Frantziako Hezkuntza ministroak baxoa euskaraz egin ahal izatea onartuko duela esan die Dufau eta Molac diputatuei

Edouard Geffrayk Peio Dufau eta Paul Molac buru dituen batzordean jakinarazi die. Astelehenean emango ditu xehetasunak.

Seaskaren mobilizazioa, iazko ekainean, Baionan. PATXI BELTZAIZ
Seaskaren mobilizazioa, iazko ekainean, Baionan. PATXI BELTZAIZ
Jakes Goikoetxea - Maite Asensio Lozano
2026ko maiatzaren 21a
19:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Baliteke Frantziako Gobernuak hizkuntza gutxituen irakaskuntzari begira jauzi bat ematea: Edouard Geffray Hezkuntza ministroak tokiko hizkuntzetan egindako azterketak onartzeko eta arautzeko asmoa dutela jakinarazi die Peio Dufau eta Paul Molac diputatuei. Frantziako Asanblean eman du bere asmoen berri, eskualdeko hizkuntzak eta kulturak aztertzeko batzordearen aitzinean —Molac eta Dufau diputatuak ditu buru—.

Dena den, ministroaren asmoa entzunda ere, asteleheneko azalpenen zain daude, ministroak orduan emango baititu bere asmoen zehaztasunak. «Guk ministroaren gogoa entzun dugu, eta gogoa biziki argia da, baina esparrua ikusi behar dugu», esan dio BERRIAri, zuhurtziaz, Dufauk. «Esparru finko bat» nahi dute hurrengo urteetako ikasleentzat, aurreko urteetan izan diren gorabeherarik gabea. 

Ministroak batzordean esandakoa baieztatuz gero, «garrantzitsua» izanen dela nabarmendu du Dufauk. «Gaur egun ez baita estatusik azterketak tokiko hizkuntzetan pasatzeko», azaldu du. Salbuespenak izan dira, «baina urtetik urtera gero eta konplikatuagoa izan da».

Euskaraz ikasten jarraitzeko pizgarria

Garrantzitsua da Seaskako ikastoletako ikasleentzat, baina baita euskaraz eta frantsesez ikasten duten ikasleentzat ere. Dufauk azaldu baitu ikasle horiek baxoa euskaraz egiteko aukera eta bermea baldin badute haur gehiagok jarraituko dutela euskaraz ikasten: «Gaur egun, bigarren mailan, anitzek uzten dute euskara».

Dufauk eta Molacek agiri batean jakinarazi dute ministroarekin izan duten solasaldiaren berri. «Aitzinamendu handia litzateke eskualdeko hizkuntzen aitortzari eta irakaskuntzari begira», adierazi dute. «Azterketak eskualdeko hizkuntzan pasatzeari buruz, badirudi ministroak entzun duela besteak beste Euskal Herrian adierazi duten haserrea».

«Guk ministroaren gogoa entzun dugu, eta gogoa biziki argia da, baina esparrua ikusi behar dugu»

PEIO DUFAU EH Baiko diputatua

Haserre horren adibidea da Baionako Bernat Etxepare lizeoko ikasleek maiatzean egin duten agerraldia, desobedientzia erabaki bat jakinarazteko: matematikako baxoa euskaraz egingo dutela. «Badakigu erabaki honek zer dakarren», onartu zuten, baina esan zuten erabaki kolektiboa dela eta lizeoko komunitatearen babesa dutela. Era berean, Ipar Euskal Herriko hiru hezkuntza sareetako 175 irakaslek eskatu dute Frantziako Hezkuntza Ministerioak errespeta dezala ikasleek baxoa euskaraz pasatzeko eskubidea.

Aipamen berezia

Molacen hitzetan, Frantziako Parlamentuan, Asanblean zein Senatuan egin duten «lan handiaren» ondotik dator ministroaren iragarpena: «Badirudi ministroak hartu diola neurria gure hizkuntzen irakaskuntzaren eta transmisioaren arazoari».

Baxoa euskaraz egin ahal izatea onartu ez ezik, ministroak jakinarazi die baxoa bi hizkuntzetan pasatuko luketen ikasleek aipamen berezi bat izango luketela, baxoa gainditzeaz gain, frantsesa ez den beste hizkuntza batean ere egin dutelako. Dufaurentzat hori «biziki garrantzitsua» da, «agian» ikasle horiei ate gehiago zabalduko lizkiekeelako goi mailako ikasketetarako.

Baxoa euskaraz egitea lorpen handia da. Urrats bat, euskarazko irakaskuntza ziurtatzen laguntzeko. Gogoan izan du Jean-Michel Blanquer Hezkuntza ministro ohia (2017tik 2022ra izan zen ministro). «Sekulako gibelapenak eman zituen euskararen irakaskuntzan, eta arriskua zegoen ministroa aldatuta berriro ere gibelapenak ikusteko». Momentuz, ez da halakorik.  

Molacek eta Dufauk topaketa baliatu dute ministroari hainbat alderditako 50 diputatuk idatzitako gutuna helarazteko. «Murgiltze sareari esleitutako baliabideak urgenteki berrikusteko galdetzen du gutunak, eskualdeko hizkuntzen garapena oztopatzen duten blokeatze administratiboak kentzearekin batera. Dagokien lurraldeetako diputatuen mobilizazio handia ekarri du gaiak». Diputatuen gutunaren garrantzia nabarmendu du Dufauk, ez zelako sekula gertatu. «Alderdiez gaineko mugimendua da», azaldu du.

Estatus berezia nahi dute

Hala ere, azterketen aferaz harago doa hizkuntza gutxituen zaurgarritasuna. Ipar Euskal Herriko hezkuntza eragileek gobernuari eskatua diote hizkuntza gutxituen irakaskuntzari eta murgiltzeari legezkotasuna emango liekeen estatu berezi zabalago bat. Izan ere, egun ez dago horiek arautzen duen esparru legalik. Hain justu, Paul Molac diputatu bretoiaren izena daraman legearen bidez egin nahi izan zituzten urrats batzuk 2021. urteko apirilean: Frantziako Gobernua aurka izan arren, Eskualdeko Hizkuntzen Ondarea Babesteari eta Sustatzeari buruzko Legea onartu zuten. Hizkuntza gutxituen irakaskuntzari esparru finkoago bat eman behar zion legeak, eta ikastetxeen diruztatzean ere eragin behar zuen, baina Frantziako Konstituzio Kontseiluak indargabetu egin zituen punturik esanguratsuenak.

Konstituzioaren 2. artikulura jo zuen kontseiluaren ebazpenak; horren arabera, frantsesa da errepublikako hizkuntza bakarra. Konstituzio Kontseiluak adierazi zuenez, administrazioarekiko edo zerbitzu publikoekiko harremanetan herritarrek ez dute beste hizkuntza bat erabiltzeko eskubiderik. Eta hizkuntza gutxituetako murgiltze ereduak ez ditu 2. artikuluko eskakizunak betetzen, xedea ez baita soilik hizkuntza irakastea: hizkuntza hori bihurtzen da irakas-hizkuntza eta komunikazio hizkuntza nagusi. Hala, Konstituzio Kontseiluaren ebazpenak oso egoera zaurgarrian utzi zuen murgiltze eredua, ebatzi baitzuen hizkuntza gutxituak molde horretan irakastea Frantziako Konstituzioaren kontrakoa dela.

Ebazpenak eragindako korapiloa zirkular baten bidez konpondu zuen gobernuak 2021eko amaieran. Hala, hizkuntza gutxituen murgiltze irakaskuntza arautu zuen Hezkuntza Ministerioak: ikastetxeen esku utzi zuen ikasitako hizkuntza bakoitzari eskainitako denbora, eta adierazi zuen «posible» zela «murgiltze metodoa» erabiltzea; frantsesaren eta hizkuntza gutxituaren «maila bereko ezagutza» jarri zuen baldintza gisa. Konponbide hura, ordea, behin-behinekoa izan zen, eta, bost urte geroago, murgiltzea lege babes egonkorrik gabe dago oraindik.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE