Fiskaltzak helegitea jarri dio Sorzabalen absoluzioari, eta epaiketa berriz egiteko eskatu du

Espainiako Auzitegi Nazionalak Sorzabali egindako torturak jaso zituen bere epaian, baina fiskaltzak dio haren testigantzak froga gisa balio duela, eta epaiketa berriro egitea nahi du, beste epaimahai batekin.

Torturatuen Sarearen agerraldia, maiatzean, Iratxe Sorzabalen epaiaren harira. FOKU
Torturatuen Sarearen agerraldia, maiatzean, Iratxe Sorzabalen epaiaren harira. FOKU
xabier martin
2025eko ekainaren 4a
18:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Espero zen eta iritsi da. Espainiako Auzitegi Goreneko Fiskaltzak Iratxe Sorzabalen absoluzioa ekarri duen epaiari helegitea jarri dio. Alvaro Redondo fiskalaren helegitean, gainera, Sorzabalen aurkako epaiketa berriz egiteko eskatu dute, 1995ean Irunen jarritako lehergailu baten auziari lotuta.

Maiatzaren 8an, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Zigor Aretoak absoluzioa agindu zuen Sorzabalentzat, auzi horren akusazioaren harira. Gainera, Espainiako justiziak aitortu zuen akusatuari «tratu gizagabea» eman ziola Guardia Zibilak «atxiloketan, 2001eko martxoan». Sorzabalek Irungo ekintzan parte hartu zuela idatzi zuen, eta epaian adierazi zuten idatzi hori «zuzenbideari begira baliogabea» dela, «akusatuaren oinarrizko eskubideak urratuta lortu zelako —torturapean, elektrodoak aplikatuta—». Sorzabalen atxiloaldian gertatu ziren tortura horiek, eta Auzitegi Nazionalak dio «helburua» zela «esan bezala idatz zezala bere deklarazioa».

Bada, orain, fiskaltzak nahi du ebazpen horretan atzera egitea Justiziak. Epaiketaren ebazpenean jasotakoaren aurka egitea nahi du; izan ere, fiskalak idatzi du Sorzabalen «aitorpena» edo autokritika «borondatez egindako ekintza bat» izan zela, eta horretan «aitortu» egiten duela lehergailua jarri izana. Redondo fiskalaren txostenak dio Sorzabalen autokritika ez dagoela «kutsatua» ondoren egindako «adierazpenak direla eta», hau da, tortura salaketarengatik. Fiskalak ziurtatzen du Sorzabal «derrigortua» zegoela haren arduradunei jakinaraztera «segurtasun indarrei esandakoa».

Beste epaimahai bat

Horregatik, Goreneko fiskalak uste du «aitorpena» balekoa dela froga gisa, eta, Auzitegi Nazionalak aintzat hartu ez duenez, fiskalak ez duela behar bezala egin bere lana. Hala, Sorzabal absolbitu duen epaia baliogabetzeko eskatu du, eta beste epaiketa bat egiteko, beste epaimahai batekin.

Absoluzioa eman zuen epaimahaiak bere idatzian azpimarratu zuen Sorzabalek ez zuela epaiketan berretsi bere autoinkulpazioa, eta jakinarazi zuela torturapean egin zuela deklarazioa. Gainera, epaian adierazi zuten Sorzabalen idatzia aurkitu zutenean zabaldu zutela 1995eko akusazio horri lotutako prozesu judiziala. Era berean, azaldu zuten Sorzabal atxilotu eta egun batzuetara azaldu zela erruduntasun aitorpena, eta hark egindako «deklarazioa bezala baliogabea» dela, «zeharka bada ere». Eta ondorio bat atera zuten: «Deklaraziorik egon izan ez balitz, ez zen izango erruduntasun idatzirik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.