Iruñeko Gaztelugibeleko harresiak memoria gune berezia dira, han fusilatzen baitzituzten frankistek eurek atxilotutako preso errepublikanoak, garai hartako makina bat iruindarren begiradapean. Belar eta harrizko ingurune horretan, 2006tik urtero omenaldia antolatu ohi du Nafarroako Fusilatuen Senideen Elkarteak. Aurtengoan, diktadurak errepresaliatutako LGTBI komunitatea eta Xabier de Frutos Euskal Milizia Antifaxisten kapitain izan zena omendu dituzte.
Ehunka lagun elkartu dira bertan, eta ordubete inguru iraun du. Ekitaldian, elkarteko kideek izan dute protagonismoa, baina era berean ordezkaritza politiko zabala izan da: besteak beste, UPNko Maria Caballero eta Angel Ansa; PSNko Javier Lekunberri, Kevin Lucero eta Xabier Sagardoi; EH Bilduko Javier Arza; Geroa Baiko Mikel Asiain eta Mikel Armendariz, eta Zurekin Nafarroako Iñigo Rudi —ordubete lehenago, Ezker Batuak ekitaldi bat egin du zezen plazaren aurrean—.
1931ko apirilaren 14aren urteurrenaren harira antolatu ohi dute urtero omenaldia. Efemeride hura gogoan, Joseba Gutierrez Nafarroako Fusilatuen Senideen Elkarteko presidenteordeak azpimarratu du Espainiako Bigarren Errepublikak «ilusioa» piztu zuela, «estatu eredu aldaketa huts bat baino gehiago balioen aldaketa bat ekarri zuelako». Alta, militarren 1936ko estatu kolpeak «tragikoki zapuztu zuen bizikidetza proiektu hura».
Ezkabako ziegak
Aurtengo omenaldian, gogoan izan dute sexu berekoen arteko harremanak gogor zigortu zituztela tropa frankistek 36ko gerraren hasieratik. «Badakigu Nafarroan ere jazarri egin zietela bere genero identitateagatik. Atxilotu, espetxeratu eta laidoztatu egiten zituzten», esan du Gutierrezek. Gainerako presoenengandik bereizita zeuden ziegatan sartu ohi zituzten. «Baieztatu dugu Ezkabako gotorlekuan maritxuen ziega zeritzonean sartu eta umiliatu egiten zituztela».
LGTBI komunitateari egindako aitortza horretan, Gutierrezek azaldu du «etengabeko zigorra» jasan zutela diktaduran. Bi legeren bidez sistematizatu zuen jazarpena, eta lege horien izendapenak berak argi uzten zuen frankismoaren mundu ikuskera: 1954ko alferren eta gaizkileen legea eta 1970eko arriskutsuak gizarteratzeko legea. Hori dena gogoan, Gutierrezek nabarmendu duenez, ekitaldia ez da soilik oroitzeko ariketa bat: «Bere ideien eta nortasunaren defentsan jazarpena eta indarkeria jasan zuten horien guztien aldeko omenaldia ere bada».

Ventura Ruiz aktoreak gidatu du, eta tarteka Navarra Queer Chorus abesbatzak kolorea eman dio ekitaldiari. Unerik hunkigarriena Fermin Arellano corellarraren lekukotza izan da. Bi urte zituela, gerra hasi eta gutxira, frankistek aita eraman eta fusilatu egin zuten. Ondorengo urteetan amak hiru seme-alabei jaten emateko egin behar izan zuen lan guztiaren berri eman du, eta ezin izan dio negarrari eutsi. «Eskerrak eman nahi dizkiet milaka emakume horiei, ditxosozko altxamendu hartako benetako heroiak haiek izan ziren eta».
Xabier de Frutos gogoan
Ekitaldian Ion de la Rivak eta Ainhoa Kareagak parte hartu dute. De la Rivak bere sendiari buruzko ikerketa liburua idatzi zuen —Hondo bikorra du euskarazko izenburua—, eta han agertzen da Xabier de Frutos. Iruñeko Natacion kirol elkartearen sortzaileetako bat izan zen, ilustratzailea, kultur eta kirol sustatzailea eta ezkerreko politikaria. Oso gazte hil zen, 28 urterekin, Madrilen defentsan. Euskal Milizia Antifaxisten kapitain izan zen, eta haren gorpua ez dute aurkitu ordutik.
Ainhoa Kareagak azaldu du Ion de la Rivari esker izan duela haren berri. «Ilusio berezia egiten dit Ionekin hemen egoteak, gure jatorria ezagutzeko haren jakin-minari esker izan dudalako nire senideen berri. Adibidez, nire aitona Fernando Kareaga diplomazialari bilbotarra izan zen. Bizitza salbatzeko Frantzian eta Venezuelan erbesteratu behar izan zuen. Eta nire osaba zaharra, Xabier, zeina gaur hemen omentzen ari baikara». Haren esanetan, zenbaitetan arriskutsua izan daiteke iraganean sakontzea, senide batek zer egin zuen jakitea mingarria izan daiteke eta. «Damua, lotsa edo errua eragin dezake. Zorionez, guretzat hori ez da gertatu. Ionek egindako ikerketak merezi izan du, eta sendia oso harro dago gure jatorriaz».
Ekitaldia amaitutakoan, Nafarroa Beherea etorbideko 11.era joan dira. Hango etxean bizi zen Xabier de Frutos, eta senideek haren omenezko plaka txiki bat ezarri dute. Plakan honako hau irakur diote: Xabier G. De Frutos hemen bizi zen, 1909-07-03; errepublikaren defentsan hila, 1936-11-21. Amaieran, dantzari batek aurresku bat dantzatu du etxeko atarian, dozenaka lagunen begiradapean.
