Frantziak legez ezarri nahi du ezkontzak ez dituela ezkontideak sexu harremanak izatera behartzen

Asteazkenean lege proposamen bat onartu zuten Asanblea Nazionalean. Gaur egungo legedian ez da zuzenean aipatzen, baina zenbait epailek hala interpretatu dute dibortzio kasuetan. Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Frantziako estatua zigortu zuen iaz.

Frantziako Asanblea Nazionala, artxiboko irudi batean. BERRIA
Frantziako Asanblea Nazionala, artxiboko irudi batean. BERRIA
jakes goikoetxea
2026ko otsailaren 2a
13:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Berez, Frantziako kode zibilean ez daude jasota «ezkontza eginbeharrak». Ezta balizko eginbehar horiengatik ezkontideak elkarrekin sexu harremanak izatera behartuta daudenik ere. Baina, praktikan, zenbait epailek hala interpretatu dute, eta arrazoi hori baliatu izan dute zenbait dibortzio kasutan, dibortziatzeko arrazoi gisa sexu harremanen falta erabili dutenean. Frantziako Asanblea Nazionalak lege baten bidez argitu nahi du: ezkontzak ez ditu ezkontideak sexu harremanak izatera behartzen. Iragan asteazken gauean aho batez onartu zuten. Senatuak aztertu behar du orain. 

Mugimendu feministak aspalditik eskatu du aldaketa, gaur egungo araudiak eta haren interpretazioak emazteen bortxaketak errazten dituelako eta sexu harremanen onespenaren kontrakoa delako. Zigor kodeak zigortu egiten ditu ezkontzaren barruko bortxaketak, eta legeak sexu harreman guztiek baimenduak izan behar dutela onartzen du; baina, era berean, zenbait familia epailek sexu harremanen falta baliatu dute dibortzioetarako.

«Sexu bortizkeria da»

Frantziako kode zibilak lau betebehar ezartzen dizkie ezkontideei: fideltasuna, elkarri eustea, elkarri laguntzea eta elkarbizitza. Elkarbizitza kontzeptu zabala da. Zenbait epailek interpretatu dute elkarbizitzaren barruan sartzen direla sexu harremanak. Hala ere, gaur egun ezin dute arrazoi hori erabili dibortzioetarako. Zergatik? Giza Eskubideen Europako Auzitegiak atzera bota zuelako iazko urtarrilean. Frantziako estatua zigortu zuen, dibortzio kasu batean auzitegi batek emakume bat errudun izendatu zuelako, senarrarekin sexu harremanik izaten ez zuelako. Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Frantziari esan zion senarrarekin sexu harremanak izateari uko egiten dion emakume bat ezin dela dibortzio baten errudun izendatu.

Argi eta garbi azaldu zion zenbait epaitegik egiten zuten interpretazioa onartezina zela. «Onespenik jasotzen ez duen sexu ekintza oro sexu bortizkeria da», gogoratu zion auzitegiak Frantziako estatuari. «Ezin dugu onartu, [Frantziako] gobernuak iradokitzen duen moduan, ezkontza bati baiezkoa emateak etorkizuneko sexu harremanak onartzea eragiten duenik. Zuribide horrek zigortzeko aukera kenduko lieke ezkontzaren barruko bortxaketei». 

Giza Eskubideen Europako Auzitegira jo zuen emakumearen abokatuak, Lilia Mhissen-ek, eta orduan esan zuen espero zuela epaia mugarria izango zela emakumeen eskubideen alde. Izan ere, guztiz ezabatzen zuen ezkontzetan sexu harremanak izatera behartzeko «ideia»: «Argi eta garbi ezartzen du ezkontza ez dela gerora izan daitezkeen sexu harreman guztientzako onespena, eta sexu harremanek baimenduak izan behar dutela». Mhissenen arabera, gaur egungo legea Eliza katolikoaren eta haren zuzenbide kanonikoaren ondorioa da: «Ezkontzan sexu harremanak inposatzen ditu, ugaltzeko. Ezkontza ez da sexu morrontza».

1804ko artikulua

Urtebete da Giza Eskubideen Europako Auzitegiak epaia eman zuela. Frantziako Asanblea Nazionalak iragan asteazkenean aho batez onartu zuen kode zibila aldatzea. Zehazki, 215. artikulua aldatuko dute. 1804ko artikulua dela gogoratu dio egunotan Mhissenek Huffington Post-i. Aldaketa praktikoa baino gehiago sinbolikoa dela uste du, alkateek artikulu hori irakurtzen baitute ezkontzetan, eta, beraz, artikulua aldatzeak gizartea horretaz jabetzen lagunduko du haren iritziz: «Berez, iaztik ez dago ezkontza eginbeharrik Frantzian, baina, zoritxarrez, ikusten dugu zabalduta dagoela iritzi publikoan: gizon eta emakume askok uste dute ezkontideen artean sexu harremanak izateko betebeharra dagoela». 

Marie-Charlotte Garin (Ekologistak) eta Paul Christophe (Horizons) diputatuek aurkeztu zuten kode zibila aldatzeko lege proposamena. Ezkontza eginbeharrek gizartean indar handia dutela ohartarazi zuen Garinek asteazkeneko saioan, eta onartezina dela oraindik indarrean egotea: «Eginbehar horrek gure legedian jarraitzea baimenduta, azpiratze sistema bat babestu dugu, senarraren harrapatze sistema bat emaztearekiko. Ezkontzak ezin du burbuila bat izan, non sexu harremanak izateko baimena bizitza guztirako jasotzen den». Horregatik, legea aldatu behar dela nabarmendu zuen, ideia hori desagerrarazteko, «bai legetik, bai jendearen pentsamoldetik».

Fideltasuna, oraindik ere betebehar

Christophek gehitu zuen legea aldatzeko eskatu dietela epaileek eta abokatuek. Legea aldatuta, sexu indarkeria prebenitu nahi dute. Inkesta baten emaitzak azaldu zituen: Frantzian lau gizonetik batek uste du normala dela emakumeek sexu harremanak izatea betebehar gisa, eta ez haiek nahi dutelako. «Gure betebeharra da horiei gogoraraztea oker daudela», esan zien Christophek gainerako diputatuei.

Frantziako kode zibilak ezkontideei ezartzen dien betebeharretako bat da fideltasuna. Asteazkeneko saioan proposamen bat egin zuten fideltasuna ere betebeharretatik kentzeko, baina ez zuten onartu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.