Frantziaren «betiko hertsikeria»

Hizkuntza gutxituen lege eskaria ukatzeko Frantziako Gobernuak eman zioak deitoratu dituzte eragileek

Milaka herritarrek euskararen ofizialtasuna aldarrikatu zuten Baionan egindako Deiadar manifestazioan, 2009ko urriaren 24an. GAIZKA IROZ.
Aitor Renteria.
Baiona
2011ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Frantzian ez dela eskubide berezirik duen talderik erran du Luc Chatel Frantziako Hezkuntza ministroak Frantziako Parlamentuan, hizkuntza gutxituen lege proposamena eztabaidatzeko eskatu diotelarik gobernuari. Euskalgintzako gizarte eragileen aburuz, tamalgarria da Frantziak historikoki atxiki duen jarrera, hizkuntza gutxituei estatus ofiziala ukatuz. Hizkuntza eskubideak legez aitortzeko saio guztiei uko egin die Frantziak, nazioartetik jasotako gomendioei ere uko eginez.

Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren iritziz, Frantziako Gobernuak azken urteotan ukan duen jarrera berretsi dute Chatelen adierazpenek. Batetik, legearen barnean gehiago egin daitekeela dio Frantziak, eta, bertzetik, Konstituzioan jada egindako aldaketa aski dela. Behatokiak gogora ekarri du Nazio Batuen Erakundeak eskaera egin ziola 2008an Frantziari Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Nazioarteko ituna izenpetzeko. «Frantziari argi adierazi zioten gomendioak bete behar zituela eta ez zituela gutxiengoen hizkuntza eskubideak errespetatzen», oroitu du Behatokiko Ipar Euskal Herriko arduradunak, Ione Josiek. Berdintasun irizpidearen izenean diskriminazio sistema atxikitzea leporatu zion Frantziari NBEk.

Behatokiaren iritziz, Frantziako Konstituzioak hizkuntza eskubideak ez aitortzeak ez du esan nahi eskubide horiek existitzen ez direnik. Kari horretar,a gogorarazi du Frantziako Konstituzioaren aldaketa egin zelarik Behatokiak plazaratu oharra. Errepublikaren hizkuntza «bakarra» frantsesa dela dio 2. artikuluak. «Bakar» horrek frantsesari aitortzen dio bertze hizkuntzei aitortzen ez dien estatusa, eta, ondorioz, 75-1. artikuluan eskualdeetako hizkuntzak Frantziako ondare direla aipatzeak ez du eraginkortasunik. «Lege aldetik mamirik ez duen aipamen formala baino ez da», dio Josiek.

Frantziako Gobernuaren jarreran aldaketarik ez dagoela dio Jakes Bortairu AEK-ko Ipar Euskal Herriko arduradun eta Euskal Konfederazioko kideak ere. Ofizialtasuna edo lege aitortza eskatzeko ekimen ugari egin dira azken urteotan, eta guztiek jaso dute Frantziaren ezetza. Lehenik Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak eta ondoren ministroek, hizkuntza gutxituen aldeko legea eginen zutela adierazi zuten. Emandako hitz hori jan dutela dio Bortairuk. «Betiko hertsikeria erakusten duten argudioak baliatu ditu Luc Chatel ministroak». Lege aitortzaren aldeko ahotsak gero eta gehiago direla azpimarratu du Bortairuk. Hizkuntzen gaia arazo bihurtu da Frantziako Gobernuarentzat, eta gaizki egon hori ezin dutela kukutu nabarmendu du. Esaterako, euskalgintzak milaka lagun bildu zituen Baionako karriketan Deiadar manifestazioan 2009ko urriaren 24an. Ofizialtasuna eta lege babesa eskatu zituzten. Frantziako Gobernuak, Chatelen ahotik, ukatu egin ditu.

Betiko ukazioa

Frantziak ohiko jarrera bortitza atxikitzen duela dio Xabi Larralde Batasunako kideak ere. Gogorarazi du Europan hizkuntza gutxituen ituna berretsi ez duten bakarrenetarikoa dela Frantzia, eta, gisa berean, ez duela izenpetu NBEren gutxiengoen ituna. Erdipurdiko jarrerek ez dutela baliorik dio Larraldek. «Eskubidea eskubide bada, errespetatzen da edo urratu. Marra gorria hizkuntzaren ofizialtasuna da eta hori lortu behar da eskubidea bermatzeko»

Chatelen hitzak entzun ondoren, Frantziako Konstituzioan eragindako aldaketak lege funtsik ez duela dio Andde Saint-Mariek, ABko bozeramaileak. Konstituzioko aipamena eskubiderik aitortzen ez duen zepoa dela dio, eta 2. artikulua baliogabetzeko eskatu du Saint-Mariek. EEPk egindako lana bistakoa dela aitortzen du, baina eskumenak mugatuak dituela gaineratu du. Azkenik, haien alderdien barnean hizkuntza gutxituen aldeko jarrera indartzeko eskatu die eragile politikoei. «Hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaia da, hizkuntza eskubideen alorrean ere bai».

Frantziako Gobernuaren jarrera adierazgarria dela dio Beñat Oteizak EAJren izenean. «Eredua ez da aldatu Frantziako iraultzaren garaitik, orduan bezala berdintasun eskubidea bakar bati aitortzen diote orain, bertze guztien eskubideak deuseztuz».

Frantziako Konstituzioak aldi berean gauza bat etaharen kontrakoa erran ditzakeela uste du Alice Leiziagezahar Berdeetako Akitaniako kontseilariak. Ustez onartzen diren eskubideak hierarkia baten araberako erabakietan indartzen edo deuseztatzen dira. Horren aitzinean babes handiagoa behar dela dio. Hizkuntza gutxituen «ofizialtasuna eta lege babesa» aldarrikatzen ditu babes horren oinarri gisa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.