Frankismoak Bilboko kartzeletan errepresaliatutako emakumeak omendu dituzte

Santutxu auzoko Orue txaleta memoria leku moduan berreskuratzea eskatu dute ekitaldian.

Gaztedi dantza taldeko kideak atzoko ekitaldian. BASKALE ELKARTEA
Gaztedi dantza taldeko kideak atzoko ekitaldian. BASKALE ELKARTEA
Paulo Ostolaza.
2026ko azaroaren 22a
17:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bosgarrenez, frankismoak Bilboko kartzeletan errepresaliatutako emakumeak gogoan izan zituzten atzo. Ekitaldian Orue memoria leku moduan berreskuratzearen garrantzia azpimarratu zuten, eta Bilboko Udalari eskatu zioten kaleari izena aldatzeko, han preso egondako emakumeak oroitu ditzan.

Atzo egin zen ekitaldia 2022an hasi ziren egiten, elkarte memorialistek eta hainbat indar politikok eskatuta, udalak omenaldi bat eskaini zienean Orue txaleta deitutako kartzelan preso egondako emakumeei. Ordutik plaka bat eta lorategitxo bat daude han, eta urtero biltzen dira bertan antolatzaileak —CNT, Baskale elkartea, PCE-EPK, Eusko Lurra fundazioa, Santutxuko familia elkartea...—, baita preso egondako emakumeen familiak ere. Atzo lore eskaintza egin zieten bibolinaren musikaz lagunduta, eta Gaztedi dantza taldeko dantzariek agurra eskaini zieten familiei.

Zabalbide eta Karmelo kaleen artean, Orue txaletak emakumeen kartzela bat hartu zuen 1936ko gerran eta gerraosteko lehen urteetan. Baskale elkarte eusko-alemaniarrak 2017an izan zuen haren berri. Auzokoekin hitz eginda, ikerketa bat abiatu zuten, eta bisita gidatuak egiten dituzte orain, deskubritu zutena gizarteratzeko.

Frankistak Bilbora sartu zirenean hutsik geratu zen txaleta, eta 1937tik 1942ra erabili zuten kartzela moduan, Larrinagako espetxearen menpe: bertan itxitako andre gehienak epaiketaren zain zeuden; gero beste kartzeletara eramaten zituzten. Haietako 11 fusilatu egin zituzten. 1940an 497 emakume egon ziren han preso.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA