Emilie Martin. Herrira-ko kidea

«Frantzia bere erantzukizunen aitzinean ezarri nahi dut»

Herrira mugimenduaren aurkako sarekadaren ondoren, Martinek uko egin dio Espainiako Auzitegi Nazionalak Madrilera joateko egin eskariari.

BERRIA.
Aitor Renteria.
Baiona
2013ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Nazionalera deitua zen atzo Emilie Martin Herrira mugimenduko kidea. Baionako plazan, Madrilera ez joateko arrazoiak azaldu ditu. Ipar Euskal Herrian egindako lan politikoa dago jomugan. Espainiak euroagindua eskatzen badu eta Frantziak onartu, berezko legez kanporatzea onartuko luke Frantziak, Martinen iritziz. Frantzia bere erantzukizunen aitzinean ezartzeko deliberoa du.

Espainiako Auzitegi Nazionak hara joateko hitzordua jarri zizun Herrira-ren aurkako sarekadaren harira. Ez joatea deliberatu duzu. Zergatik?

Arrazoi anitz badira ez joatea deliberatzeko. Ez dut onartzen Herrira-ko kideei leporatzen digutena. Hemeretzi kide gaude inputaturik, talde armatuko partaide izateagatik edo horren gorazarre egiteagatik. Espainiak bidea ireki du Herrira mugimendua legez kanpo uzteko. Herrira giza eskubideen defentsarako mugimendua da. Euskal preso eta iheslari politikoen giza eskubideen eta itzuleraren defentsan ari da Herrira, bake prozesuaren barnean. Mugimendu gaztea da, baina lan egin du gizarte zabalarekin, edozein elkarterekin, gure aldarrikapenak aitzina eramateko, bake prozesuari laguntza ekartzeko. Espainiak, Herrira legez kanpo utziz, bake prozesuari eraso zuzena egiten dio. Horregatik erabaki dut ez joatea Espainiako Auzitegi Nazionalera, giza eskubideen aurkako auzitegia delako. Egunotan bi makroepaiketa badira Madrilen, herriko tabernen kontra eta Segiren aurka. Tortura salaketak egin dituzte. Tortura erabiltzea permititzen du auzitegiak. Beraz, zilegitasun osoz, ez dut neure burua ikusten hara joaten. Nire eguneroko lana giza eskubideen defentsan ematen dut. Alderantzizko norabideetan gabiltza. Jokin Aranalderen kasua gogoratu nahi dut. Aranaldek urrats bat egin du bi estatuak interpelatzeko, argi eskatu die bake prozesuan ez dezatela gibelera egin.

Frantziaren jarreraz ari zara?

Frantzia ere bere erantzukizunen aitzinean ezarri nahi dut. Herrira-ren afera ez da Espainiarena bakarrik, Frantziarena ere badelako. Orain Frantziak ditu kartak eskuan erabaki bat hartzeko, azaltzeko Herrira-ren aferan zer egin nahi duen. eta horrekin batera, bake prozesuan zein urrats egin nahi duen. Ez da dena Herrira-rekin konponduko edo bukatuko. Frantziak deliberatzen badu ni atxilotzea eta Madrilera eramatea, erran nahiko du onartzen dituela Herrira-ren aurkako prozedura guztiak, eta azkenean, Herrira-ren lana ez dela zilegi. Berezko legez kanporatzea da, aitortu gabekoa.

Ipar Euskal Herrian egindako lana leporatzen dizute. Espainiak deliberatuko ote du lan politikoaren muga Frantziaren eremuan?

Orain arte ez dut publikotasunik izan Hego Euskal Herrian, nire lana hemen egin dudalako. Ez dakit zer aipatuko duten euroaginduan. Aktibatzen baldin badute, delitu guztiak Iparraldean izanen dira. Onartuko ote du Frantziak euroagindu bat Iparraldean egindako lan politikoa epaitzeko? Horrekin etapa berri bat pasatuko zuten. Baina Aurorekin [Martin] egin zuten. Guk eskatzen diogu Frantziako Gobernuari ez lerrokatzea gehiago Espainiarekin eta gelditzea euroaginduen prozedura. Gauza bera eskatzen diogu Paueko Gorteari. Hark ere bere erantzukizunak hartu behar ditu. Ez da behartua euroaginduak onartzera. Bake prozesuaren aldeko bidean ere egin dezake urratsa.

Herrira-ren azken manifestazioan, Baionan, diputatu eta senatari sozialistak zeuden zure ondoan. «Dena da ETA» logika horretan, ez ote da sobera urruti joan?

Auzitegi Nazionalaren logikan, ETA dira edo ETA sostengatzen dute, Herrira ETA baldin bada. Azkenean, gizarte osoa ETA da. Eromena da. Herrira gizarte mugimendu bat da, zabala eta herrikoia. Herrira-k egin ditu manifestazio handienak. Herrira-k ez du inongo batailarik irabazten, gizarteak irabazten ditu. Parot doktrinaren auzia euskal gizarteak irabazi du. Horregatik jarri behar da gizarte osoa prozesuan. Herrira legez kanpo utziz, gizartearen gogoa uzten dute legez kanpo.

Zu zeu, zein egoeratan zaude?

Juridikoki ez da deus. Prozedura bat abian ezartzeko, Frantziako Poliziak atxilotu beharko ninduke lehenik. Espainiako auzitegiak atxilotze eskaera egin beharko du Europa mailan, eta Frantziak aplikatu beharko du. Bi etapa dira, beraz. Ondotik, bataila juridikoa dago Pauen. Oso garrantzitsua izan daiteke, hartzen badugu Aranalderen aurkako auziaren haria. Nazioarteko Giza Eskubideen aldeko ohorezko presidentea zen abokatua. Zuzenean interpelatu zituen epaileak. Prozesuaren aldeko urratsa egin zezatela eskatu zien. Auziraino heltzen badira, Pauen bataila juridikoa egonen da nire kasuarekin.

Horrekin batera, bataila politikoa ere izanen da?

Gizarteak eta eragileek ez dute onartu Herrira legez kanpo ezartzea. Euskal Herriko mugimendua da Herrira, eta Ipar Euskal Herriko eragileek eta gizarteak ezin dute onartu zango bat kentzea. Ez dut uste Iparraldeko gizarteak onartuko lukeenik Herrira-ko kide bat igortzea Madrilera Herrira-ko kide izateagatik.

Herri harresi politiko bat sortuko litzateke orduan?

Ondoko hilabeteetako bataila politiko garrantzitsua izanen da euroaginduaren aurka. Lanabes hori desegin behar da. Presoek jasaten dituzte euroaginduak, iheslariek ere bai. Ipar Euskal Herriko militanteek ere bai. Preso eta iheslarien aldeko dinamika biziki garrantzitsua da, eta hori hankaz gora ezarri nahi dute estatuek. Erantzuna da, Parot doktrinarekin gertatu den bezala, gizartearen nahia aitzinean jartzea eta bataila hori irabaztea.

Ipar Euskal Herriko gero eta herritar gehiago dira Espainiako justiziaren jomugan. Ez dira iheslariak. Ba ote da izenik horien egoera aipatzeko?

Lehen legez kanporatzeak eman zirelarik, jendea hunkitua izan zen. Segiren kasuan hiru militante izan ziren, Askatasunarekin bat, Batasunarekin beste bat; orain Herrira-rekin segitzen dute.Euroaginduak aktibatu dituzte; batzuetan lortu da gelditzea, baina Aurore Madrilera eraman zuten. Egia da, azken hamar urteetan gero eta gehiago direla Madrilera deituak direnak eta han arriskuan direnak. Herrira-ren aurkako erasoa izan zelarik, eragile politikoekin bildu ginen. Ukan ditugun solasaldietan azpimarratu dugu urte eta erdiz elkarrekin egin ditugun ekinbideak. Urrats bat egitea eskatu diegu. Pentsatzen dugu gehiago aktibatu behar direla. Adostasuna helarazi ziguten. Nire ustez, hemengo hautetsi eta eragileak prest dira dinamika horretan sartzeko. Alta, ikusten delarik hemengo diputatu eta senatari sozialistak hori aldarrikatzen eta Frantziako gobernua kontrakoa aplikatzen, egoera surrealista da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.