Franco hil zen, eta...

«Inbertituak» eta «desbideratuak»: diktadura arrakalatu zuten sexu-genero disidentziak

Frankismoak gogor jo zuen LGTBI kolektiboaren aurka. Alferren eta Gaizkileen Legeak propio zigortu zituen homosexualak eta transak. Diktaduraren hondar urteetan, indarra hartu zuten kolektiboaren aldarrikapenek.

1979ko Gay eta Lesbianen Nazioarteko Eguneko manifestazioa, Bilbon, Arriaga paretik pasatzean, ekainaren 22an. EHGAM
1979ko Gay eta Lesbianen Nazioarteko Eguneko manifestazioa, Bilbon, Arriaga paretik pasatzean, ekainaren 22an. EHGAM
Ion Orzaiz.
2025eko azaroaren 9a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Desbideratuak ginela edo burutik gaixo geundela esaten ziguten. Inbertituak, bazterrekoak, anormalak, perbertituak... Homosexualok denetarik entzun behar izaten genuen». Julen Zabala liburuzain eta Ehgameko militanteak hamalau urte besterik ez zuen Franco diktadorea hil zenean, baina «oso oroitzapen biziak» ditu garai hartaz: «Giro soziala oso aurkakoa zen, eta homofobia nonahi zegoen, baina balantzaren beste aldean, zenbait kolektibo hasiak ziren sexu askatasunaren alde, ugalketa eskubideen alde edo antisorgailuen alde borrokan. Hori izan zen mugimenduaren hazia».

LGTBI eskubideei dagokienez, Francoren heriotzak ez zuen, bere horretan, konponbide magikorik ekarri, eta gizartea ez zen egun batetik bestera aldatu, baina zenbait prozesuk bat egin zuten bidegurutze horretan: alde batetik, frankismo garaiko lege errepresiboenetako batzuk malgutzera eta arintzera jo zuen erregimenak, eta, bestetik, mugimendu sozialen goraldi betean, indarra eta oihartzuna hartu zuten LGTBI kolektiboaren aldarrikapenek. Beste kausa askorekin gertatu zen bezala, diktadorearen gainbeherak bat egin zuen kaleko presioaren indarraldiarekin.

Bi hamarkada atzera, bestelakoa zen egoera. 1954. urtean, Francoren gobernuak moldatu egin zuen Alferren eta Gaizkileen Legea. «Aurretik, lege horrek ez zion aipamenik egiten LGTBI kolektiboari, baina Francok propio moldatu zuen testua, honako hauek zigortzeko: ‘homosexualak, gizatxarrak, proxenetak eta eskale profesionalak’. Erregimenak iraingarritzat zituen guztiak, oro har». Oier Santamaria historialariarenak dira hitzak. LGTBI kolektiboak Nafarroan pairatu zuen errepresioa ikertu du Santamariak, eta 1950eko hamarkadako jazarpenean egin du azpimarra: «Alferren eta Gaizkileen Legearen aitzakiarekin atxilotutakoak lan esparruetara edo nekazaritza kolonietara eramaten zituzten. Horrez gain, sorterritik alde egitera ere behartzen zituzten, eta, aske utzita ere, zaintzapean eduki zituzten asko eta asko: batzuk komisarian azaldu behar zuten noizean behin, baldintzapean aske baleude bezala, eta beste zenbaitek polizia bat izaten zuten beti segika».

Jazarpen horren adibide izan zen Alvaro Retana idazle, margolari eta musikari espainiarra. Ezkaba mendiko gotorlekuan eduki zuten preso (Nafarroa), eta, Santamariaren esanetan, espetxeko zaindariek «begitan» hartua zuten, homosexuala izateagatik: «Beste preso batzuen lekukotzei esker jakin dugu tratu berezia ematen ziotela: besteak beste, patioan biluztera behartu eta korrika eginarazten zioten». Historialariak badu Ezkaban preso hartutako gay gehiagoren berri, baina aitortu du «zaila» dela fenomenoa ikertzea, administrazio batzuek uko egiten baitiote garai hartako dokumentazioa publiko egiteari: «PP eta Vox agintean diren erkidegoetan, adibidez, ezinezkoa izan ohi da».

Klandestinitatetik irteten

Lesbianen aurkako jazarpena ez zen hain agerikoa izan, baina sufrimendua eta lotsa eragin zituen berdin-berdin: «Frankismoaren begietara, lesbianak ez ginen existitzen ere», laburbildu du Txaro Berzosak, EMK Euskadiko Mugimendu Komunistako militante eta LGTBI ekintzaile tuterarrak: «Ez zegoen hitz egiterik emakumeen sexualitateaz, tabua zen, eta, hortaz, emakumeen arteko harremanak, are gehiago. Homosexualitatea jazarriagoa egon zen urte horietan, baina lesbianismoari ez ikusiarena egin zitzaion. Era klandestinoan bizi ginen, guretzat ez zegoelako beste aukerarik. Eta gu guztion artean, trans kolektiboa izan zen zapalduena».

Frankismoaren hondar urteetan, joera aldatzen hasi zela esplikatu du Santamariak. Euskal Herrian, gero eta ugariagoak ziren gizarte eragileen eta langileen mobilizazioak, eta kalean, elkarrekin gurutzatu ziren kolektibo eta sektore askoren aldarrikapenak. «1965etik aurrera, borborka hasi zen dena», laburbildu du. Euskal Herrian, Nafarroa eta Bizkaia aitzindari izan ziren borroka horietan. «Intentsitate handiko urteak izan ziren, mugimendu soziala indartsu zebilelako», gehitu du Zabalak. Ehgameko kidearen irudiko, aldaketa hasia zen nabaritzen Franco hil aurretik ere.

Feminismoaren eskutik

1970eko hamarkadaren bukaera aldera hasi ziren kimu horiek guztiak loratzen: 1977. urtean, Imanol Alvarezek eta Antonio Kintanak Ehgam sortu zuten, Euskal Herriko Sexu Askapenerako Mugimendua, eta, beste elkarte eta kolektibo batzuekin batera, LGTBI eskubideen aldeko lehen manifestazioak antolatu zituzten Bilbon. «Urte hartan, Maria Isabel Gutierrez Velasco hilik topatu zuten Basauriko espetxean, eta talde guztiok protesta bat antolatu genuen hori salatzeko. Mugarria izan zen manifestazio hura». 1979an, berriz, polizia batek Vicente Vadillo Francis trabestia hil zuen Errenterian. Horrek gizartean eragin zuen suminak eta hilketaren osteko protesta jendetsuek sendotu egin zuten LGTBI mugimendua Euskal Herrian.

Santamariak, Zabalak eta Berzosak, hirurek nabarmendu dute LGTBI eskubideen aldeko borrokak asko zor diola feminismoari. «Tuteran, beste toki askotan bezala, Koordinakunde Feministaren barruan hasi ginen lesbianismoaren gaia mahai gainean jartzen, eta EMK bezalako alderdi politikoen barruan ere, asko borrokatu behar izan genuen matxismoaren aurka». Bat dator Zabala: «Emakumeen borroka ezinbestekoa izan zen LGTBI kolektiboaren bilakaera ulertzeko. Haiek landatu zuten hazia».

Sexu askatasunaren aldeko borroka, baina, ez zen egun batetik bestera gauzatu. Berzosak gogoratu duenez, Franco hil ostean ere, atxiloketek eta konbertsio terapiek ez zuten etenik izan: «Gauza bat baita legeak aldatzea, eta beste bat, oso bestelakoa, gizartea bera aldatzea». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.