Frantziako Gobernua gezurretan ari dela dio Aurore Martinen familiak

Esan du atxiloketa egunean Frantziako Poliziak lau errepide kontrol ezarri zituela Aurore Martinek har zitzakeen bideak ixtekoKlandestinitatean bizi zela dio Vallsek, baina lekukotasunek gezurtatu dute hori

Aitor Renteria.
Baiona
2012ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Aurore Martinen atxiloketa dela eta, Frantziako Gobernua eta bereziki Manuel Valls Barne ministroa gezurretan ari dela berretsi du Martinen familiak. Hiru gezur nabarmentzen ditu Vallsen hitzetan, erran zuelarik Martin klandestinitatean bizi zela, Frantziako Poliziak ez zuela hura bilatzeko agindurik eta errepide kontrola arrunta zela jakinarazi zuelarik. Martinen familiak hainbat dokumentu aurkeztu ditu adierazpen horiek gezurtatzeko, eta jakinarazi du Jendarmeriak lau errepide kontrol ezarri zituela Aurore Martin atxilotu zuten egunean, gurasoen etxera joateko har zitzakeen bide guztiak itxiz.

Azaroaren 5ean Le Parisien egunkarian egindako adierazpenetan, Aurore Martin klandestinitatean bizi zela erran zuen Vallsek. Faltsua dela dio familiak. Hori frogatzeko, Martinek egindako administrazio prozeduren agiriak igorri dizkio prentsari. Bertzeak bertze, azken bi hauteskundeetan bozkatu zuen Maulen, dagokion bozka bulegoan. Horrez gain, nortasun agiria berritzeko eskaria egin zuen Herriko Etxean. Aipatu elementu horiek egia direla dio Mixel Etxebeste Mauleko auzapezak, familiari helarazitako dokumentu ofizial batean. Etxebestek jakinarazi du Herriko Etxean eskatu zuela nortasun agiria berritzea urtarrilaren 16an, eta Olorueko (Biarnoa, Frantzia) suprefeturari helarazi ziola normal-normal. Autoaren karta grisa berritzeko prozedura ere egin zuen Martinek.

Gisa berean, langabezia eskaera egin zuen Martinek Miarritzeko Lan Bulegoan (Lapurdi) apirilaren 25ean. Gizarte laguntzak ere eskatu zituen Martinek, Evelyne Ihigo Kontseilu Nagusiko zerbitzu arduradunak idatziz baieztatu baitu urriaren 22an Donapaleuko (Nafarroa Beherea) bulegoan eskatu zuela laguntza hori. Eskatu laguntza 2014ra arte indarrean egonen dela jakinarazten zion administrazioak gutunean.

Helegite guztiak amaitu arren, poliziak ez zuela Martin bilatzen erran zuen Vallsek. Faltsua dela dio familiak. Izan ere, Martinen gurasoak Maulen bizi dira, Martinen etxea Eiheralarren zegoen (Nafarroa Beherea) eta haren mutil-lagunaren etxea Hazparnen (Lapurdi). 93 kilometroko ibilbide horretan sei jendarmeria daude, eta 40.000 biztanle inguru bizi dira. «Jendarmeria bat dago 6.600 biztanlerentzako, eta ez dugu uste, kopuruak kontuan harturik, poliziak ez zekienik nondik nora zebilen Aurore», azpimarratu du familiak. Hura ez atxilotzeko akordioa zegoela dio familiak, Frantziako gobernuburu ohiaren hitzak gogoraraziz. «Gurutzatzen badugu zerura begiratuko dugu» erran zuen Brice Hortefeux ministro ohiak Canard Enchaine egunkarian. Jarrera aldatu eta hura atxilotzeko, erabaki politiko bat egon dela dio familiak.

Lau kontrol

Martin atxilotu zuen kontrola ez zela arrunta dio familiak. Egun horretan izandako polizia mugimenduen berri jakiteko deia egin zien herritarrei eta eragileei. Horri erantzunez zortzi erantzun ukan dituzte, eta, horien hitzen arabera, Martin atxilotu zuten egunean lau errepide kontrol ezarri zituen Jendarmeriak, har zitzakeen bideak ixteko. Aldi berean ezarri zituzten kontrolak, bi Sarrikota Pean (Zuberoa) Maule-Hazparne arteko bidea zaintzeko, bertze bat Lekuinen Maule Hazparne arteko bidean eta azkena Garindainen (Zuberoa). Han harrapatu zuen Jendarmeriak Aurore Martin, etxetik gurasoen etxera zihoala. Lekukotasuna eman duten zortzi pertsonak prest dira haien lekukotasuna berresteko epailearen aitzinean.

Aurore Martin atxilotu zuten egunean Mauleko Jendarmerian polizia auto ugari zeudela erran du lekuko batek, ez delarik ohikoa. Geroago, goizeko hamaikak aldera, Garindaineko itzulgunean Jendarmeria ezarri zela dio bertze lekuko batek. 14:00 aldera, Mauleko polizia etxeko autoak «ateratzeko prest» zeudela dio bertze batek. Ordu eta erdi geroago, kontrola ezarria zegoen Garindainen. Hogei minutu geroago gelditu zuten Aurore Martin bertan, baina ez zioten isunik ezarri, nahiz eta autoan ez ukan segurantzaren agiria. Jendarmeek ez zituzten gelditzen pasatzen ziren autoak. 16:20ean Martinen autoa ikusi zuen lagun batek, errepide bazterrean. Maulera joan zen galdetzeko, baina ez zuen atzeman.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.