Fiskaltzak eskatu baino gogorrago zigortu dituzte Kanboko auzapeza lurrera botatzea egozten dieten militanteak

Gibelapenezko zigorrak eta isunak eman dizkiete Ostiako hiru militanteei. «Kexu» agertu dira erabakiarekin, eta ez dute baztertu dei egitea.

Filipe Laskarai, Baionako Auzitegian, erabakiaren berri izan baino lehen. GUILLAUME FAUVEAU
Filipe Laskarai, Baionako Auzitegian, erabakiaren berri izan baino lehen. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2025eko urriaren 14a
14:42
Entzun 00:00:00 00:00:00

Epaimahaiak erruduntzat jo ditu Kanboko (Lapurdi) auzapeza lurrera erori zeneko gertakariengatik epaitu zituzten Ostia kolektiboko hiru militanteak. Gibelapenezko kartzela zigorrak eman dizkie: lau hilabetekoa Filipe Laskarairi, eta bi hilabetekoa Patxi Laskarairi eta Benjamin Charroni. Horrez gain, 300 euroko isuna ordaindu beharko du bakoitzak hatz markak emateari uko egiteagatik. Azkenik, herritartasun ikastaro bat egin beharko dute, haien gain. 

Kalte ordainak ere agindu ditu epaileak. Auzipetuetako bakoitzak 400 euro eman beharko dizkio Christian Deveze Kanboko auzapezari abokatu gastuak ordaintzeko, eta beste euro sinboliko bana herriko etxeari.

Alain Larrea abokatuak erran du ez duela ulertzen epaileek hartutako erabakia. «Jendarmeek ikusi ez dutena, irudiek erakusten ez dutena epaileek iduriz ikusi dute», adierazi du. Hiru militanteei dei egiteko aholkatu diela erran du. «Pentsatzen dut seinale bat eman nahi izan dutela epaileek, laborantza lurrak zaintzeko egiten diren mugimendu zibilen aurka».

«Jendarmeek ikusi ez dutena, irudiek erakusten ez dutena epaileek iduriz ikusi dute»

ALAIN LARREA Defentsako abokatua

Bide beretik jo dute Filipe Laskaraik eta Charronek ere. «Kexu» agertu dira eman dizkieten zigor «bortitzekin». Laskaraik oroitarazi du auzi denboran ez zituztela frogatu ahal izan haien kontra egindako bortizkeria akusazioak. «Ez genuen ukatu protestan parte hartu genuenik, baina beste ehun bat pertsona ere baziren. Hor izateagatik kondenatu gaituzte», esplikatu du. «Ikaragarria da».

Azkenaldian izan diren beste hainbat epaiketarekin lotu du erabakia Laskaraik, elkartasun ekintzetan parte hartu duten militanteak kondenatu baititu auzitegiak. «Zerbait errateko duen edo ezadostasuna erakusten duen herritarra zigortzen du justiziak».

Ez dute baztertu jaso duten erabakiari dei egiteko aukera. «Pentsatu behar dugu... Harrituak gara, eta biziki kexu».

Iskanbila politikoa

Hautsak harrotu zituen iazko udaberrian Marieneko lurren defentsan antolatuak diren eragileek Kanboko herriko etxean egin zuten protestak. Makilekin lurra joz harrabotsa eragin eta etxebizitza proiektuaren kontra oihukatuz, bilkura trabatu zuten bi orenez. Azkenerako, kontseilua etetea erabaki zuen Deveze auzapezak. Kanpora bidean zihoala, jendarmeak sartu ziren gelan; bultzada gertatu zen militanteekin, eta auzapeza lurrera erori zen. Iskanbila politiko handia sortu zuen gertakariak.

Irail hasieran epaitu zituzten Ostia kolektiboko hiru militanteak. Hirurek onartu zuten gertakarien egunean protestan parte hartu zutela, baina ukatu zuten herriko kontseiluan izan ziren iskanbiletan bortizkeria erabili izana. Prentsan agertutako irudiak aztertu zituzten, baita jendarmeek eta herriko kontseiluan izan ziren hainbat hautetsik egindako adierazpenak ere. «Ez zen liskar fisikorik izan», adierazi zuen Alain Larrea defentsako abokatuak, horietan bermatuz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.