Iaz, Foru Hobekuntzak 40 urte bete zituen; baina Nafarroako Parlamentuak antolatutako mahai inguru bat salbu, oharkabean pasatu zen efemeridea. Azken orduan, abenduan, Nafarroako Gobernuak bi ekitaldi politiko antolatu zituen; bata, Madrilen eta bestea, Iruñean. Bestela, deus gutxi egin zen, nahiz eta 2019ko akordio programatikoak jaso legebiltzarrean prozesu parte hartzailea eratuko zela «Nafarroaren statu quo-a definitzeko eta eskumen gehiago bereganatzeko». PSNk hitzartutakoa bete ez duela ikusirik, Geroa Baik atzo aldarrikatu zuen Foru Hobekuntza XXI. mendeko errealitatera egokitzeko asmoz «berritu» egin behar dela. Behin edukia hitzartuta, herritarrei erreferendum bidez galdetu behar zaiela azpimarratu zuen Uxue Barkos lehendakarigaiak.
Autogobernua sendotzearen aldeko mezua eman zuen koalizioak, Iruñeko egoitzan. Legealdi honetan, Nafarroako Gobernuak trafikoa, espetxeko presoei osasun arreta ematea eta bizitzeko diru sarreren errentaren eskumena eskualdatzeko akordioak sinatu dira Madrilekin. Azken transferentzia 2001ean egin zenez, lorpenaren garrantzia nabarmendu dute hilabeteotan Maria Txibitek eta PSNk. Uxue Barkosek bazkideari euren lanaz «baliatu» nahiz izatea aurpegiratu zion. Izan ere, haren ustez, Geroa Baik «ausart eta tinko» jardun du eskumena lortzeko ahaleginean. Gogora ekarri zuen trafikoaren inguruko konpromisoa berak sinatu zuela Moncloan, 2018ko urriaren amaieran, eta Maria Jose Beaumont aurreko legealdiko Barne kontseilariak lanaaurreratuta utzi zuela. «PSNk ez du paper bat ere mugitu, eta Geroa Baik egindako lana erabili du argazkia ateratzeko eta etekin politikoa erdiesteko».
Aurrera begira, berriz, oraindik eskualdatu ez diren eskumenetan sakontzeko bidetik joko dutela azaldu zuen: hala nola, bekak, ikerketa eta garapena eta Foruzaingoak ingurumen zaintza bere gain hartzea. 2019ko akordio programatikoan jasotako konpromisoa bere egin du, eta Parlamentuan Foru Hobekuntza berritzeko batzordea bultzatuko duela promes egin du.
Alde Zaharrari begira
Koldo Martinez Iruñeko alkategaiak, berriz, udaletxe aurrean egin zuen kanpainako ekitaldia. Bertan, proposatu zuen Alde Zaharreko hainbat gune berriz urbanizatzea: Horietako bat, Basotxoa da. Gainera, NafarroakoMuseoaren ingurunea eta artxibategia arteko tartea oinezkoentzako eremu bihurtu nahi dute. Santa Ana plaza aldatzea ere promes egin du Martinezek.
Halaber, hautagaiak beharrezko jotzen du Nabarreriako plan osoa aurrera eramatea eta udaletxe alboan den Burgoen plaza eraldatzea, «Alde Zaharreko eremu horrek bizitza berreskuratu dezan». San Domingoko baratzeetan zentro zibiko bat eraikitzea proposatu zuen, eta adierazizuen auzoa biziberritu behar dela haurrentzako eta helduentzako, «ez dadin soilik izan asteburuko alkoholaren eta aisialdiaren eremu bat».
Udal eta foru hauteskundeak. Nafarroa
Foru Hobekuntza berritu eta erreferenduma egitea proposatu du Geroa Baik
Barkosek aldarrikatu du trafikoa eta espetxeko osasuna eurei esker eskualdatu direla, eta salatu du sozialistak haien lanaz «baliatu» direla

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu