Iazko uztailean ironman bat antolatu zuten Gasteizen, eta zenbait norbanakok salatu zuten karteletan-eta ez zegoela euskararik, gazteleraz eta ingelesez baino ez zeudela. Horren aurrean, galdea egin zion EH Bilduk Arabako Foru Aldundiari. Eman berri dute erantzuna: 1.650 euro gutxiago emango dizkiete antolatzaileei.
Hain zuzen, koalizio abertzalearen informazio eskeari erantzunez, Arabako Foru Aldundiak esan du probaren kartel ofiziala euskaraz eta gazteleraz zabaldu zutela «baliabide digitalen bidez»; alta, gazteleraz soilik egin zuten euskarri fisikoan. «Horrek esan nahi du, zerbitzu tekniko berberen arabera, eta harrera aktan jasotakoan oinarrituta, prestazioa gaizki bete dela», ebatzi du aldundiak.
Horiek horrela, zigorra izango dute. Ez dute behar bezala bete agindutakoa, eta bete gabeko zatia «emandako diru laguntzaren guztizko balioaren %50 da; hau da, 1.650 euro, BEZa barne». Ondorioz, ez diete osorik ordainduko babestutako erakundeari, ordaintzeke dagoen kontratuari zenbateko hori kenduko baitiote.