, eta bi lekukoek deklaratu ahal izateko auzia atzeratzeko eskatu zuen segidan. Eskaera hura ere atzera bota zioten.

Ez da auziaren prozedurari lotutako gorabehera bakarra. Delitu bera egotzita, Urrutikoetxea 2010ean epaitu zuten lehen aldiz, ihesean zela. Orduan, bost urteko kartzela zigorra ezarri zioten lehenik, eta zazpi urtera luzatu zioten gero, fiskaltzaren helegite bat tarteko. 2019an, atxilotu zutenean, epaiketa errepikatzeko eskatu zuen. 2021ean ziren egitekoak, baina auzia instrukziora eraman zuten berriz ere, prozedura akatsak zirela medio. Azken saiakera urrian egin zuten; orduan, epaiketa atzeratu egin zuten Urrutikoetxea gaixo zegoela eta.

Urrutikoetxea beste auzi bati lotuta ere epaitu zuten Frantzian; 2011tik 2013ra bitarte erakunde armatuko kide izatea egotzita. Orduan, baina, absolbitu egin zuten, argudiatuta negoziatzea ezin dela parekatu gaizkile elkarteko kide izatearekin.

Espainiaratzeko arriskuan

Urrutikoetxearen aldeko edo kontrako ebazpen bat iritsita ere, auziaren garrantzia beste nonbait da. Frantzian haren aurka irekita dagoen azken auzibidea da. Hala, behin hura argituta, modua legoke ETAko kide ohia Espainiaratzeko.

Espainiak Urrutikoetxearen kontra bi estradizio eskaera —Luis Herguetaren hilketa (1980) eta Zaragozako atentatua (1987)— eta hiru euroagindu —herriko tabernen auzia, Barajasko 2006ko atentatua, eta 2002tik 2018ra ETAko buruzagi izatea— aurkeztu dizkio Frantziari. Horien artean, Zaragozako atentatuari lotutakoa eta herriko tabernena onartu ditu Frantziak, eta maiatzaren 13an ebatziko du ETAko buru izatea leporatzen dionaren inguruan. Esaterako, Zaragozakoari lotuta, 2.354 urteko espetxe zigorra eskatzen du Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak.

Hain zuzen, epaiketan, Urrutikoetxeak ukatu egin du Zaragozako ekintzarekin zerikusirik izatea, baita erakundeko buruzagi lanetan aritu izana ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA