Frankismo garaiko errepresioa oroituko du Gogora-k 2026an

Gazteak, adituak eta biktimak elkartuko ditu, frankismoa «desmitifikatzeko» helburuarekin. Pertur eta Yoyes ETAko kide ohiak, Martxoak 3ko sarraskia eta lehen Eusko Jaurlaritza ere gogoratuko ditu.

Gogora Institutuaren zuzendaritza kontseiluaren bilera gaur, Bilbon. JON RODRIGUEZ / IREKIA
Gogora Institutuaren zuzendaritza kontseiluaren bilera gaur, Bilbon. JON RODRIGUEZ / IREKIA
aitor biain
2025eko urriaren 21a
20:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gogora Institutuaren zuzendaritza kontseiluak bilera egin du gaur arratsaldean Bilbon, datorren urteko ekintza plana adosteko. Bilkura horretan, aurrekontua onartzeaz gain, 2026an zer ekintza antolatuko dituzten zehaztu dute. Horien artean daude, besteak beste, Francoren diktadurapeko errepresioa gogoratzea, Eduardo Moreno Bergaretxe Pertur eta Dolores Gonzalez Katarain Yoyes ETAko kide ohiak omentzea, Martxoaren 3ko sarraskiaren 50. urteurrena oroitzea, eta lehenengo Eusko Jaurlaritza eratu zela 90 urte beteko direla gogora ekartzea.

Franco hil zenetik 50 urte beteko direla eta, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak urteurrena gogoratuko du ekitaldi batean. Iaz egin bezala, aurten ere gazteak, adituak eta biktimak elkartuko ditu topaketa batean. Baina oraingoan frankismoaren azken urteak «desmitifikatzea» izango du helburu. Abenduaren 1ean izango da topaketa hori, Barakaldoko BECen (Bizkaia). 

Gogora-k askotariko ekitaldiak antolatuko ditu, halaber, beste hainbat urteurrenen harira. Izan ere, datorren urtean 50 urte beteko dira Pertur desagertu zenetik. ETA politiko-militarreko buruzagia zen Pertur 1976an desagertu zenean, eta gaur arte ez da argitu ez nork bahitu eta hil zuen, ez hura non dagoen ere, gerora Espainian eta Frantzian egin ziren ikerketek ez baitute horretarako bide eman. 

Aldiz, ETAk berak hil zuen Dolores Gonzalez Katarain Yoyes, erakundeko kide izana, traidoretzat jota. 1986ko irailaren 10ean hil zuten, Ordiziako euskal jaietan. Yoyes 1970eko hamarkadan sartu zen ETAn, eta zuzendaritzara iritsi zen lehen emakumea izan zen. Ordea, erakundearen barneko ildo nagusiarekiko desadostasunak tarteko, ETA uztea erabaki zuen 1979an. Hilketaren 40. urteurrena oroituko du Gogora-k.

Bakearen Aldeko Koordinakundea sortu zenetik 40 urte beteko direla ere oroituko du, eta jarraipena emango die lehendik abiarazitako jarduera batzuei. Memoriaren Eguna ospatuko du azaroaren 10ean, eta 1936ko gerran desagertutako biktimak aurkitzeko laguntza programa ere indartuko du. Horri lotuta, esaterako, Elgoibarko kolunbarioa handitzea eta Derioko hilerrian beste kolunbario bat eraikitzea aurreikusi dira. Urteroko aitortza ekitaldiak eta liburu aurkezpenak ere egingo dituzte. 2026ko kudeaketa planean jaso dute, halaber, Euskal Herriko Unibertsitatearekin «elkarlanean» jarraitzea, «Euskadiren historia hurbila» unibertsitaterako hautaproban sartzeko helburuarekin.

Indar gehiago ikerketan

Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria buru zutela egin dute bilkura. Bertan izan dira Maria Jesus San Jose Justizia eta Giza Eskubideen sailburua eta Alberto Alonso Gogora-ko zuzendaria ere. Ekintza plana onartzeaz gain, aurrekontu proposamenari ere oniritzia eman diote: 5,28 milioi euroko aurrekontua izango du heldu den urtean Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak. Dena den, Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuetan zehaztu beharko da behin betiko kopurua.

Alonsok azpimarratu duenez, %30 handituko dute ikerketarako dirua. Hauek dira Gogora-k dokumentuan jaso dituen ikerlerroetako batzuk: frankismo garaiko sexu eta genero aniztasunaren aurkako errepresioari buruzkoa; lehenengo Eusko Jaurlaritzako kide, kargu politiko eta funtzionarioei buruzkoa; langileen batailoiei buruzkoa; poliomielitisak eragindako pertsonen ingurukoa; eta, Emakumearen Babeserako Patronatuaren funtzionamenduari buruzkoa. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.