Franco eta galiziarrak errepubikaren plazan

Alberto Nuñez Feijoo Alderdi Popularreko buruzagia eta Espainiako presidentegaia Eibarren izan da Gipuzkoako zerrendaburu Jon Etxeberria babesten. Voxekin egindako akordioa aldarrikatu du, protesta eta losintxa artean.

Feijoo, gaur goizeko ekitaldian, Eibarren. JUAN HERRERO / EFE
Feijoo, gaur goizeko ekitaldian, Eibarren. JUAN HERRERO / EFE
aitor biain
2026ko azaroaren 17a
18:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hauteskunde kanpainako lehen astearte goiza da, eta Alderdi Popularrak Eibar (Gipuzkoa) aukeratu du ekitaldi politikoa egiteko. Toki bitxia inon ere PPk ezer egiteko. Izan ere, 1931n Espainiako II. Errepublika aldarrikatu zuten herriko plazan, eta egun sozialisten gotorlekua da. Untzaga plazan du egoitza Alderdi Sozialistak ere, eta pankarta erraldoiak paratu dituzte eraikinean zintzilik: Bozkatu Euskal Sozialistak eta Vota Socialistas Vascos irakur daiteke horietan.

Karpa erraldoi bat ari dira muntatzen ondoan, udaletxearen aurrean. Haren aldean nabarmen txikiagoa da PPk errepidearen beste aldean jarri duena. Hauteskunde propanganda aurki daiteke bertan: puxikak, boligrafoak, esku orriak… baita boto paperak ere. Zuriak denak, halere; izokin kolorekorik ez, alderdiak ez baitu aurkeztu Senaturako zerrendarik Gipuzkoan. Kongresurako zerrendan sei lagun ageri dira, eta lehen postuan bera: Jon Etxeberria Franco.

Abizena gaztelerako grafiarekin idazten duen 22 urteko mutil koskor horren aldeko apustua egin du Alderdi Popularrak Gipuzkoako hauteskunde emaitzei buelta emateko. Izan ere, hamabost urte dira lurralde horretan ordezkaririk lortzen ez duela. Etxeberriak apenas du esperientziarik politikaren arloan, baina oso ezagun egin da telebista saioetan eta sare sozialetan, eta hori baliatu nahi du alderdiak Gipuzkoako sei eserlekuetatik bat eskuratzeko.

Ordubete falta da oraindik ekitaldi politikoa hasteko, baina astoramendua handia da herrian. Poliziaz josita daude plazaren inguruak, errepideak moztuta, eta Madrildik etorritako kazetari eta sasikazetari andana dabil inguruan. Autobus bat ere jarri dute bertan, atze-oihal gisara. Alberto Nuñez Feijoo PPren Espainiako presidentetzarako hautagaiaren argazkia darama eta Bozkatu PP leloa idatzita.

Haren zain dira denak, hain justu ere. Etxeberriak larunbatean Hernanin (Gipuzkoa) izandako erasoaren ondoren, babesa adierazi nahi zion. Furgoneta beltz batean eta ordu erdiko atzerapenarekin iritsi da Feijoo. Txalo zalantzagarri batek eten du isiltasuna lehenik, baina berehala izan du erantzuna, dozenaka lagunek txistu eta oihu artean hartu baitute buruzagia.

Hizkuntzaren ajea

Etxeberriak hitza hartu orduko erantzun die protesta egitera hurbildu direnei. Esan du «PPkoak izategatik» erasotzen dietela, «gizarte eredu ezberdina proposatzeagatik». Izan ere, adierazi du PSOEk, EAJk eta EH Bilduk lau urte daramatzatela politika berberak ordezkatzen. Eta hitzeman du, erasoak eraso, ez duela kanpaina etengo, larunbatean kontrakoa esan bazuen ere. Inork ez du haren hitzaldia eten, ordea.

Aldiz, protestak areagotu egin dira Feijook hitza hartu duenean: «Faxista», «isildu zaitez» eta «alde hemendik» oihukatu diote hitz egiten ari zen bitartean. Alderdi Popularreko buruzagiak erantzun die ez dutela onartuko «biolentoek» isilaraztea, eta azpimarratu du ez dutela atzerapausorik emango, «ez Euskadin, ez Espainian». Are, PP agintera heltzeko beharra aldarrikatu du Feijook, «Euskadira askatasuna, bakea eta tolerantzia itzultzeko».

Hain zuzen ere, Gipuzkoan Voxekin egindako akordioa goretsi du, eta argi utzi du eskuinaren bozka guztiak eskuin muturreko alderdian biltzea dela xedea: «Voxetik bereizten nauen guztia aintzat hartuta ere, Santiago Abascalengandik hurbilago sentituko naiz beti Arnaldo Otegirengandik baino». Eta botoa Alderdi Popularrari emateko eskatu du. «Euskaraz esan nezakeen, baina ezin dut. Galegoz ere egin nezakeen, baina galiziar gutxi daude hemen, beraz gazteleraz egingo dut», esan du gazteleraz, mezua plazaratu baino lehen.

«Galiziar gutxi hemen?» galdetu du kazetarien artean infiltratu den adineko emakume batek. «Ugari daude eta!», erantsi du barrezka. Bistan da, etxeko lanak egin gabe joan da Feijoo Eibarrera. Hori bera txarretsi dio Jon Iraola alkateak sare sozialetan, ekitaldia amaitu eta minutu gutxira. Adierazi duenez, galiziar jatorriko komunitatea handia da herrian eta garai batean 2.000 lagun inguru ere izan ziren. 27.000 biztanle pasa ditu herria egun. 

Ekitaldia amaitu eta ziztu bizian alde egin du Feijook. Txistu, oihu eta irain artean atera da, Ertzaintzak babestuta. Gainerako kideek kolpetik jaso dute aterpe urdina ere, eta eguerdirako ez zegoen arrastorik plazan. Galiziako presidente ohiak utzi du arrastoa kanpainan, ordea, galiziarren diasporak berak lotsagorrituta.

ETA, alderdi popularraren kanpainan

Alderdi Popularrak hutsik utzi zuen bere hateskunde programako 132. puntua, eta PPko presidente Alberto Nuñez Feijook Iruñera egindako bidaia baliatu zuen haren nondik norakoak azaltzeko: «ETAtik ihes egin behar izan zutenek euren udalerrietan botoa eman ahal izango dute berriro». Hala, buelta eman nahi izan dio eskuinean hainbeste kexa eragin dituen biloben legeari, zeinak xede duen diktaduraren eraginez atzerrira joandakoen ondorengoek botoa emateko aukera izatea.

Halere, ez Iruñean, ez Eibarren, ezta Bilbon ere, ez du azaldu nola gauzatuko lukeen lege aldaketa hori. Horren ordez, PSOEren eta EH Bilduren arteko harremanez aritzera mugatu da, ETAren, indarkeriaren eta bi indar politiko horien arteko nahasteketak eginda

.

 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA