Hiru sareetako 175 irakaslek babestu dute baxoa euskaraz pasatzeko eskubidea

Iragarri dute aurten ere 'ahobizi' eta 'belarriprest' txapak soinean dituztela agertuko direla ahozko handiaren zuzenketara, eta prest agertu dira Leheneko ikasleek pasatu behar duten matematiketako azterketa ere euskaraz zuzentzeko.

Hiru sareetako irakasleen prentsaurrekoa, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU
Hiru sareetako irakasleen prentsaurrekoa, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
2026ko maiatzaren 6a
19:22
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ipar Euskal Herriko hiru hezkuntza sareetako 175 irakaslek eskatu dute Frantziako Hezkuntza Ministerioak errespetatu dezala ikasleek baxoa euskaraz pasatzeko eskubidea. Pirinio Atlantikoetako akademia ikuskaritzak Baionan duen egoitzaren aitzinean elkartu dira, iragartzeko aurten ere ahobizi eta belarriprest txapak soinean dituztela agertuko direla ahozko handiaren zuzenketara. Eta prest agertu dira Leheneko ikasleek pasa behar duten matematiketako azterketa ere euskaraz zuzentzeko. «Irakasle gisa ikasleekiko begirunea eta errespetua ukaitea galdegiten diguzue, desberdintasunak kontuan hartzea, egokitzea; baina aurkakoa egiten duzue. Bada, guk gure sostengua adierazi nahi diegu ikasleei».

Aurten ere batera agertu dira irakasleak: Seaskakoak, sare publikokoak eta pribatu katolikokoak. 2024ko ekainean desobedientziara joko zutela iragarri zuten, eta baxoko ahozko handiko froga euskaraz pasatzeko urrats praktikoa egin zuten ehun bat irakaslek. «Ahobizi txapa gure soinean ikusirik, dozenaka ikasle ahozkoaren parte batean edo zenbait kasutan froga osoan euskaraz aritu ahal izan ziren».

Baina, ordutik, Frantziako hezkuntza administrazioak oztopoak baizik ez ditu jarri. Ahozko handian parte hartu zuten irakasleetako bat Bordelera deitua izan zen, ikasle batek leporatu baitzion euskaraz ez egiteagatik zigortua izan zela. Bordeleko Akademiak ikerketa bat abiaraziko zuela iragarri zuen orduan.

Horrez gain, iazko ekainean irakasle euskaldun bakar bat ere ez zuten deitu ahozkoetara. «Pentsatzen dugu erabaki bat izan zela eta ez kasualitatea; aitzineko urtekoa gerta ez zedin irakasle euskaldun gehienak ahozko handietatik baztertu gintuztela», adierazi dute. Eta galdera egin dute berehala: «Aurten irakasle euskaldunak deituak izanen gara ala iaz bezala baztertuko gaituzue?».

«Irakasleak badira»

Irakasleek berretsi dute arazoa ez dela baliabideetan: «Irakasleak badira zuzenketarako». Izan ere, oroitarazi dute 2019ko baxoaren erreforma aitzin matematiketako azterketa euskaraz pasatzen zutela hala nahi zuten ikasleek. «Arazorik gabe zuzendua zitzaien», oroitarazi dute. «2026an ez da gehiago posible! Jada iragarri digute ikasleek frantsesez dutela konposatu beharko baldin eta zuzenduak izan nahi badute. Atzera goaz», deitoratu dute.

Bigarren Mailako 175 irakasleen babesa nahikoa ez bada, prest agertu dira Lehen Mailako irakasleak ere mobilizatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA