Fiskaltzak eta akusazioek ondorioztatu dute akusatuak «kontzienteki» hil zuela Maialen Mazon, «berarentzat nahi zuelako»

Maialen Mazonen hilketa matxista epaitzeko azken saioa egin dute gaur, eta auzia epaiaren zain geratu da. Aldeek euren tesiei eutsi diete. Akusazioek diote hilketa «ankerkeriaz» egin zela; defentsaren ustez, akusatuak ez zekien andrea hiltzen ari zela.

Maialen Mazonen hilketa matxistaren epaiketa. RAUL BOGAJO / FOKU
Maialen Mazonen hilketa matxistaren epaiketa. RAUL BOGAJO / FOKU
edurne begiristain
Gasteiz
2026ko maiatzaren 13a
17:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Maialen Mazonen hilketa matxistaren epaiketaren azken saioa izan da gaur. Aldeek behin betiko ondorioak aurkeztuta, herri epaimahaiak datozen egunetan emango du epaia.

Fiskaltzak, akusazio partikularrak eta herri akusazioak 45 urteko espetxe zigorra eskatu dute emakumea hiltzeaz akusatutako gizonarentzat, hilketagatik, bi abortu delitugatik eta adin txikiko bat abandonatzeagatik. Argi adierazi dute akusatuak «modu kontzientean eta aurrez pentsatuta» hil zuela orduan bikotekide zuena. Hiru akusazioek hari beraz lotu dituzte azken ondorioak: adierazi dute kontrolaren, indarkeria psikologikoaren eta jabetza sentimenduaren ondorioz egina izan zela hilketa, eta emakumea ez ezik biktima izan zirela hark espero zituen bikiak eta gelan zegoen alaba txikia ere.

Defentsak, berriz, absoluzio eskaerari eutsi dio, argudiatuz J.R. akusatua ez zela bere ekintzen jabe, «kolapso» egoeran zegoelako, errealitatetik deskonektatuta.

Fiskaltzaren eta akusazioen arabera, hainbat agiri eta peritu frogak zuzenean lotzen dute akusatua emakumearen heriotzarekin. Besteak beste, adibide moduan aipatu dituzte gertakarien ondoren akusatuak lagun bati bidalitako mezua —«ederra egin dut» idatzi zion—, atxilotu zutenean motxilan zeramatzan odolez zikindutako arropak eta zapatilak, baita odol eta aztarna horiek emakumearenak zirela baieztatzen duten peritu txostenak ere.

Ondorioztatu dutenez, 2023ko maiatzaren 27an gertatutakoa ez zen homizidio hutsa izan, baizik eta azpikeriaz eta «ankerkeriaz» egindako hilketa bat. Azaldu dutenez, erasoa ustekabean etorri zen, biktimak bere burua defendatzeko aukerarik izan gabe. Aitortu arren eztabaidak eta indarkeria psikologikoa ohikoak zirela bikotearen artean, azpimarratu dute erasoa «ezustekoa» izan zela emakumearentzat.

Indarkeriaren zikloa

Lekukotzek ere erakutsi dute tartean indarkeria matxista zegoela, Camino Mendez fiskalaren esanetan. Gogorarazi du emakumeak babes agindua zuela, genero indarkeriaren zantzuak bazeudelako, nahiz eta akusatuak ez zuen inolako kondenarik. Horren harira, kritikatu egin du biktima babesteko orduan «porrot» egin izana. Virginia Urtaran akusazio partikularreko abokatuak ere gogorarazi du Herrialde Katalanetako epaitegi batek «muturreko arriskuko» babesa ezarri ziola Mazoni, baina Ertzaintzak arrisku maila jaitsi ziola; abokatuaren iritziz, erabaki hura «hutsegite larria» izan zen.

«Maialen galduko zuela jakin zuenean erabaki zuen [akusatuak] hura hiltzea. Berarentzat nahi zuelako hil zuen»

VIRGINIA URTARAN Akusazio partikularreko abokatua

Akusazio publikoak adierazi du gizonak bikotekidea kontrolatzen zuela eta ez zuela onartu andreak harengandik banandu nahi izatea. Izan ere, gogorarazi du Mazon beste harreman bat hastear zegoela, eta hausturaren inguruan hitz egiteko eta alabaren zaintza antolatzeko elkartu zirela apartamentuan. Orduan, akusatuak ulertu zuen harremana eten egingo zela, eta, fiskalaren hitzetan, «Maialen galduko zuela jakin zuenean» erabaki zuen hura hiltzea. «Badakigu zergatik hil zuen: berarentzat nahi zuelako», adierazi du. Horregatik baieztatu du «genero arrazoiek» bultzatutako hilketa izan zela, modu kontzientean eta aurrez pentsatua.

Akusazioek bi abortu delitu egozten dizkiote akusatuari. Haien arabera, gizonak ez zuen nahi bikiak jaiotzerik, eta emakumea hiltzeko asmoa ez ezik haiek hiltzeko borondatea ere izan zuen. Bestalde, adingabe bat abandonatzea ere egotzi dio akusatuari. Fiskalak adierazi du froga nahikoa daudela erakusteko alaba txikia hainbat orduz bakarrik utzi zuela. Fiskalaren arabera, umeak hemezortzi ordutik gora eman zituen jan eta edan gabe eta heldu baten zaintzarik gabe, eta akusatuak ez zuen ezer egin haren osotasun fisikoa babesteko eta hura zaintzeko.

«[Biktima] Mendekotasun harreman batean harrapatuta bizi zen psikologikoki eta ekonomikoki, eta lekukoek ere hala baieztatu dute»

CECILIA PIRIS Clara Campoamor elkarteko abokatua

Herri akusazioaren izenean, Clara Campoamor elkarteko abokatu Cecilia Pirisek genero ikuspegia ekarri du hizpidera. «Indarkeriaren zikloaz» hitz egin du, biktimak erabat mendeko bihurtzea eta bakartzea dakarren mekanismo gisa. Haren esanetan, horixe bera gertatzen zitzaion Mazoni: «Mendekotasun harreman batean harrapatuta bizi zen psikologikoki eta ekonomikoki, eta lekukoek ere hala baieztatu dute». Horri lotuta, indarkeria bikarioa ere aipatu du: esan du erasotzaileak alaba erabili zuela ama zigortzeko eta hari min egiteko, eta gaineratu ez zela hori gertatzen zen lehen aldia.

Defentsaren argudioei erantzunez, akusazioek esan dute J.R.-k ez duela inolako gaixotasun mentalik edo buru nahasmendu iragankorrik. Kontrara, gaitasun kognitibo guztien jabe zela nabarmendu dute.  

«Maialen maite zuen»

Akusatuaren defentsak, ostera, azpimarratu du akusazioaren argudioek ez dutela oinarri sendorik. Defentsaren arabera, akusatuak arreta defizitaren nahasmendua zuen, eta hainbat adikzio ere bai. «Kaosa eta organizaziorik eza besterik ez zuen buruan».

Esan du gizonak ez zuela bikotekideak abortatzerik nahi; are, Mazon «maite» zuela eta haren alde «edozer egiteko gai» zela nabarmendu du. Hala ere, gogorarazi du alkohola kontsumitzen duen norbait «oso bortitza» izan daitekeela, baina, aldi berean ukatu egin du gizonak bikotekidea «ankerkeriaz» hil izana. Defentsaren arabera, «errealitatearekiko disfuntzio zantzuak» zituen akusatuak, eta «ez zekien Mazon hiltzen ari zenik».

Auzi saioa amaitu aurretik, akusatuak hartu du hitza, eta barkamena eskatu: «Barkamena eskatu nahi dut, batez ere nire alabari. Espero dut egunen batean aurrez aurre esan ahal izatea. Asko sentitzen dut».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA