Euskal presoak

Frantziak erabaki du David Pla Espainiaratzea

Kasazio Auzitegiak atzera bota du defentsaren helegitea. Cachenauten ustez, «lotsagarria» da neurria. Hendaiako herriko etxeak auziari buruzko mozio bat jorratuko du arratsaldean.

David Pla euskal preso ohia, abenduaren 3an, Hendaian. BERRIA
enekoitz esnaola
2019ko abenduaren 19a
10:25
Entzun

Frantziako Kasazio Auzitegiak David Pla euskal preso ohia Espainiaratzea erabaki du, eta, orain, Madrilekin harremanetanjarriko da, entrega nola eta noiz egin aztertzeko. Espainiaratzea ez da berehalakoa izango. Espainiako Auzitegi Nazionalak 2008ko ustezko bilera bategatik egin zuen euroagindu eskaera, ETArekin lotuta. Azaroaren 20an, Parisko Dei Auzitegiko instrukzio aretoak onartu egin zuen eskaera, eta defentsak Kasazio Auzitegira jo zuen, helegitea aurkeztuta. Epaimahaiak atzera bota du Xantiana Cachenaut abokatuaren errekurtsoa.

Pla apirilean geratu zen libre, aurtengo epaiketa bateko zigorra osorik bete ostean, baina Frantziak, bide administratibotik, urtebetez bere lurraldean bizitzeko debekua ezarri zion. Neurria geldirik izan du Espainiaren euroagindu eskaera ebatzi artean.

Madrilen euroagindu eskaerak zekarren Plak 2008ko maiatzaren 17an Mimizanen (Frantzia) bilera bat izan zuela ETAko kide batekin, baina Cachenautek auzi saioan frogatu zuen Pla orduan ez zegoela han, baizik eta Fresnesko espetxean, euskal preso bat bisitatzen. Poliziaren akta bat erakutsi zuen abokatuak. Dena den, froga hori ez zen nahikoa izan Dei Auzitegiak euroagindu eskaera ez onartzeko, eta orain Kasazio Auzitegiak ere bide beretik jo du.

Plak duela egun batzuk BERRIAn adierazi zuen mamian sartu gabe ere bazela euroagindu eskaera atzera botatzeko arrazoirik. Hain zuzen, bi: batetik, Espainiak aipatzen duen gertakaria Frantziako Estatuko lurraldean jazo zen; eta, bestetik, Frantziak, Madrilen akusazio horrengatik Pla 2010eko apirilean atzeman zuenean Hendaian (Lapurdi), prozedura bat zabaldu zuen —gainera, epaileak egun gutxira kargurik gabe aske utzi zuen—. «Orain arte, argudio horiekin, euskal auzietan baztertu egin dituzte euroagindu eskaerak Frantziako bost epaitegitan», zioen euskal preso ohiak.

Cachenauten arabera, «lotsagarria» da Espainiaratzearen erabakia. Haren esanetan, lehen aldia da halako kasu batean horrelako erabaki bat hartu dela Frantzian. Gainera, adierazi du bere azken helegitea aztertu duen epailea errekurtsoa ontzat hartzearen alde zela, baina beste epaileek atzera bota dutela. Joan den astean, Iñaki Reta euskal presoa Espainiaratzea onartu zuen Dei Auzitegiak. 

Espainiako Auzitegi Nazionalak (h)Alboka auzian du sartua Pla, ETAko kide izatea egotzita. Parisek (aurten) akusazio horregatik epaitua eta zigortua duenez, Madrilek orain ezingo luke epaitu delitu bera egotzita.

Hendaian bizi da Pla, familiarekin, eta hango herriko etxeak auziari buruzko mozio bat jorratuko du arratsaldean. 

Josu Urrutikoetxearen euroagindu eskaeren ebazpena, atzeratua

Josu Urrutikoetxea euskal presoaren euroagindu eskaeren ebazpena gaur zen ematekoa Dei Auzitegia, baina atzo esan zuen urtarrilaren 8an emango duela. Auzitegi Nazionalak gizateriaren kontrako krimenengatik (Barajas, 2006) eta herriko tabernen auziarengatik egin ditu eskaerak.

Madrilek bi estradizio eskaera ere eginak ditu, eta erabakia urtarrilaren 8an emango du Parisek, iragarrita zegoen bezala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.